Hamarkada bat beste bide batetik

Hamar urte bete dituzte Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta hura kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Eredu propio bat garatu du kooperatibak euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko.

Miren Garate

Hainbat eredu egon daitezke kultur azpiegitura bat kudeatzeko, eta horietako bat da Azpeitiko Kulturaz kooperatibak garatutakoa. Propioa. “Autofinantzaketan, eta elkarlanaren eta partaidetzaren arteko orekan oinarritzen den eredu bat da”, esan du Xabier Aranbarri kooperatibako kudeatzaileak. Iazko abenduan bete ziren hamar urte Azpeitiko Sanagustin kulturgunea ireki zutenetik, eta aurtengo apirilean egin ditu hamar urte azpiegitura hori kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Urtemuga horien harira, herri batzorde bat sortu dute Kulturaz kooperatibak berak, Kultur Mahaiak, bi udal taldeek —EH Bilduk eta EAJk— eta norbanako batzuek, eta ekitaldi sorta bat prestatu dute, datorren astelehenetik hasita. Nazio ikuspegiko bi jardunaldi izango dira, besteak beste: kultur artikulazioaz bat —maiatzaren 28an—, eta herri ekimenaz eta kooperatibismoaz bestea —ekainaren 25ean—.

2006ra egin behar da atzera Kulturaz-en sorrera azaltzeko. Orduan sortu zuten Azpeitiko Kultur Mahaia, herriko kultur taldeen, udal taldeen eta norbanakoen artean. Mahaiaren eskaria jasoz, 2010eko abenduan Sanagustin kulturgunea inauguratu zuen udalak. Garai batean eliza izandako eraikina da, eta herriko plazan dago. Azpiegitura horrek uneoroko dinamika izan behar zuela iritzita, haren kudeaketarako lehiaketa zabaltzeko eskatu zion Kultur Mahaiak udalari, eta Kultur Mahaiak berak proposatutako proiektua izan zen garaile. Hala, Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba Elkartea sortu zuen, figura juridiko bat behar baitzuen espazioa kudeatzeko —gaur egun Kulturaz izena du—. 2011ko uztailean, ostalaritza zerbitzuarekin osatu zuen Sanagustineko eskaintza, autofinatzaketa lortzeko.

JUAN JOSE IBARRETXE SANAGUSTINEN

Herri ekimenetik sortutako kooperatiba bat da, beraz, Kulturaz, eta euskarazko kultur sorkuntza modu integral batean sustatzea da haren egitekoa. “Helburu jakinik ez dugu; bidea da gure helburua, eta bideak berak erakusten digu nondik jo”, esan du Aranbarrik. Kultura, berriz, “pertsonei nor izaten lagunduko dien zerbait” dela ulertzen dutela adierazi du, eta horrek kooperatibarekin harremanak dituen pertsona oro zaintzea eskatzen diela. “Benetako kooperatiba bat izan nahi dugu. Proiektu bat dugu, eta denok batera egin behar dugu aurrera. Horizontaltasun eta gardentasun handia eskatzen ditu gure ereduak, denok ulertzea zertaz ari garen, indibidualismorik gabe, duintasunez… Ez da erraza, baina merezi du”.

Sormena eta transmisioa

Aranbarrik azaldu du Kultur Mahaia dela kooperatibaren “foro ideologikoa”, eta hark markatu izan dizkiela ildo nagusiak. Hain zuzen ere, herriko kultur taldeen esku daude kooperatibako bazkideen botoen %49; norbanako bazkideen esku %32,9; langileen esku %18; eta bazkide kolaboratzaileen esku %0,1.

HITZAREN_ESKOLA_SAIOA

Hamar urteotan, hainbat mugarri izan ditu kooperatibaren ibilbideak. Tartean, 2014tik herriko Soreasu antzokia ere kudeatzen du, eta 2016tik, Dinamoa sormen gunea ere bai. Izan ere, gogoeta prozesu baten ostean, 2012an, Kultur Mahaiak ondorioztatu zuen agertoki bat bazutela jada —Sanagustin—, ikusgarritasunean ere emaitza onak zituztela, baina sormena eta transmisioa lantzen hasi beharra zegoela.

Premia hori are garbiago ikusi zuten 2015ean, Azpeitiko kulturaren argazkia barne azterketaren nahiz Kulturmetria izeneko kanpo azterketaren bidez. Hortik etorri zen Dinamoa sormen gunea martxan jartzeko erabakia. Eta aurtengorako duten erronka nagusietako bat ere gune hori gehiago “herritartzea” izango dela dio Aranbarrik. “Jendeak uler dezala beren sormen prozesuetarako espazio bat dutela hor, eta lantalde bat daukatela ondoan, laguntzeko prest”.

Hasi dira Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Pandemia dela eta, ez dira urte samurrak kulturgintzarentzat, eta Kulturaz-ek ere ez ditu “oso aurreikuspen txukunak” aurtengo urteari begira. Datorren urtean ere zail ikusten dute lehen bezala seiehun laguneko kontzertuak eta abar antolatzea. “Zorionez, 2019 on batetik gatoz. 2011 aldera, askoz okerrago ibilitakoak gara”, gogoratu du. Haren esanetan, aurreneko hiruzpalau urteak “oso zailak” izan ziren. “Proiektua herriaren zati batek ulertu zuen, baina beste zati batek ez. Administrazioak ere ez zuen ulertu. Euskal Herrian ez zegoen antzeko eredurik”. Proiektua osatzeko egin beharreko lanek eragindako gastuak batu zitzaizkion horri.

Era berean, konturatu ziren ostalaritza gune batek ez dituela kultura finantzatzeko adinako irabaziak ematen. “Pertsonak zaindu nahi baditugu, iraunkortasun edo finkotasun bat eman behar zaio, eta oso zaila da eredu horrekin ostalaritzak kultura finantzatzea”. Kultur jarduerak ere ez dira beren burua ordaintzeko gai; zinemak, esate baterako, galerak izaten ditu urtero, eta sorkuntza jarduerek ere autofinantzaketarako gaitasun txikia dute. “Bestelako zerbitzuak ematen ditugu diru sarrerak lortzeko”.

Hasieran, %100eko autofinantzaketa zuten; ez zuten inolako diru laguntzarik jasotzen. Gaur egun, aurrekontuaren %20 osatzen dute proiektuentzako diru laguntzek, %25 elkarlan, partaidetza eta babesletza dinamikek, eta %55 zerbitzu propioek. 2015eko Kulturmetria azterketak %25era arte jo zien balekotzat diru laguntzen ehunekoa. “Oso pozik gaude datuekin. Ez dugu diru laguntzetatik bizi nahi; ezin dugu galdu autonomia”. Urtean 1,5 milioi euroko aurrekontua kudeatu ohi du kooperatibak.

Udalarekin “harreman ona”

Pozik egoteko motiboen artean, administrazioekin dituzten “harreman onak” ere aipatu ditu Aranbarrik. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin; baina, bereziki, Azpeitiko Udalarekin. Hark kulturaren alde egindako apustua nabarmendu du Aranbarrik. “Hasieratik izan dugu bidelagun”. Harreman horretan beste pauso bat eman zuten joan den otsailean, lankidetza hitzarmena sinatu baitzuten: Sanagustin, Soreasu eta Dinamoa bildu dituzte itun batean, kultur egitasmoari osotasun bat emateko, eta Kulturaz-ek kudeatuko ditu hirurak. 2024ra arteko iraupena du hitzarmenak, eta beste lau urtez luzatu ahal izango dute.

Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak dio “eredu berria” dela hori. “Ez da erraza izan administratiboki horrelako zerbait egitea. Eredu publiko komunitario bat sortu dugu, azken hamar urteetan egiten ari garenari izaera juridiko bat emateko”. Azaldu du hitzarmena ez dela mugatzen Kulturaz kooperatibari hiru guneen kudeaketaren ardura ematera. “Lankidetzan sinesten dugu, eta lankidetza egongo da”. Besteak beste, jarraipen batzorde bat sortzea adostu dute itunean, eta zenbait betekizun ere izango ditu Kulturaz-ek: herriko kultur taldeak eta norbanakoak kontuan hartzea, Euskal Herrikoak ere bai, genero berdintasuna egotea, euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza ez-sexista erabiltzea.

EH Bilduk du alkatetza Azpeitian, eta EAJ da udaleko beste taldea. Biek eman diote oniritzia lankidetza akordioari. Era berean, bi taldeek dute ordezkaritza Kultur Mahaian, nahiz eta ez duten boto eskubiderik. “Erabakiak kultur munduko jendearen esku uzten ditugu”, dio Larrañagak. Haren esanetan, leku askotatik galdetzen diete nola den posible eremu publiko bat kooperatiba batek kudeatzea eta, aldi berean, bien artean erabakitzea aurrera atera nahi diren gauzak. “Uste dugu lankidetza eta denok ildo jakin batzuekin lan egitea direla gakoak”.

Esan du hamar urteotan pauso handiak eman direla herriko kulturgintzan. “Oholtzarik gabe egon ginen zenbait urtetan, eta orain erreferenteak garela ere esan daiteke, eta ez kultur eskaintzari begiratuta bakarrik. Sortzaileak, kultur taldeak nahiz herritarrak dira protagonista, eta udalarentzat ezinbestekoa da hori”. Udal Kultura batzordeburuaren arabera, baliabideak kooperatibaren esku jarrita, hau da, espazio horien eta diru kopuru jakin baten kudeaketa Kulturaz-en esku utzita, “lankidetza txukun batekin” gauzak ondo joango diren uste osoa dute, “hala gertatu delako azken hamar urteetan ere”

Kulturaz denetik, 1.800 ekitaldi inguru antolatu dituzte, eta “400.000 lagun inguru” elkartuko ziren. Jardueren %96 euskaraz izan dira. Kooperatiba bera ere asko hazi da, zortzi langilerekin hasi eta 25 baititu egun. “Aberasgarriena da ikustea herrian bestelako kultur dinamika bat sortu dela”, esan du Aranbarrik. Adibide bat eman du: 2013an atera zituzten lehen kultur bonuak, eta lau hilabete behar izan zituzten erdiak saltzeko; egun, berriz, ordu gutxian amaitzen zaizkie guztiak.