Kerik eta garagardorik gabeko rock jaialdien aroa pandemian

Kerik eta garagardorik gabeko rock jaialdien aroa pandemian

Josune Zarandona

Bihar VI. Poligrafo Fest rock jaialdia egingo dute Urretxun. Oraingo honetan, ordea, ez da karparik egongo, ezta garagardorik ere; are gutxiago jende multzoak elkarren artean dantzan. Ezohiko Poligrafo Fest izango da, egungo egoerak eskatzen dituen neurri guztiak betez egingo dena. Zuzeneko musikarik ez da faltako, ordea. John Dealer & The Coconuts Legazpiko taldea, Soma Cult Beasaingoa, Northagirres Urretxu eta Zumarragakoa, eta Joseba B. Lenoir Gang Berakoa (Nafarroa) ariko dira Labeaga aretoan. Sarrera guztiak salduta daude dagoeneko. Antolatzaileentzat ez da erraza izan formatu berrira egokitzea, baina, zailtasun guztien gainetik, jaialdia egin beharra zegoela argi izan dute hasieratik.

Dagoeneko gauza jakina da pandemiak eragina izan duela gizarteko alor guztietan. Eta rock jaialdiak ez dira salbuespena. Poligrafo Festen azken bi aldiak ere egoera horretan egin dituzte. Iazko apirilean Internet bidez zabaldu zuten jaialdia, laugarrena. “Handikeria askorik gabe esan behar dut martxoaren erdialdean konfinatuak izan eta gero apirilean Internetez jaialdi bat antolatzeak badaukala bere meritua”, esan du Gaizka Oiarzabal antolatzaileetako batek. “Arrakasta handia” izan zuela dio. “Izan ere, deialdia egin eta bi egunera mila pertsona batu ziren bertara”.

Urtean bi Poligrafo Fest antolatzen ditu Urretxuko eta Zumarragako Zarraparra elkarteak, apiril inguruan bat eta urrian bestea. Iazko urrian, jaialdia kalean egiteko aukera izan zuten, ez baldintza gutxirekin. “Asko kostatu zitzaigun egoera berrira moldatzea”, aitortu du Oiarzabalek. Ezohikoa izan zen lehendabiziko aldiz halako jaialdi bat eserita, maskara jantzita eta beharrezko segurtasun baldintza guztiak betez egitea. “Egunean bertan, arraroa eta arrotza egin zitzaigun egoera, baina ondo pasatu genuen azkenean”. Urrikoari ere “oso harrera ona” egin zioten ikusleek, eta “arrakastatsua” izan zela esan dute antolatzaileek. “Segurtasun neurri guztiak bete genituelako, eta, batez ere, ondorengo egunetan koronabirus kasurik atzeman ez zutelako”.

Biharko jaialdia ere ezohikoa izango da, are baldintza zorrotzagoekin antolatutakoa. “Azken unera arte ez dugu jakin non eta nola egingo genuen”, azaldu du Oiarzabalek. Lehenengo aldiz, areto itxi batean egingo dute Poligrafo Fest jaialdia, barrarik gabe eta ohiko rock jaialdietan sortzen den girorik gabe, baina ez dute galdu ilusiorik. “Oraingo honetan ere argi genuen jaialdia egin beharra zegoela, batetik, hutsune hori ez uzteagatik, eta, bestetik, musikaren sektoreari bultzada bat emateagatik. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da gure arteko babesa”, gaineratu du.

Administrazioarekin oso kritikoa da Oiarzabal.Halako jaialdiak antolatzeko orduan “oztopo asko” jartzen dituztela uste du. Pandemiak alde horretatik egoera “okertu” egin duela dio. Kontzertu bat antolatzeko orduan aseguruak egitera behartuta daude orain, baita profesionalak ez diren taldeei kontratuak egitera ere. “Eta, lehen ez bezala, aurrekontuaren zati handi bat joaten zaigu zeregin horietan”. Horrek “beldur pixka bat” ematen diela aitortu du. “Zenbait arau eta ohitura luzerako etorri ote diren kezka daukagu”. Pandemiak sortutako testuingurua “halako betebeharrak ezartzeko” erabili dutelakoan dago Oiarzabal.

Zuzenekoen gosea

Borja Aranbururentzat ere ezohiko Poligrafo Fest izango da. Northagirres taldeko baxu jotzailea da, eta aspaldian joko duen lehendabiziko zuzenekoa izango da biharkoa. “Bilboko Fever aretoan eman genuen azken kontzertua, urrian”, esan du. Cavaré azken diskoa aurkeztu zuten orduan, baina herrian aurkeztea falta zitzaien. Horrelako zuzenekoetan hasierak “arraroak” izaten direla aitortu du. “Harrera beti izaten da hotzagoa, denak geldirik ikusten dituzulako”. Dena den, ilusiorik ez zaie falta. “Gogo handia daukagu guk jotzeko, baina baita gainontzeko taldeak ikusteko ere”.

Iker Igartua ere izango da biharko jaialdian, Poligrafo Festen jarraitzaile fina den aldetik. “Kontzertuek normalean izan ohi dituzten gauza asko ez ditu izango: jendearekin egotea, tragoak hartzea… Berotasun hori faltako zaio, baina musika izango da zuzenean, eta hori izugarria da gaur egun”. Igartuaren ustez, “paregabea” da zuzenekoek sortzen duten energia hori. “Alde horretatik, gabezia erabatekoa da oraintxe bertan”, kexatu da.

Higienea, segurtasun tarteak, sartu-irten kontrolatuak… Antolatzaileek zorrotz beteko dituzte ezarritako arau guztiak. “Parranda gustatzen zaigu, baina arduratsuak ere bagarela ikusarazi nahi diogu jendeari; gauzak ondo egiten badakigula”, esan du Oiarzabalek. Aurrerantzean ere biharkoaren gisako jaialdiak egiten jarraituko dutela jakinarazi du Poligrafo Fest jaialdiaren antolatzaileak. “Kultura babesteko gaude; maite dugu musika, eta gustatzen zaigu egiten duguna”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.