Donostian ez da izango Gipuzkoa plazako azokarik

Liburuaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak aurten ez dira ohikoak izango Gipuzkoako hiriburuan, Donostian. Gipuzkoa plazan liburu azoka jartzen dute urtero-urtero, baina, pandemiaren eraginez, aurten ez da izango azokarik.

Hori bai, “irakurleak ardatz hartuta”, Donostia Kulturak hainbat jarduera antolatu ditu gaurko. Besteren artean, gaurtik aurrera udal liburutegietara hurbiltzen diren irakurle guztiei Miren Asiain ilustratzaileak egindako orri markagailua emango diete. Horrez gain, irakurzaletasuna bultzatzeko eta erabiltzaileen fideltasuna saritzeko, udal liburutegiko hogei irakurle onenak sarituko dituzte, hamar haur eta hamar heldu. Bakoitzari diploma bat eta liburuak erosteko 30 euroko bonu bana emango diete.

Ekitaldiei dagokienez, Donostia Kulturak hainbat saio egingo ditu bere irratian eta Youtubeko kanalean. Besteren artean, Ispilu Beltza irratsaioa eskainiko dute gaur, 08:00etatik 10:00etara, eta Martin Ugalderen ipuinak saioa ere bai gero, Garbiñe Ubeda, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Inazio Mujika, Garazi Kamio eta Koldo Izagirreren lankidetzarekin. Youtubeko kanalean, Liburu Challenge 2.0 erronkan murgilduko dira Markel Sainz, Xanti Korkostegi eta Lorea Intxausti, 08:00etatik aurrera. Liburu Baby Kluba ere izango da sarean, 0-3 urte arteko haurrentzat.

Ana Galarragaren eskutik, berriz, Bizitzaren laborategia emanaldia izango da, 18:00etan, liburutegi nagusian, San Jeronimo kalean, 6-8 urte arteko haurrentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.