Ikusi nahi ez den argazkia saihestu nahian

Ikusi nahi ez den argazkia saihestu nahian

Beñat Alberdi

UDA Aretxabaletako kirol elkarteko zuzendaritzako kideei hala galdetu zien Emilio Martin Arrasateko San Joan Jainkoarena ospitale psikiatrikoko psikologoak: “Ziur al zaudete ikusi nahi duzuela?”. Kezkatuta zeuden kirol elkartean 2016an gazteen artean ikusten ari ziren dinamikaz. Baietz erantzun zuten, eta horrela sortu zuten proiektua, elkarlanean. 2017tik, drogen kontsumoak eragin ditzakeen ondorioak aztertzeko lansaioak egiten dituzte UDAn aritzen diren bostehun gazte ingururekin. Elkarlan horrek oihartzuna izan du, eta, besteren artean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak saritu egin berri du bi aldeek adikzioaren aurka egindako lana: Elkar eginez aitorpena eman die. “Adikzioen arloko Euskadiko jardunbide egokienaren aintzatespena” jaso dute bi aldeek.

San Joan Jainkoarena ospitale psikiatrikoak aspalditik zeukan begiz jota lanketa hori. Izan ere, urtez urte jaisten ari zen bertan ospitaleratu beharrekoen adina. Alarma “duela hamar bat urte” sortu zitzaiela azaldu du Martinek. “Ustezko lasaitasuna” ulertzeko, berriz, 1980ko hamarkadako egoera eta oraingoa alderatu ditu psikologoak; izan ere, urte haietan heroinak sarraskia eragin zuen Debagoienean ere. “Lehen, hil egiten ziren kontsumitzaileak, eta horrek sortzen zuen larritasuna”, nabarmendu du Martinek. “Orain, berriz, drogak ondorioak uzten ditu buruan, baina ez da sortzen alarmarik”. Eta psikologoaren hitzetan, etorkizunak ez du itxura hoberik: gazteen lautik bat artatu beharko dutela esan du, “eta ez horiek eskizofrenia garatuko dutelako, osasun gaitz txikiena ere, antsietatea esaterako, pasatuko dutelako baizik”.

Hari horri tiraka, UDAko arduradunak jabetuta zeuden euren taldeko kirolariengan ondorioak uzten ari zela drogen kontsumoa. “Dinamika jakin batzuk zeuzkaten gazteen artean, eta argi geneukan zerbait egin beharra geneukala”, zehaztu du Ainara Mugak, UDAko kudeatzaileak. Arazoa ikustea eta lanean hastea, biak bat izan ziren, eta kirol elkarteko haur eta gazte guztiei egin zizkieten frogak eta galdeketak. Erabat anonimoa izan zen substantziei eta maiztasunari buruzko galdeketa, eta ikusi nahi ez zuten argazkia ateratzeko balio izan zuen.

Ondorengo lansaio bateko egoera azaldu du psikologoak: 12 urteko haurrei galdetu zieten ea bazekiten marihuana erosteko nora joan behar zuten, eta bazekiten erantzuna. “Eta, horrez gain, jakinaren gainean zeuden zenbat diru eraman behar zuten”.

Proiektuaren garapena

Lansaioen dinamikan ez dute parte hartu kirolariek soilik; gurasoek ere zuzenean parte hartu dute, nahiz eta psikologoak gaineratu duen seme-alabak proiektuan sartzea baino zailagoa dela gurasoek pausoa ematea. Martinen hitzetan, adinak ere badu zerikusirik. Gaztetxotatik hasten dute adikzioen kontrako bidea, baina egin beharreko urratsak ez dira beti berdinak izaten. Gazteak 14-15 urte dauzkatenean hasten dira ardurak hartzen, eta, jokalari izateaz gain, gazteagoen entrenatzaile edo hezitzaile bilakatzen. Lan gehigarria izaten da hori, aurrez eurek egindako bidea egiten lagundu behar izaten dietelako gazteagoei.

UDAren eta San Joan Jainkoarenaren arteko elkarlanak badu beste gauza deigarri bat ere: pazienteen testigantzak jasotzen dituzte. Hau da, drogen kontsumoak eraginda ospitale psikiatrikoan dauden gaixoek euren testigantzak eskaintzen dituzte lansaioetan, eta galderak egiteko aukera izaten dute gazteek. “Errealitatearen berri inork ez die hobeto emango drogen kontsumoak ondorioak sortu dizkion batek baino”, esan du Martinek. Are gehiago, psikologoaren hitzetan, “berdina” da ospitalean bukatu dutenak kontsumitzen hasi ziren adin tartea eta gaur egungo gazteena.

Atzera begira jarrita, bere garaian hartu zituzten erabakiak eta proiektua bera “begi onez” ikusten dituztela nabarmendu du UDAko kudeatzaileak: “Harro gaude egindako bideaz, eta klub moduan indartu egiten gaituela uste dugu. Oinarri ona jarri dugu etorkizunerako”.

Bideak ez du etenik, dena den. Azkeneko urteotan adikzioek sortzen dituzten ondorioak izan dituzte jomugan; hau da, drogen kontsumoak zer eragin izaten duen. Orain, berriz, aldatu egingo dute fokua, eta ondorioetara baino gehiago, kontsumitzaile bihurtzeko arrazoietara joko dute. Erabakiak hartzen irakatsiko diete gazteei.

Helburu hori buruan, UDAko entrenatzaileak heziko dituzte lehenengo. Mondragon Unibertsitatearekin batera, ikastaro bat prestatu dute. Hartu behar diren erabakien aurrean nola jokatu landuko dute hor, eta ideia horiek gazteei nola transmititu. Izan ere, Mugaren hitzetan, futbol zelaian aurkariekin izandako jarreran igartzen da gazteek erabakiak hartzeko daukaten gaitasuna. Ziur daude jokoan ere igarriko dela egiten ari diren lanketa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.