“Oso erritmo onean” hasi da aurtengo errenta kanpaina

M. Garate

Errenta kanpainan bete-betean sartuta dago Gipuzkoa ere: apirilaren 12an ireki zuten autolikidazio proposamenak onartzeko epea, eta astelehenaz geroztik zabalik daude Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun eta Tolosako bulegoak ere, modalitate mekanizatua aukeratzen dutenentzat. Hain zuzen, 120 lagun ariko dira arreta presentzialean lanean. Aldundiak dituen aurreikuspenen arabera, 292,1 milioi euro itzuliko ditu aurtengo kanpainan, eta 273,2 milioi euro jasoko; hau da, 18,9 milioi euroko saldo negatiboa izango du. Aurreko urtearekin alderatuta, 39 milioi euro txikiagoa da kopurua, Jokin Perona Ogasun diputatuaren esanetan, “pandemiaren eraginez”. Ekainaren 30era arteko epea dago errenta aitorpena egiteko.

Hainbat aldaketa daude aurten; besteak beste, aitorpena egin beharrik ez izateko muga 12.000 eurotik 14.000 eurora igo dute; ordaintzaile bat baino gehiagoko kasuetan, 20.000 euroko muga ezarri da, betiere bigarren eta gainerako ordaintzaileen partetik jasotako kopuruak 2.000 euro baino txikiagoak badira; eta, COVID-19arekin lotuta, EAEko administrazioek eman dituzten laguntzak salbuetsita egongo dira. Hala, iaz baino 2.027 aitorpen gutxiago jasoko duela kalkulatu du Ogasunak, 382.000 guztira.

Kanpainaren lehen balorazioa ere egin du, dagoeneko, Peronak. Esan du “indartsu” hasi dela modalitate guztietan, eta “oso erritmo onean” doala. Autolikidazioak onartzeko epea zabaldu zenetik astebetera, bidalitako proposamenen %35,85 onartuta zeuden. Horri lotuta, Ogasunak duen garapen teknologia goraipatu du. “[Espainiako] Estatuan, informazio guztia lainoan duen lehenengo zerga administrazioa gara, eta, gaur-gaurkoz bakarra”.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainarekin batera,hasita dago ondarearen gaineko zergarena ere. Ez dago aparteko aldaketarik araudian. Zergabidea plataformaren bidez egin beharko da, eta ekainaren 30a izango da azken eguna. Zerga horren bidez 59,5 milioi euro jasotzea kalkulatzen du Ogasunak, joan den urtean baino 7,5 milioi euro gutxiago. 7.900 zergadunek aurkeztuko dute ondarearen gaineko zerga, eta, batez beste, 7.527 euro ordainduko ditu horietako bakoitzak.

Euskara erabiltzeko deia

Iaz, 65.000 herritarrek aurkeztu zuten errenta aitorpena euskaraz, eta aurten 80.000 herritarrek dute eskatua ogasunarekin harremana euskaraz izatea. Aldundiaren helburua kopuru horrek gora egitea da, eta erronka bat ere finkatua du:2023rako 100.000 herritar izatea ogasunarekin euskaraz egiten dutenak.

Errenta kanpaina euskararen aldeko hautua egiteko “aukera ona” dela esan du Peronak, eta herritarrei gogoratu die zerga administrazioa prest dagoela telefono, Internet zein telefono bidezko arreta zerbitzua euskaraz emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.