“Idaztearekin zerikusia zuen lanbide bat nahi nuen, garbi nuen”

“Idaztearekin zerikusia zuen lanbide bat nahi nuen, garbi nuen”

Irati Saizar Artola

Kazetaritzan lehenik, eta itzultzaile modura ondoren. Bide horretan, hainbat liburu ere argitaratu ditu Ramon Olasagastik (Berrobi, 1972). Mendia presente izan du orain arteko lanbide eta lanetan. Orain dela gutxi, hitzak jarri dizkio Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak Iñurrategi anaiei buruzko komikiari, eta, egun, mendiaren bueltako komiki bildumarekin jarraitzeko, hirugarren komikirako gidoia idazten ari da.

Ofizioz kazetaria, itzultzailea eta idazlea ere bazarela esan daiteke?

Gaur egun itzultzailea naiz; ikasketaz eta urte askoan lanbidez, kazetaria izan naiz, eta uste dut idazlearena handi geratzen zaidan hitz bat dela. Idatzi egiten dut, baina ez naiz hortik bizi. Idaztea gustatzen zaidan kazetari eta itzultzailea naiz.

Eta afizioz?

Mendizalea, bizikletazalea, naturazalea eta irakurzalea.

Lanbide moduan, lehenik, kazetaritza probatu zenuen.

Gaztetatik garbi nuen idaztearekin zerikusia izango zuen lanbide bat nahi nuela. Idaztea betidanik gustatu izan zait eta irakurtzea ere bai. Gure txikitako irakasle bati, Bittor Madinari, zor diot zaletasun hori; berak sartu zigun irakurtzeko gogoa. Iruditu zitzaidan kazetaritza ofizio polita izan zitekeela idaztetik bizitzeko, eta huraxe ikasi nuen. Unibertsitateko hirugarren mailan nengoela, Euskaldunon Egunkaria-n bekadun hasteko deialdira aurkeztu nintzen, eta hautatu egin ninduten.

Euskaldunon Egunkaria-n lehenik, eta BERRIAn ondoren. Egunkari bateko martxa ederki ezagutuko duzu…

Hura izan zen gure unibertsitatea, gure eskola. 1993ko udan hasi nintzen Egunkaria-n lanean, oraindik bere hastapenetan zegoenean; erronka handia zen egunero egunkari bat ateratzea. Hori bai, ilusio izugarria genuen. Kirolak sailean hasi nintzen lehenik, eta, gerora, Kultura eta Politika sailetan aritu nintzen. Azala egiteaz arduratu nintzen hainbat urtez.

Eta denetatik, zein sail zenuen gustukoen?

Kultura eta Kirolak esango nituzke. Politika-n ere gustura aritu nintzen, baina urte zailak ziren, gogorrak. Azala egiten aritu nintzenean ere, urte gogorrak izan ziren, politikoki testuinguru soziopolitiko gogorra zelako garai hartakoa, eta horrek zaildu egiten zuen lana bera. 1994an, mendiko orrialde bat egiten hastea proposatu zidaten. Egin-ek eta El Diario Vasco-k bazuten garai hartan mendiko orrialde bat, eta Egunkaria-k ere pauso hori eman zuen. Ordutik, bai Egunkaria-n eta bai BERRIAn, mendiko informazio hori jorratu nuen. Lan horretan ere eroso eta gustura sentitzen nintzen.

Izan ere, mendiaren inguruan idatzi izan duzu gehienbat ondorenean ere.

Kazetaritza lan horretan hasi nintzen pixka bat mendiari buruz idazten: elkarrizketak, espedizioen kronikak, eskaladako berriak… Hasieran ematen du mundu txikia izan behar duela, baina gero konturatzen zara oso-oso zabala dela, eta uste duzuna baino gehiagorako ematen duela. Euskaldunon Egunkaria-ren azkeneko hiruzpalau urteetan zortzi orrialde egiten genituen astero; ez bakarrik mendiari buruz, baizik eta naturari buruz, bidaiei buruz edota abentura kirolei buruz. Astero-astero sortzen ziren albisteak; biltzen genuen mendiari buruz idazteko adina material.

Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak bertan harrapatu zintuen lanean. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Gogorra izan zen, oso gogorra. Goizean, Andoainen, Martin Ugalde parkean elkartu ginen lankideak, eta artean handik joateko zeuden guardia zibil batzuk. Sekulako kolpea izan zen. Jakin genuen, ordea, ondo erreakzionatzen. Atarian bertan batzordeetan antolatu ginen; batzuk, Tolosako Araba etorbidera etorri ginen, Egunero egingo zen lekura, hurrengo eguneko egunkaria idaztera. Itxi zuten Egunkaria, baina ez gintuzten isildu, eta uste dut erakutsi genuela zer kemen eta zer indar zegoen. Gizarteak ere jakin zuen erantzuten; guk lanean jarraitu genuen Egunero ateratzen, eta, handik lau hilabetera, BERRIA sortu genuen; geneukan indar horrek jarraitu egin zuen.

BERRIAn jarraitu zenuen beste hainbat urtez, ezta?

Bai, eta etapa horretan jaio ziren seme-alabak. Zaharrena 2004an jaio zen, 2005ean bigarrena, eta etxeko antolaketagatik errazagoa zen lana nik utzi eta seme-alaben ardura handiagoa hartzea. BERRIA utzi eta itzulpengintzan hasi nintzen, etxetik lanean. Gaur egun ere horrela jarraitzen dut. Lotsagabe samar hasi nintzen; izan ere, itzulpengintzan ez nuen sekula jardun. Hizkuntza lanabes izan dugu betidanik kazetariok, baina, nahiz eta zerikusia izan, ez da ofizio bera, ezta gutxiagorik ere. Poliki-poliki hasi nintzen ofizioa barneratzen, eta, urteen joanean, zerbait ikasi dudan sentsazioa dut.

Zein motatako lanak itzultzen dituzu?

Denetik. Egokitzen dena. Hasiera hartan, Natura bizia izeneko bilduma bat atera zuen Sua argitaletxeak, eta hura eman zidaten lehen lana. Mendiari lotutako argitalpen bat zen, atalka banatua: itsasoa, mendia, arroilak… Gerora denetik egin izan dut. Lan batzuk, politak; beste batzuk, administrazioko lan lehorragoak, kafesnetan bustita irentsi beharrekoak. Baina, orokorrean, lan asko iritsi zaizkit mendiari lotutakoak. Itzulpengintzan ere, mendiak nire esparrua izaten jarraitu du, eta, adibidez, azken urte hauetan, udazkenean, Bilboko Mendi Film jaialditik filmak iristen zaizkit azpidatziak euskaratzeko.

Zein hizkuntzatan egiten duzu lan?

Gazteleratik euskarara gehienbat. Alderantzizkoak ere tokatu izan zaizkit, baina erraztasun handirik ez daukat horretarako, eta askoz erosoago sentitzen naiz gazteleratik euskarara pasatzen. Zorionez, esango nuke gero eta gehiago ari direla euskaratik gaztelerarako itzulpen lanak sortzen. Zorionez diot, sortu ere gero eta gehiago sortzen delako euskaraz, baita administrazioan ere. Ez dakidana da itzulpengintzak zer bide hartuko duen; itzultzaile automatiko edo neuronalekin aldatzen ari da gure lanbide hau ere. Azkenaldian, itzulpen lanak baino gehiago dira berrikuspen lanak.

Aspergarriagoa izan daiteke hori, itzultzea bera baino?

Bai. Uste dut itzulpenak egitean badagoela sormen prozesu bat, nahiz eta jatorrizko bati loturik lan egin behar izan. Zer hitzekin ekarri, zer egiturarekin ekarri… Hor sormen puntu bat badago. Bestea zuzenketa da batez ere, berrikusketa, makina batek egin duena ondo dagoen ikustea.

Hutsetik sortzen ere aritzen zara, ordea. Kazetaritzan lan egiten zenuen garaian hasi zinen liburuak idazten, ezta?

Espedizio txiki bat egin genuen Eskandinaviara, eta han egin nuen sortzeko lehendabiziko ariketa; kronika moduko bat izan zen, eta, horrekin, Aramaion [Araba] egiten zen bidaia kroniken sariketa bat irabazi nuen. Hura izan zen argitaratu nuen lehenengo liburua, 1999an: Hiru pauso, hiru norabide. Gero, Mendiminez liburua izan zen BERRIAko nire bidearen amaiera. Urte askoan mendiari buruz idazten jardun eta gero, zoritxarrez mendi istripuei buruz eta mendian hildako mendizaleei buruz idaztea ere egokitu zitzaidan, eta beti izaten nuen sentipen bera: zer motz geratu naizen pertsona honi buruz idazteko garaian; nahi eta ezin batean geratzen nintzen. Eta, gainera, beti gertatzen da gauza bera: egunkari bat hil egiten da biharamunean, iraungi egiten da, eta nire kronika hori ere hortxe geratzen zen, hemerotekan. Mendiminez idazteko proiektu hori Tene Mujika kazetaritza bekara aurkeztu, eta beka eskuratu egin nuen. Urtebete aritu nintzen horrekin lanean, eta pozik geratu nintzen emaitzarekin, nolabait arnasa luzeagoa eman nielako biografiei. Gerora, beste lan batzuk ere etorri dira.

Haur eta gazte literaturan ere aritu zara.

Neure buruari jarritako ariketatxoak izan dira horiek. Itzulpengintzan, tarteka, izaten dira uharteak edo lan bolada kaxkarrak, eta, askotan, horietan zer egin ere bilatu behar izaten dugu. Haurrak, artean nahiko txikiak zirenean, gauzatxo batzuk idazten hasi nintzen haientzat. Ipuin haietako bat seme zaharrenari eman nion irakurtzeko; sumatu nuen gustura irakurri zuela, eta Zarauzko Lizardi sarian aurkeztu nuen; horri esker argitaratu ahal izan nuen Sugar liburua. Gerora, beste pare bat ere idatzi ditut, bestela herdoildu egiten baitira hainbat gauza. Orain ere, itzultzaile hainbeste urte pasatu eta gero, seguruenik ez nintzateke gai izango kazetaritzak eskatzen duen erritmoari jarraitzeko. Ez dut uste gai izango nintzatekeenik lehen bezala erreportaje bat egun bakarrean idazteko. Oraintxe gidoi bat idazten ari naiz, eta denbora asko behar izaten dut zerbait idazteko.

Oraindik ez zara animatu helduen literatura probatzera?

Tarteka planteatzen dut zerbait idaztea, baina, egia esan, denbora asko eskatzen dit itzulpengintzak, eta azken urte hauetan ez dut denbora askorik hartu sormenerako. Helduentzako idazteak errespetu handia ematen dit, gainera. Plaza handi samarra iruditzen zait niretzat. Egunen batean, akaso, lortzen badut gorpuzkera egokia ematea ipuinen bati edo besteari, agian emango dugu pausoa.

Azken boladan komikiak idazten ere aritu zara. Nola eman duzu salto hori?

Mendi Film jaialditik etorri zait hori ere. Jabier Baraiazarra da jaialdiaren zuzendaria, eta berak ikusita eta guri erakutsita zeuzkan Polonian nola argitaratu zituzten mendizaletasunaren historiari buruzko zenbait komiki. Pasarte oso-oso jakinei buruzko komikiak ziren, eta iruditzen zitzaion Euskal Herrian ere egin zitekeela horrelako zerbait. Hau da, gure historia beste formatu batean jasotzea. Duela lau urte proposatu zigun Cesar Llaguno marrazkilariari eta bioi ea martxan jarriko genuen lehen komikia. Lehen lan horretarako, pentsatu genuen Martin Zabaletaren 1980ko Everesteko igoerarekin hastea. Erantzun polita izan zuen komikiak, eta, handik bi urtera, Iñurrategi anaiei buruz argitaratu dugu bigarrena. Horrek ere erantzun polita izan du, eta espero dugu bilduma baten lehen bi aleak izango direla. Dagoeneko hirugarrenarekin hasi gara lanean; gidoiaren lehen zirriborroa idazten ari naiz.

Komikigintza erregistro ezberdina da guztiz. Eroso ari zara?

Ikasten ari naiz hor ere. Oso ezberdina da, bai. Esaterako, lehen komikian, Everesteko liburuaren hizkuntza kazetaritzari lotutakoa da oso, eta, beharbada, irudiari ez dio beharko lukeen adina arnasa ematen. Komikiak hori du: marrazkiak ere asko esan dezakeela. Kazetaritzaren aje asko sumatzen ditut. Gero eta erosoago ari naiz lanean, baina oraindik ere lengoaia bisuala lantzea falta zait.

Hirugarren komikia prestatzen ari zaretela esan duzu. Badu argitalpen datarik?

Orain arteko erritmoari jarraitzea da asmoa, eta bi urtean behin bat kaleratzea. Iñurrategi anaiena 2020ko abenduan atera genuen; beraz, 2022. urtearen amaieran aterako dugu hirugarren ale hau, seguruenik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.