Liburuak txerto bihurtuta

Liburuak txerto bihurtuta

Unai Zubeldia

“Ez dira betiko garai onenak…”. Hala diote Hertzainak taldearen Aitormena abestiaren hitzek. Eta kultur arloan ere hala dio errealitateak. Kulturarentzat ere ez dira garairik onenak. “Baina, ahal dugun moduan, aurrera egiten saiatzen ari gara”, esan du Marian Mateos Irungo Udaleko kultur programaziorako teknikariak. Gizarteko gainerako esparru guztiek bezala, kultur arloak ere urtebete baino gehiago darama jada COVID-19ak eragindako pandemia giroan murgilduta. Baina horrek ez du deuseztatu kultur arloko langileen grina. Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta, egun seinalatu hori aitzakia gisa hartuta, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte herriz herri.

Irunen, esaterako. “Horrelako egoera batean ez da erraza ezer antolatzea, baina iaz, eremu askotan, oso hutsik gelditu zen gure proposamena, eta horregatik ari gara saiatzen poliki-poliki gauzak egiten”, dio Mateosek. Hori bai, haren hitzetan, hasiera batean buruan zeukaten programa “birplanteatu” egin behar izan dute. “Barne hausnarketa bat egin genuen, eta beste formatu batzuk bilatu behar izan ditugu prest geneuzkan ekintza horiek gauzatzeko”. Iaz, pandemiaren hasierarekin bat eginda, apiriletik urrira atzeratu zuten Liburuaren Nazioarteko Eguneko azoka. “Urrian ospatzen den Emakume Idazleen Eguna baliatu genuen horretarako”, zehaztu du Mateosek berak.

Aurten ostiralarekin egokitu da Liburuaren Nazioarteko Eguna. “Eta Irungo Tinta Comics eta Elkar liburu dendekin hitz eginda, jarduerak asteburu guztira zabaltzea erabaki genuen, haientzat garrantzitsua delako azoka hau, eta azken hilabeteotan dezente sufritzen ari direlako”. Gaur 10:00etan zabalduko dute liburu azoka, Zabaltza plazan —ehun metro koadro izango ditu gune nagusiak, eta 50 metro koadroko beste haima bat ere prestatuko dute—; gaur eta bihar 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da Zabaltza plazako azoka nagusia, eta etzi, igandean, 10:00etatik 15:00etara. “Liburu dendentzat oso garrantzitsua da erakusleiho bat izatea, eta eskertuko dute ikusgarritasun hori”.

Hainbat kultur diziplina uztartuta, bi erakusketa txikirekin apainduko dituzte azoka nagusia eta ondoko karpa: gune nagusian omenaldi txiki bat egingo diote Edward Rosseti, Oskarbi idazleen elkarteko kide zenari —martxoaren 27an hil zen, Irunen—, haren zenbait libururen azalak erreproduzituta, eta ondoko karpan, berriz, Alicia Cebrian, Alvaro Martinez Bueno, Angel Unzueta, Aritz Trueba, Arkaitz Gonzalez, Dani Ruiz eta beste hainbat ilustratzaileren lanak egongo dira ikusgai. Bestela ezin, eta azokan zorrotz zainduko dituzte osasun neurri guztiak: segurtasun distantzia, edukiera, maskarak, gel hidroalkoholikoa…

Irungoa, gainera, ez da izango liburu azoka soila. “Aspalditik genbiltzan dinamizazio lana egin nahian, eta umeentzako tailerrak, ipuin kontalariak eta liburuak aurkezteko eta sinatzeko ekitaldiak ere izango ditugu, besteak beste”. Zabaltza plazako azokaz gain, ondoko bi karpa, CBA udal liburutegia, Oiasso Erromatar Museoa eta Amaia kultur zentroa ere baliatuko dituzte ekintzak garatzeko. Aurtengo kartela, berriz, Lorena Martinez Oronoz marrazkilari irundarrak egin du, iazkoari jarraipena emanda.

Irakurketa publikoa

Urteroko moduan, irakurketa publikoa izango da lehen ekitaldi nagusia, gaur bertan, 10:00etan, CBA udal liburutegian: Miguel de Cervantesen El Quijote eta Karmele Jaioren Aitaren Etxea irakurriko dituzte boz gora —parte hartzeko, hitzordua hartu behar da aldez aurretik, CBAra deituta—. Liburuaren Nazioarteko Egunari lotuta, asteartean egin zuten lehen ekitaldia, CBAn bertan: Javier Canteli Ablanedok, Leticia Vergara Perezek eta Javier Sistiaga Condek errezitaldi bat eskaini zuten Charles Baudelaire poetaren jaiotzaren bigarren mendeurrenean, Esther Barandiaran Amillano pianistak lagunduta.

Indarrean hasi eta indarrean amaituko da azoka, Eider Perezek eta Leire Etxezarretak poesia, musika eta bertsoa uztartuko dituztelako Andre eta jabe ikuskizunarekin, etzi, 12:00etan, Oiasso Erromatar Museoan; emakumezko euskal olerkarien bizitzak eta ahotsak nabarmenduko dituzte emanaldi horretan —gonbidapena beharko da saioa ikusteko—.

Horrez gain, azokaren azken egunean, Roman Huarte idazle irundarrak bere azken liburua aurkeztuko du Amaia kultur zentroan, 18:00etan: Mary Ann se aparece (Mary Ann agertzen da). Santiagoko Deabruak kultur elkarteak girotuko du aurkezpena, eta literaturari eta izuari buruzko mahai inguru bat ere egingo dute. Huartek berak, Virginia Gasullek, Bakarne Atxukarrok, Itziar Sistiagak eta Laura Balaguek parte hartuko dute mahai inguru horretan —Amaia KZn gonbidapenak eskuratu beharko dira emanaldi hori ikusteko—.

Teknologia berriak gailentzen ari diren garaian, Mateosen ustez ezinbestekoa da horrelako egunetan liburuaren eta horren inguruan mugitzen den guztiaren garrantzia azpimarratzea. “Baina ez urtean behin bakarrik. Liburuaren Nazioarteko Eguna erakusleihoa da azken batean, baina liburutegian bertan urte guztian ekintza asko antolatzen ditugu irakurketarako zaletasuna bultzatzeko”.

Gutxigatik bada ere, Irun aste honetan ez da sartu gune gorrian oraindik —100.000 biztanleko 377 positiboko intzidentzia tasa zeukan astelehenean—, baina Mateosek badaki Gipuzkoaren egungo egoerak eragin dezakeela bisitari kopuruan. Horren erakusgarri, eremu gorrian daude Hondarribia, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Donostia… Eta Irunekin muga egiten duten beste hainbat herrik ere itxita dauzkate mugak: Lesakak (Nafarroa), Biriatuk (Lapurdi), Hendaiak (Lapurdi), Urruñak (Lapurdi)… “Gauden egoeran gaude, baina segurtasuna bermatzen dugulako egin dugu guk aurrera. Karpa itxi bat edukiko dugu, eta hor zorrotz kontrolatuko dugu dena”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.