Ordaintzen ez diren zergen arrastoan

Ordaintzen ez diren zergen arrastoan

Miren Garate

Seinale ona al da azaleratutako zerga iruzurra handia izatea? Edo harrapatzeke ere asko dagoen seinale da? Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailaren datuen arabera, iaz 225,8 milioi euroko iruzurra hauteman zuten. Kopuru hori existitzen den zerga iruzurraren zenbateko ehunekoa izan daitekeen galdetuta, hori jakitea “oso zaila” dela esan du Irune Iarza Ogasun zuzendariak. “Kontzientziazioaren arloan lan handia ari gara egiten, baina lan horren emaitza ezin dugu dirutan jarri. Nire ustez, kopuru handiak azaleratzea ona da; hau da, lana ondo egiten dugula esan nahi du”.

Diru sarrerak ezkutatzea, egon ez diren gastuak zuritzeko faktura faltsuak aurkeztea, ezkutuko ekonomian aritzea, ondarea ez aitortzea eta beste hainbat modu daude ogasunari iruzur egiteko. Azkeneko urteetako datuei erreparatuz gero, ikusten da gorabeherak daudela, eta ezin dela esan zerga jakin bati lotuak izaten direnik iruzurrik gehienak, nahiz eta azkeneko bi urteetan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) eta ondarearen gaineko zergan atzeman dituzten kasurik gehienak —ikuskapenean ere, esku hartze gehienak atal horretan egiten dira; %40 inguru joan den urtean—.

irudia_ikusi

Hain zuzen, hasi berria da 2020ko errenta kanpaina, eta ekain amaierara arteko epea izango dute zergadunek iaz soldatekin, pentsioekin, ondasun higiezinekin, kapital higigarriekin eta abar edukitako etekinak aitortzeko. “Guztia araututa dago, baina beti egongo da zerga gutxiago ordaintzeko moduak bilatuko dituen jendea. Hala ere, gehienok ordaindu beharrekoa ondo ordaintzen dugula esango nuke”.

Teknologiaren garrantzia

Saihestu diren zergak harrapatzeko zereginean lau bitarteko nagusi dituztela esan du Iarzak: teknologia, informazioa, pertsonak eta kontzientziazioa. Gero eta pisu handiagoa ari da hartzen teknologia. “Asko laguntzen digu informazioa aztertzen, kudeatzen eta abar”. Ticket Bai programa jarri du adibidetzat. Bizkaiarekin eta Arabarekin batera, urteak daramatza Gipuzkoako Foru Aldundiak hura prestatzen, eta, azkenean, datorren urtean jarriko du martxan. Hau da, jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisiko eta juridikoek —autonomoek, komertzioek, enpresek…— fakturazio software bat erabili beharko dute, fakturak manipulatzea edo ezabatzea eragozten duena. Borondatez erabil daiteke aurtengo urtarriletik, baina derrigorrezko bihurtuko da 2022an. “Asko lagunduko digu eskudirutan egiten diren salmentetako iruzurra gutxitzen”.

Era berean, Iarzak esan du big data-rekin, adimen artifizialarekin eta konputazio kuantikoarekin zerikusia duten proiektu batzuk ere badituztela esku artean. Iazko urte amaieran sortu zuten Gipuzkoan Estrategia Teknologikoko Unitatea, eta, besteak beste, bi funtzio ditu: alde batetik, eragin fiskala duen edozein informazio mota aztertzeko beharrezkoak diren tresna informatikoak lantzea; eta, bestetik, zerga administrazioaren modernizazioa eta eraldaketa digitala bultzatzea. Unitate horrek iruzurraren aurkako borrokan “eraginkorragoak” izaten lagunduko duela dio Ogasun zuzendariak.

Teknologiarekin estu-estu lotuta, haren esanetan, “informazioa” da zerga iruzurrari aurre egiteko beste gakoetako bat, are gehiago ekonomia guztiz globalizatuta dagoen garaiotan. Ogasunak inguruko administrazioekin eta nazioartekoekin dituen hitzarmenen garrantzia aipatu du, eta beharrezko jo du bide horretan sakontzen jarraitzea.

Pertsonei dagokienez, lantaldearen “prestakuntza maila” goraipatu du. 81 ikuskatzaile daude Gipuzkoan, eta, haiek egiten dituzten esku hartzeak garrantzitsuak izanik ere, adierazi du ogasun arloan lan egiten duten guztiek detektatzen dituztela iruzurrak. “Datu asko begiratzen dituzte, eta, inkoherentziaren bat ikusiz gero, horren berri ematen dute”.

Azkenik, “kontzientziazioa” da Ogasunarentzat zerga iruzurrari aurre egiteko estrategiaren barruan beste adar esanguratsuena. Ikastetxeetara eta unibertsitateetara joan ohi dira, unitate didaktiko baten bidez Ogasunak zer lan egiten duen eta zergak zergatik ordaindu behar diren azaltzeko. “Gipuzkoan daukagun ongizate maila izateko dirua zergetatik ateratzen dugula esplikatzen diegu. Gizarteak zigor bat bezala ikusi izan ditu zergak, baina betebehar moduan hartu behar ditugu”. Arlo horretan aurrerapausoak izan direla uste du. “Lehen, nolabait esateko, iruzurra egiten zuena ez genuen hain gaizki ikusten, baina hori aldatzen ari da”. Duela urte batzuetatik, herritarrek ere badute modu anonimoan zerga iruzurrari lotutako iruzurren berri emateko aukera. Informazioa jasotzeko beste bide bat dela esan du Iarzak, eta egoten direla salaketa batzuk, nahiz eta ez gauden ” oso ohituak” halakoak egitera.

Iruzurrari lotutako zigorrak

Eta, iruzurra harrapatutakoan, zer? Zenbatekoak izaten dira zigorrak? Ondorio berberak al ditu BEZean 30.000 euroko iruzurra egiteak edo kopuru berekoa sozietate zergan egiteak? “Kasuz kasu ikusi behar izaten da iruzurra zergatik egon den, araudiak zer dioen, eta hori guztia aztertuta jartzen dira isunak eta ordaindu beharreko interesak”. Izaten dira nahi gabe edo ezjakintasunagatik egindako iruzurrak ere. Horiek barkatzen al diren galdetuta, kasu batzuetan, gaizki egindakoak “zuzendu” egiten direla azaldu du. “Baina, barkatu-barkatu, ez ditugu egiten; zergak ordaindu egin behar dira”.

Lauzpabost urtera preskribatu ohi dira delituak. Esate baterako, enpresa handiek egindako delitu gutxiago azaleratu ohi dituztela aipatu du Iarzak, baina topatzen dituztenak handiagoak izan ohi direla dirutan; alderantziz izaten da BEZean, dirutan txikiagoak baina gehiago izaten baitira. Isun ekonomikoaz gain, zigortzeko beste modu bat ere badu Ogasunak: publiko egiten du milioi batetik gorako zorra dutenen zerrenda. Iazko uztailean argitaratu zuen azkena, eta 53 izen ageri ziren. Guztien artean 292 milioi euro zor zituzten.

Kontuan hartzekoa da ingeniaritza fiskalaren gaia ere, legearen mugetan, haren zirrikituak baliatuz, batik bat enpresa eta ondare handiak dituztenek ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko egiten duten ahalegina. Zaku horretan sar daitezke paradisu fiskalak, Sicavak eta abar. “Paradisu fiskalak hor daude, eta guk ezin ditugu kendu; horregatik, aipatu bezala, zergadun horien gaineko informazioa jasotzea oso garrantzitsua izaten da guretzat, jarraipena egiteko, eta zergak ordaindu behar badituzte, ordain ditzaten”.

Besteak beste, esan du Suitzarekin badutela informazioa trukatzeko akordio bat, eta atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruzko aitorpena egiteko 720 eredua ere baliagarritzat jo du informazioa jasotzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.