Zelulosari aterabideak topatzen

Zelulosari aterabideak topatzen

Aitziber Arzallus

Zelulosa ezinbesteko lehengaia da papergintza industriarentzat. Landareetatik eta zuhaitzetatik ateratzen den polimero natural hori erabiltzen dute papera eta orea ekoizteko. Baina beste aterabide batzuk ere izan ditzakeela uste dute Tecnaliaren Azpeitiko egoitzako ikertzaileek, eta horretan ari dira lanean: zelulosaren gaitasunak ikertzen eta merkaturatzeko bide berriak topatzen. Ez dira hasiberriak, badaramatzate hamar bat urte horretan, baina laborategia handitu eta makineria berria sartu dute orain, eta, horri esker, zelulosaren ikerketarako Europako laborategirik aurreratuenetako bat eraiki dute. Kimikan eta materialen teknologian ibilbide luze bezain esanguratsua duten zazpi ikertzaile aritzen dira lanean; taldeburua Alvaro Tejado da, eta ikertzaileetako bat, Maider Azpeitia.

Zelulosaren aukerak aztertzeko zelulosa zuntzak hainbat modutara manipulatzen dituztela esan du Azpeitiak: fisikoki zein kimikoki. “Batetik, zelulosa zuntzak hartu eta nanozelulosa zuntz bihurtu arteko prozesu fisikoa gauzatzen dugu laborategian, eta, bestetik, prozesu kimikoen bidez, funtzionalizatu egiten ditugu”.

Prozesu fisikoa azaltzeko, Azpeitiak zelulosa zuntzen jatorriaz eta egituraz hitz egin du aurrena: “Landareen eta zuhaitzen biosintesi prozesuan sortzen dira zelulosa zuntzak. Zuntz horiek, aldi berean, multzokatuta dauden zuntz txikiago batzuez osatuta daude. Eskalan jaitsiz joaten bagara, mikrozuntzak lortuko ditugu, eta, are gehiago jaitsiz gero, nanozuntzak. Zelulosaren polimero katearen zatirik txikiena lirateke nanozelulosa zuntzak, eta guk horiekin lan egiten dugu, batez ere”.

TECNALIA

Laborategiko protagonista berriari esker lortzen dituzte zuntz horiek; Masuko izeneko makinarekin, hain zuzen. “Errota bat da Masuko, eta irin errota batek bezala funtzionatzen duela esan genezake”, azaldu du Azpeitiak. Energia fisikoa baliatuz, zelulosa zuntzak ehotzen joaten da. “Irin errota batek bezala, Masukok ere bi harri ditu, eta bi harri horien artetik pasarazten ditugu zelulosa zuntzak, moztu beharrean, birrintzeko”. Horrela lortzen dute nanozuntzek beren luzera eta propietateak mantentzea.

Baina zer du Masukok horren berritzailea izateko? “Masukok modua ematen du gure nanozelulosa ekoizpena laborategi mailakoa baino pixka bat handiagoa izateko, ezinbestekoa zenbait aplikazio balioztatzeko”. Gainera, nanozelulosa kantitate handiagoan ekoitzi ahal izateko, bonba bidezko elikadura sistema automatiko bat jarri diote makinari.

Hamaika erabilera

Masukoz gain, prozesu kimikoak gauzatzeko baliabideak ere badituzte laborategian. Izan ere, behin fisikoki nanozelulosa zuntzak lortuta, haiek izan ditzaketen aplikazioak prozesu kimikoen bidez aztertzen dituzte. “Azpeitian martxan jarri dugun laborategian mikro eta nano tamainetako zelulosa zuntzak ekoitzi ditzakegu, eta, gainera, zuntzen kimikan lan egin dezakegu, horien izaera aldatzeko tratamendu kimikoak eginez. Bi gauza horiei esker, Espainian eta Europan lan horietako gaitasun handienetakoa duen guneetako bat da gurea”, zehaztu du Tejadok.

Nanozelulosak hamaika erabilera izan ditzakeela esan du Azpeitiak, materialak berak dituen propietate bereziengatik. “Polimero natural bat izanik, jasangarria da, eta modua ematen du aplikazio ezberdinetan gehigarri gisa erabiltzen diren polimero artifizial eta plastikoak ordezkatzeko. Alde du oso material arina dela, baina, aldi berean, loditasuna eta konsistentzia ere eman diezaiokegula”. Adibideak ere jarri ditu: “Nanozelulosa erabil daiteke isolamendu termikorako. Laborategi hau eraikuntza atalaren barruan dagoenez, orain arte egin ditugun garapenetako askok eraikuntzako materialekin izan dute zerikusia, baina beste era askotako produktuak ere garatu daitezke nanozelulosarekin; esaterako, gehigarri gisa erabil daiteke medikuntzako diagnosi makinetan, pinturetan, 3D inpresioan eta abar”.

Eraikuntzako materialen esparruan ez ezik, packaging edo paketegintza sektorean ere “etorkizun handia” duen materiala dela gaineratu du Tejadok, eta orain eskuartean dituzten proiektu gehienak esparru horretakoak direla. “Lan gehien papergintza industriako enpresentzat egiten ari gara”. Zergatia ulertzeko, sektore horrek azken urteetan izan duen bilakaeraren inguruko zertzelada batzuk eman ditu: “Gipuzkoa eta Euskadi lurralde papergileak izan dira historikoki. Azken urteotan, baina, sektore hori aldaketa eta garapen prozesu sakonean murgilduta dago, nola munduan hala hemen. Bioekonomia deritzon ekoizpen eta kontsumo paradigma berriaren erdigunean kokatzen ari da sektorea, eta hor gaude gu”.

Bilakaera horretan, Tecnalia papergintza enpresen bidelagun dela azpimarratu du Tejadok. “Enpresa horiei laguntzen diegu, batetik, sortzen dituzten hondakinak birbalioztatzen, eta, bestetik, ekoizten zituzten paperen propietateak hobetzen ere laguntzen diegu”. Haren hitzetan, papergintza sektorearen barruan, bada hazkunde bete-betean den azpisektore bat: “Paketegintzarena. Sektore horrentzat lan asko egiten ari gara”.

Bi ikertzaileek azaldu dutenez, Europan “apustu irmoa” egiten ari dira ekonomia zirkularra sustatzeko, nola ekoizpenean hala kontsumoan. “Eta, ekonomia zirkularraren barruan, bioekonomiaren alde egiten ari dira. Etorkizunean petrolioarekiko mendekotasuna murriztea eta baliabide jasangarriak sustatzea da helburua, petroliotik eratorritakoen ondoan. Eta hor geundeke gu, baliabide natural eta jasangarrietatik produktuak sortzen, petroliotik eratorritakoak ordezkatzeko”, esan du Azpeitiak.

Bi negozio eredu

Tecnaliako laborategian ikerketa proiektuen bidez lan egiten dutela azaldu du Tejadok, eta bi negozio eredu dituztela: “Bat da enpresei zerbitzua ematea. Kasu horretan, enpresei lehiakorragoak izaten laguntzen diegu ekoizpen prozesua hobetuta edo merkaturatu ditzaketen produktu berriak eskainita”. Bestea, berriz, garapen teknologikoak euren aldetik egitea litzateke. “Lehiaketa publikoetan parte hartu eta finantzaketa publikoa eskuratuta. Prozesua espero bezala joaten bada, ikerketa horren emaitza patentatu egiten dugu, gerora sortu dugun teknologia hori merkaturatzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.