Turismoari zentzua jartzen

Turismoari zentzua jartzen

Beñat Alberdi

Aste Santuak ezohiko irudiak utzi zituen Gipuzkoan. Izan ere, lepo bete ziren lehen jende pilaketa handiegirik izaten ez zuten hainbat gune. Eta zer esanik ez autokarabanentzako guneak aipatuta. Oñatin, adibideetako bi dira Arantzazuko santutegia eta Araotz auzoa. Masifikazioak arazoak sortu dizkie auzokideei, eta, horren jakitun, turismoa erregulatzeko neurriak hartu ditu Oñatiko Udalak. Xabier Igartua Turismo zinegotziak argitu duenez, kontua ez da bisitariei hara joateko debekua ezartzea, “elkarbizitzarako gutxienekoak zehaztea baizik. Zentzuzko turismoak ez dezala eragin auzokideengan”.

Arantzazuk badauka erakarpen indar bat, izan erlijiosoa —are gehiago Aste Santuan—, edo izan naturzalea, Oñatiko mendi inguruak bisitatzeko gune nagusia baita. Urte osoan izaten ditu bisitariak, baina azkenaldian mugak gainditzen ari ziren zantzuak zeuzkaten udaleko arduradunek: “Zegama-Aizkorri mendi maratoia jokatu izan dutenetan edo elurra egin izan duenean, argi ikusi izan dugu autokarabanaz edo furgonetaz bete izan dela dena”, azaldu du Igartuak. Arantzazuri Araotz auzoa ere gehitu behar zaio turisten interes zerrendan. Eskalatzaileen ohiko topagunea izaten da, baina inguru horretara bisitari eskerga eraman dute, esaterako, Aitzulok eta Orkatzategik, Araotzetik gertu dauden bi gunek.

AUTOKARABANAK OÑATIN

Aste Santuan okertu egin zen, gainera, egoera. Turistek hartu zituzten errepideak, aparkalekuak eta aparkalekuak ez zirenak, eta ilara handiak sortu ziren mendira bidean. Batetik, autokarabanekin bete ziren aparkaleku guztiak, kasu batzuetan lau bat auto sartuko liratekeen tokia hartuz. Bestetik, bisitan zihoazenek ahal izan zuten tokian utzi zuten autoa, berez horretarako aukerarik izan ez arren. Auzokideengan arazoak sortu zituen bisitarien erabaki horrek, eta euren autoa atera ezinik gelditu ziren horietako batzuk. Arriskua ere esan nahi du autoen pilaketak; besteak beste, anbulantziak pasatu ezinik geldituko liratekeelako larrialdi egoera batean. Eta, azkenik, autokarabana eta auto pilaketez gain, auto ilara luzeak sortu ziren errepidean.

Turismo zinegotziak argi utzi nahi izan du, jazotakoak jazota, egoera “erregulatu” nahi izan duela udalak. Arantzazun, esaterako, bost metroko luzera baino gehiago duten autoentzako 26 aparkaleku prestatu dituzte, eta debekatuta dago autokarabanak gune horretatik kanpo uztea. Araotzen, berriz, aparkatzerik ez dagoen tokiak markatu dituzte.

OÑATIKO ARAOTZ AUZOA

Horrez gain, azken asteotan, data seinalatuetan, langileak jarri dituzte errepidean, aparkalekuak beteta daudela denei jakinarazteko eta berriz ere Oñatira bideratzeko. Izan ere, autokarabanentzako gunea dauka Oñatik eta beste hainbat aparkaleku ere bai autoentzako. Autoa edo autokarabana herrian aparkatzeko eta autobusez igotzeko aukera ere eskaini zuten; autobus zerbitzua indartu zuten horretarako.

“Proba pilotua” izan da trafikoa erregulatzea, eta “balorazio positiboa” egin du Igartua Oñatiko zinegotziak: “Turismoak onurak ekartzen ditu, baina beste herritar batzuei arazoak sortzen badizkie, ez da ona herriarentzat”.

Neurriekin, emaitza onak

Zinegotziak helburuen arabera baloratu ditu hartutako neurriak. Haren hitzetan, lehena zen “auzotarren segurtasuna bermatzea”; hau da, larrialdirik balitz, anbulantziak, adibidez, arazorik gabe heldu ahal izatea. “Aste Santu aurretik aztertu genuen egoera, eta bagenekien neurririk hartu ezean errepikatu egingo zela”. Horregatik, pozik dago hartutako neurriekin. “Arazoa konpondu daitekeela ikusi dugu”.

Beste helburu bat zen pilaketak ekiditea. Mugatu egin zuten aparkalekuen edukiera, eta horrek komertzioetan ez duela eragin txarrik izan ikusi dute. “Aurreko urteetako Aste Santu batzuetan beste lan izan dute”, zehaztu du Igartuak. Bestalde, jendea herrira bideratuta, beste oporraldi batzuetan baino lan gehiago izan dute turismo bulegoko langileek eta ostalariek. “Balorazioa ona da. Debekurik gabe lortu dugu turistak beste toki batzuetara bideratzea”.

Aurrera begira, ikusiko dute zer neurri hartuko dituzten, “ez delako gauza bera mugikortasuna lurralde historikora edo herrira mugatuta egotea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.