Beste modu bateko hasiera bat

Beste modu bateko hasiera bat

Unai Zubeldia

“Urduri gaude”. Nahiz eta esperientzia handiko musikariak diren laurak. Alaitz Telletxeak (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribarrek (Maixa eta Ixiar), Amaia Orejak eta Kristina Solanok (M-n Ezten) 2019ko abenduan abiatu zuten Amak proiektua, eta, gaur, urte eta erdi eskas geroago, salgai jarriko dute taldearen lehen diskoa, online plataformetan eta dendetan: Amak. Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egingo dute aurkezpen ekitaldia, gaur, 11:00etan. “Maitasun handiarekin aritu gara lanean”, ziurtatu du Lizarribarrek. “Denbora kontuak tarteko, grabaketan estres momentuak ere izan ditugun arren”. Gaur diskoa salgai jarrita, bihar emango dute lehen kontzertua, Bergarako Seminarixoan, 19:00etan. Aforoa murriztuta, sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Lau pandero, lau trikiti, lau ahots, lau emakume, eta hamaika bizipen eta ilusio daude Amak taldearen oinarrian. “Nire kasuan, 23 urte igaro dira azken diskoa atera genuenetik, baina dena da berria orain; duela urte batzuk bizi izandako sentsazioen antzekoak bizitzen ari gara, oso sentsazio politak”, dio Lizarribarrek. Urteotan “hainbat proiektutan” murgildu da laukoteko kide bakoitza. “Eta ilusio handia sortu digu hainbeste urteren ondoren berriz elkartzeak eta gurea den gauza bat egiteak”. Haren hitzetan, “iraungitze datarekin” jaio da Amak proiektua. “Honek, ziurrenik, ez du iraungo beste hamabost urte; elkarrekin gustura sentitu garelako sortu dugu proiektu hau, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen, baina gauzak beste modu batera egin nahi ditugu; gozatu egin nahi dugu”.

Disko bakoitzaren inguruan sortzen den zurrunbiloa hizketagai hartuta, garai batekoak eta oraingoak ez daukatela zerikusirik gaineratu du Amak taldeko kideak. “Sareak aukera asko ematen ditu orain, intriga moduko bat sor daiteke, eta jendearen erantzuna ere berehala nabaritzen da”. Sarea aipatuta, Amak taldeak jarraitzaileen eskura jarri zuen Gona gorria abestiaren bideoklipa —8.000 ikustaldi izan ditu jada—, eta jolas moduko bat ere proposatu zuen, hala nahi zuten guztiei gona gorria jantzi eta argazkiak ateratzeko eskatuz. “Ez da erraza izan neurria hartzea, ez genuelako espero bideoklipak hainbeste bisita izango zituenik. Berriak gara honetan, eta ez genuen sortu nahi aurreikuspen handirik ere”.

Diskoak berritasunetik ere badu beste ezaugarri bat: azala. Goretti Aranburu Epeldek sortu zuen, Amak taldeko laukotea zuzenean disko berriko abestiak jotzen ari zen bitartean. “Bideoklipa grabatu genuen egunean, bi kantu jo genituenerako bukatuta zeukan azalerako marrazkia. Harrigarria izan zen. Denon artean kimika berezi bat sortu zen egun hartan; oso egun polita igaro genuen”.

Xabi Solanok —Kristina Solanoren anaiak eta Esne Beltza taldeko kideak— etxean daukan estudioan egin zituzten grabaketa lanak. “Eta oso erraza izan da harekin lan egitea; zalantza guztiak argitzen lagundu digu”. Zuzenekoetan Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano igoko dira oholtzara, baina Lizarribarrek goratu egin nahi izan du atzean daukaten taldearen laguntza: “Xabi Solano bera, noski, eta baita Arkaitz Sukuntza eta Julen Aiestaran ere, gure managerrak; eurek zaintzen dute gure irudia, eta txapela kentzeko moduko lana egiten dute”. Onintza Enbeitak eta Karmele Jaiok ere parte hartu dute abestien hitzak idazten, eta dantzari bat ere ariko da zuzeneko emanaldietan: Izaro Telletxea.

Garai zailetako proiektua

Nahi gabe, noski, baina garai zailetan sortutako proiektu bat da Amak, koronabirusaren eraginez. “Ziurta dezaket pandemia ez dugula guk jarri erdi-erdian”, esan du Lizarribarrek, broma giroan. “2019ko abenduan kontzertu batzuk emateko eskaintza jaso genuen, eta abendutik martxora arte lotu genituen beste batzuk”. Agenda betezbetez joan zitzaiela kontatu du Amak taldeko kideak. “Pandemia iritsi zenean, beteta geneukan udarako agenda, baina dena erori egin zitzaigun”. Uztail erdialdean ekin zieten berriz ere kontzertuei, eta urrira arte aritu ziren gero. Urte osoa kontuan hartuta, iaz “hogei bat emanaldi” eskaini zituzten guztira; hogei bat, lauzpabost hilabetetan.

Ia oharkabean, pandemia garairako neurri-neurriko eskaintzarekin jaio zen Amak. “Hasieratik argi geneukalako eserita entzuteko eskaintza izango zela gurea, nahiz eta managerrak berak ez zuen ulertzen zer esaten ari ginen; ezin zuen sinetsi”. Ordubete eskaseko saioak izaten dira. Azkenaldiko saio guztietan bezala, noski, maskara, distantzia, gel hidroalkoholikoa… nahitaezkoak izango dira bihar ere Bergarako Seminarixoko kontzertuan. “Beran [Nafarroa] egin genuen uztaileko lehen saioa, eta han ez zen derrigorrezkoa musukoa, baina hurrengo saioan, Soraluzen, bai, eta inpresio handia eragin zigun. Gogorra egin zitzaigun jendearen aurpegiak ez ikustea”.

“Lau pertsona gara, lau gustu, lau ideia, lau errepertorio, eta buruhauste batzuk izan genituen hasieran”. Euren kantuen bertsioak egin zituzten hasiera hartan, eta “beste kantu herrikoi batzuk” ere aukeratu zituzten segidan. “Garai batean egiten genuen estiloan; guk jarraitu egingo dugu Oi Pello Pello kantatzen”.

Bergararekin lotura berezia

Ez da kasualitatea diskoa aurkeztu ondorengo lehen saioa Bergaran egitea. “Iaz, martxoan, Bergaran bertan eskaini genuen gure lehen kontzertua, eta antzeko zerbait gertatu zaigu orain ere. Berehala jaso genuen deia Bergaratik, eta ez genuen izan zalantzarik, oso gustura sentitu ginelako iazko martxoan”. Bihar Bergarara joango direnei “ondo pasatzeko” gonbita egin die Lizarribarrek. “Gogoz goaz, eta ea denak gustura gelditzen diren”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.