Zaira Garcia: “Erabat lotuta daude giza eskubideak eta ingurumena”

Zaira Garcia: “Erabat lotuta daude giza eskubideak eta ingurumena”

Miren Garate

Giza Eskubideen Zinemaldiaren jardunaldi paraleloen barruan, Giza Eskubideen Aldeko Pedagogia Baliabideen Azoka izango da bihar, astelehenean eta asteartean, Donostian. Eskura Aieteko Giza Eskubideen Aldeko Pedagogia Baliabideen Zentroak antolatu du, eta ingurumena eta giza eskubideak izango ditu ardatz. Aurrez aurre —doan, baina gonbidapenekin— eta telematikoki jarraitu ahal izango da azoka. Zaira Garcia (Donostia, 1991) zentroko koordinatzaileak kontatu du film proiekzio batekin, mahai inguruekin eta aurkezpenekin osatu dutela egitaraua.

Hirugarren aldiz antolatuko duzue Giza Eskubideen Aldeko Pedagogia Baliabideen Azoka. Zer helburu ditu?

Azokaren helburua da giza eskubideen inguruan aritzen diren bertako adituek, aktibistek eta arlo horretan nahasita dauden pertsonek beren esperientziak edo sortu dituzten proiektuak azaltzeko aukera izatea, eta, horrekin batera, beraien artean saretzen laguntzea.

Norentzat da azoka?

Giza eskubideen arloan dihardutenak ez ezik, ingurumenarekin zerikusia duten gaietan aritzen diren profesionalak, ikasleak, teknikariak eta abar ere animatzen ditugu parte hartzera.

Zer motatako baliabide pedagogikoak aurkeztuko dituzue azokan?

Zentzu zabalean ulertzen ditugun baliabide pedagogikoek ez dute zertan izan hezkuntzari lotutakoak; izan daitezke jolasak, bideoak, dinamikak, txostenak, idatzizko materiala… Perspektiba bat ere izan daiteke baliabide pedagogiko bat.

Urtez urte, aldatu egiten duzue azokan jorratu beharreko gaia. Ingurumena eta giza eskubideak izango dituzue ardatz aurten. Zergatik aukeratu duzue gai hori?

Azkenaldian, gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari gara ingurumena zaintzearen garrantziari buruz. Fridays For Future egitasmoa eta abar dira horren adibide, eta argi dago landu beharreko gaiak direla klima krisia eta ingurumena. Giza eskubideak, berriz, modu indibidual batean ulertu izan ditugu askotan, eta bada garaia modu kolektiboan ulertzen hasteko. Erabat lotuta daude giza eskubideak eta ingurumena, askotan bereizita doazela uste dugun arren, eta oso erronka polita da bien arteko elkargune hori ikustea.

Bihar izango da azokako lehen eguna. La vida secreta de los arboles filma emango duzue Antzoki Zaharrean, 11:00etan. Astelehen eta astearte arratsaldean, berriz, Viktoria Eugenian izango dira jarduerak. Nolako egitaraua antolatu duzue?

Bihar, film dokumental horren bidez, bat egingo dugu Giza Eskubideen Zinemaldiarekin, eta, hura ikusitakoan, Nola uztartzen dira ingurumena, pedagogia eta giza eskubideak? izeneko mahai ingurua egingo dugu. Astelehenean eta asteartean, berriz, mahai inguruak eta baliabide pedagogikoen aurkezpenak egingo ditugu. Ingurumen hezkuntza klima krisiaren aurrean izenburua edukiko du asteleheneko mahai inguruak, eta Klima krisiaren eragina kolektibo zaurgarrienen eskubideengan asteartekoak. Aurkezpenei dagokienez, laburrak izango dira; baso eskola eredua, scape box jolasa, bideoak eta abar aurkeztuko dituzte partaideek. Saioak amaitzeko, umoreari tarte bat egingo diogu: clownclusiones saioak izango dira bihar eta asteartean, eta astelehenean bakarrizketa bat egingo du Antton Telleriak.

Urtean bi ekitaldi nagusi antolatzen ditu Eskurak: azoka da bat, eta nazioarteko mintegia bestea. Azken horretara nazioarteko adituak ekarri ohi dituzue. Aurreratu al dezakezu zerbait aurtengo mintegiari buruz?

Normalean mintegia egin izan dugu aurrena, eta, ondoren, azoka. Aurten alderantziz izango da. Urte amaiera aldera izango da mintegia, eta oraindik goizegi da hari buruz zerbait esateko, baina iragar dezaket azokako berbera izango dela gaia: ingurumena eta klima krisiak giza eskubideetan duen eragina.

Proba pilotu baten ostean, duela hiruzpalau urte sortu zen Eskura zentroa, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta. Zein dira zentroaren helburu nagusiak?

Hiru helburu nagusi ditugu: giza eskubideen aldeko pedagogia baliabideen bilketa, sorkuntza eta dibulgazioa. Azaroaz geroztik, Eskura Zentroko dokumentazio zentroa edo Mediateka ere martxan da. Euskadin dagoen giza eskubideen aldeko baliabide pedagogikoetan espezializatutako zentro bakarra da, eta, besteak beste, liburuak, pelikulak, unitate didaktikoak, gidak eta jolasak biltzen ditu. Mila liburu eta pelikula baino gehiago ditu jada, horietako asko argitaratu berriak. Baliabide horiek maileguan uzten ditugu: Euskadiko Liburutegien sareko kide gara, eta edozein liburutegitako bazkide txartelarekin edo nortasun agiriarekin mailega daitezke baliabideak. Eta mailegu zerbitzuaz gain, aholkularitza ere ematen dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.