Garai bateko altxorren bila, ganbaran

Garai bateko altxorren bila, ganbaran

Beñat Alberdi

Erreusak, ganbaran pilatuta dauden gauzak, herentzian jasoak direlako; auzokoak obrak egin behar zituenean bota behar zituelako; edo gurasoen oroitzapenak direlako. Funtsean, pilatuta dauden gauzak, baina baliorik ez dutenak. Erreusak egitasmo etnografikoaren bidez, ordea, Oñatiko Gure Bazterrak taldeak berriz heldu nahi die erreus horiei. Uztailean eta abuztuan herriko baserri eta eraikinetako ganbarak eta tailerrak zirenak ikuskatuko dituzte, altxor bila. Begiz joak dituzte laurogei baserri, hiru lantegi eta bost erakunde edo talde. Ekainaren 13ra arte zabalik egongo da bisitetan parte hartzeko izena emateko epea —erreusak@gmail.com helbidera idatzita—, eta aurki hasiko dituzte hitzaldi zikloa eta landa lanerako formakuntza.

Antropologiaren barruko adar bat da etnografia, eta informazioa biltzen du gizakiak taldean nola antolatzen diren ikertzeko. Kasu honetan, industrializazio aurreko kultur ondarea jasoko dute Oñatin, orduko gizarte antolaketa ezagutzeko.

“Ez daukate zertan izan nekazaritzarako lanabesak”, argitu du Arantzazu Sagarzazuk, Gure Bazterrak taldeko kideak. “Aurkitu genezake inprenta bat, esaterako”. Ganbarek ebatziko dute zer aurkituko eta sailkatuko duten, baina industrializazio aurrekoak izan beharko dute. Antropologian garrantzitsua izaten da, era berean, tresnak edo objektuak aurkitzeaz gain horiek nola eta zertarako erabiltzen zituzten jakiteko testigantzak jasotzea. Egitasmoaren bigarren oina izango da hori: entzutea. Sagarzazuk zehaztu du baserrietatik herrirako joera izan zutela gehienek, industria arloan lan egitera joan zirelako asko eta asko.

Egun bizirik dauden herritarren eta objektuok lan jardunean ikusi ez dituztenen kasuan, salbuespenak salbuespen, tresna horiek zuzenean ez dute izan eraginik pertsona horien eguneroko bizitzan. Horrek ez du esan nahi gaur egun herritarrek tresna horien erabilera eta zergatia ezagutzen ez dituztenik, baina Gure Bazterrak taldeko kideak nabarmendu du testigantza horiek jasotzeko “premia” dagoela.

“Non egon daitezke objektuak?” galderari segika osatu dute 88 interesguneren zerrenda. Etxez etxe erronda egiten ari dira, haien asmoa zein den azalduz. Jadanik lotuta dauzkate hogei bat. Sagarzazuk esan duenez, ordea, jabeak konbentzitzea ez da izaten lan erraza. Tartean badaude lapurretak jasan dituztenen kasuak, esaterako. Burdinaz egindako material asko dauzkate ganbaretan, eta salmentarako balio dezakete horiek, edo antzinatasun bildumagileentzako bestela.

Zenbait kasutan, etxean museo txikiak antolatuta ere badauzkate. Ezin da ahaztu objektu askok balio sinbolikoa edo sentimentala daukatela; gurasoen oroigarriek, kasurako. “Guk ez ditugu objektuak geureganatu nahi”, esan du Gure Bazterrak taldeko kideak. “Hor daudela jakin nahi dugu, sailkatu eta ondarea ezagutarazi”. Interesa daukanak Gipuzkoako Gordailuan gorde ahal izango ditu objektu horiek.

Bisitei ekin aurretik, hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute Oñatin, maiatzaren 28an, ekainaren 3an, 11n eta 18an, 18:30ean, Santa Ana antzokian. Hizlari bat ariko da astero: Juan Martin Elexpuru, Fermin Leizaola, Suberri Matelo eta Xabier Kerexeta. 132 lagunentzako tokia egongo da aretoan.

Informazio bilketari begira

Landa lana, berriz, uztailaren 5etik irailaren 3ra gauzatuko dute, eta 5 euro balio du izen emateak. Taldeetan banatuko dituzte parte hartzaileak, eta talde bakoitzak astebete eskainiko dio proiektuari, goizez. Aldez aurretik formakuntza bat jasoko dute parte hartzaile horiek. Hala nola fitxak nola bete behar diren azalduko diete, eta baita elkarrizketak egitean parekoari nola entzun behar zaion edo galderak nola egin behar diren ere.

Behin martxan jarrita, proiektuak ez du izango etenik. Izan ere, artxiboko lanak izango du bere ondorioa. Fitxak betetzeaz, tokian-tokian zein objektu dauden identifikatzeaz, eta testigantzak jasotzeaz gain, digitalizatu egingo dute informazio hori guztia. Landa lana ordenagailura pasatzea izango da, beraz, proiektuaren azken pausoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.