Gizarte parekideago bat helburu

Gizarte parekideago bat helburu

Josune Zarandona

Datorren astelehenean, maiatzak 17, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, Beasaingo Udalak hezkuntza afektibo sexualaren inguruko buletin bat prestatu du, herriko ikastetxeetan gai horren inguruko hausnarketa sustatzeko asmoz. Bilduma baten hirugarren alea da; Beasain Parekide izenburuarekin landu dute. Udalak Daiteke aholkularitza enpresaren laguntza izan du lan horiek egiteko.

Beasaingo Udala hiru hilabetez behin biltzen da herriko ikastetxeetako zuzendariekin, haiek dituzten kezkak partekatzeko eta aztertzeko helburuarekin. Amets Arrospide Beasaingo Udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, mahai horietan “hainbat alorretako gaiak” lantzen dituzte, “baita berdintasunarekin lotutakoak ere”. Haren hitzetan, egungo osasun egoeraren eraginez, “zailagoa” izan da orain arteko egiteko moduei eustea, eta, ondorioz, “bide berriak” arakatu behar izan dituzte. Interneten erabilerraza izango zen eta edonoren esku egongo zen zerbait egitea pentsatu zuten: “Fisikoa ez zen zerbait, beren egunerokoa oztopatuko ez zuena, eta, gainera, baliabideak eskainiko zizkiena”.

Beasaingo Andramendi ikastolak, Alkartasuna lizeoak eta Murumendi, La Salle, Loinazpe eta Txindoki ikastetxeek begi onez hartu zuten proposamena, eta horri esker sortu zuten Beasain Parekide buletin bildumaren proiektua. Irailean hasi ziren proiektua ikastetxeekin elkarlanean lantzen eta bi buletin sortu dituzte ordutik. “Lehendabizikoa, azaroan atera zen, eta genero indarkeriaren inguruan osatu genuen”, dio Arrospidek; azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunarekin bat egin zuen lehen buletinak. Gabonak inguruan argitaratu zuten bigarrena, eta jolas ez sexistak hartu zituzten gaitzat. “Batez ere, Haur Hezkuntzan eragitea izan zuen helburu bigarren lan horrek. Jolas eta jostailu ez-sexistak, ipuinak, filmak eta abar proposatu genituen”, gehitu du Berdintasun zinegotziak.

Hirugarren buletinerako, berriz, Transzikloa ekimena hartu dute gaitzat. Ziklo hori aitzakia gisa hartuta, ikasleekin gai horretan sakontzeko beharra ikusi zuten ikastetxeek, eta horren inguruko lanketa egin dute azken buletinean. “Ikusgaitasun handiagoa eman nahi izan diogu Transzikloari, baina gaia modu zabalago batean landu nahi izan dugu. Horregatik, identitate generoa hartu dugu gaitzat”.

Gaia “modu zabalean eta adin tarte guztientzako” lantzen saiatu direla berretsi du Jaione Fraile Beasaingo Udaleko Berdintasun teknikariak. Hezkuntza afektibo sexuala “orokorrean” lantzen saiatu dira. “Ulertzen da jendarte binario batean bizi garela; hau da, jaiotzetik sailkatzen gaituzte emakumezko edo gizonezko gisa, baina gaur egungo errealitatea bestelakoa da, eta beste hainbat identitate ere badaudela ikasi behar dugu”. Beste zenbait azalpenen artean, “heterosexuala, homosexuala, lesbiana, transexuala, bisexuala edo intersexuala izateak zer esan nahi duen azaltzen saiatu gara. Horretan sakontzeko erreferenteak edo baliabideak falta bazaizkigu, existitu daitezkeenik ere nekez jakingo baitugu”.

Frailek aurreratu duenez, informazioa eskaintzeaz gain, “bitartekari lanak” egitea ere bada buletinen xedea. Horren erakusgarri, buletinean “hainbat erreferente, aditu, webgune, bideo eta abar bildu ditugu, eta etxean, ikastetxeetan, udalekuetan eta abarretan landu daitezke”.

Buletinak aztergai

Datozen egunetan ikastetxeetara eta guraso elkarteetara bidaliko dute azken buletina. Haiekin lanketa bat egingo dute lehenengo, eta buletinari egin beharreko aldaketak egingo dizkiote beharra ikusten badute. Maiatzean eta ekainean, udalaren webgunean jarriko dituzte hiru buletinak, Beasain parekide atalean. Aurretik, norbaitek lanak eskuratu nahi izanez gero, mezu bat bidal dezake berdintasuna@beasain.eus helbidera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.