Herrian egin nahi dute DBH

Herrian egin nahi dute DBH

Miren Garate

Jada 7.000 biztanle baino gehiago ditu Astigarragak, baina ez du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBHko) ikasketak eskaintzen dituen ikastetxerik. “Euskal Herrian bakarrak izango gara biztanle kopuru horrekin egoera horretan”, esan du Xabier Urdangarin alkateak. Herrian DBHko etapa jartzeko desira ez da berria: ia hogei urte dira guraso elkartea premia hori aipatzen hasi zela; azken urteotan, ordea, biztanleriaren hazkundeak eraginda eta sortzen ari diren arazoak ikusita, indar handia hartu du eskaerak, besteak beste, Astigarraga DBH Orain plataformak egindako lanari esker. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere aitortu du gaur egun ikastetxe horren premia badagoela, eta ziurtzat jotzen da egingo duela eraikin bat. Baina noiz? Hori da plataformaren eta udalaren galdera. Egin beharreko urratsekin lehenbailehen has dadila eskatzen diote Jaurlaritzari, bestela ere “berandu” dela uste baitute.

ASTIGARRAGA

Datuek laguntzen dute egoera ulertzen; izan ere, azken hamabost urteetan bikoiztu egin da biztanle kopurua Astigarragan: 3.500 inguru ziren lehen, eta 7.000 baino gehiago dira gaur egun. Batik bat, jende gaztea joan da herrira bizitzera, eta horrek eragina izan du jaiotze tasan. Gipuzkoan, batez beste, mila biztanleko zazpi haur inguru jaiotzen dira urtean; Astigarragak bikoiztu baino gehiago egiten du tasa hori: iaz, adibidez, 112 haur jaio ziren. Txiki geratu da haur eskola, eta berria egiten hastear da udala. Herri eskola ere handitu egin beharko dute, eta datorren urtean hasiko dira lanekin. Era berean, haurrei zuzendutako bestelako jardueretan egin beharreko ahalegina ere handitzen ari da etengabe —udalekuak, kultur ekitaldiak…—.

Martutenen ere, arazoak

DBHko eskolarik ez dutenez, inguruko herrietara joaten dira 12-16 urteko ikasleak, gehienak Donostiako Martutene auzora. Hirurehun inguru joaten dira orain, eta gehiago izango dira hurrengo urteetan. Martutenen ere arazoak sortu dira, ordea, Astigarragatik gero eta ikasle gehiago joateaz gain, auzoan ere etxe berriak egin dituztelako, eta bertako ikasle kopurua ere handitu egin delako. Esate baterako, hiru urte daramatzate ordutegi jarraituarekin, jangelan ez dutelako nahikoa tokirik. 1. eta 2. mailako ikasleei Jaurlaritzak jartzen die autobusa, baina 3. eta 4. mailakoek beren kasa moldatu behar izaten dute. Autobusez joan nahi badute, garraio publikoa hartu behar izaten dute, eta, plataformaren arabera, hor ere sortzen dira arazoak, leku faltagatik eta eskolako ordutegiak eta autobusenak ez direlako bat etortzen.

ASTIGARRAGA DBH

Duela lau urte inguru eratu zuten Astigarraga DBH Orain plataforma. Kideetako bat da Ainara Vazquez: “Gure umeak eta gazteak herrian haztea eta heztea nahi dugu, ez berehala herritik alde egitea. Eta, derrigorrezko hezkuntza izanda, norberak bere herrian ikasteko eskubidea izan behar du”. Haren esanetan, datuak ikusita, inor gutxik uka dezake DBHko eskola baten beharra dutenik. Gaineratu du gaur egungo arazoak aurreikusteko modukoak zirela. Bat dator Urdangarin alkatea: “Guk beti esan izan dugu herri bat garela, eta biztanle kopuru hauekin behar dugula DBH herrian. Baina Martutenen arazoak hasi diren arte, Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egiteko asmorik izan”.

Azaldu du Hezkuntza Sailak 2019an esan ziela lehen aldiz Astigarragan DBH jartzeko premia ikusten zuela, eta iaz baieztatu zieten eraikina egingo zutela. Baina oraindik ez dakite noiz hasiko diren lanekin. Udalari dagokio eraikina egiteko lursaila egokitzea, eta ia prest dago. Hilerritik gertu dagoen Mendiaundi-Aranibar izeneko lurzatia atondu du. “Tentsio handiko kable bat pasatzen zen lursailaren gainetik, eta hura lurperatzeko eskatu zigun Jaurlaritzak. Horretan ari gara, eta hil honetan bertan amaitzea espero dugu”.

ASTIGARRAGA

Bukatutakoan, hitzarmen baten bidez, lursaila Jaurlaritzari lagako dio udalak, eta haren esku geratuko dira hurrengo pausoak. Prozesua hasten denetik amaitzen denera bitartean, gutxienez hiruzpalau urte joango direla kalkulatu dute, hainbat fase daudelako tartean: proiektua idazteko lehiaketa egitea, proiektua idaztea, lanak esleitzeko beste lehiaketa bat egitea, obrak egitea, eta abar. Badakite, beraz, kasurik onenean ere, hurrengo hiruzpalau urteetan herriko gazteek kanpora joaten jarraitu beharko dutela. “Herriko egoera ikusita, lau urte asko dira, baina lanak are gehiago luzatzea jada gehiegi litzateke”, esan du Vazquezek.

Joan den astean, udaleko eta plataformako ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearekin bildu ziren. Pozik atera ziren bileratik, ikusi zutelako alderdi politikoetako ordezkariek garbi zutela Astigarragan DBH jartzeko premia dagoela. “Baina esandakoa ekintzetan erakutsi arte, beldurra hor dago, eta tinko jarraituko dugu epeak luzatu ez daitezen”, dio plataformako kideak. Urdangarinek ere berretsi du prozesua lehenbailehen hasteko eta etenik ez izateko eskatzen diotela Jaurlaritzari.

Inbertsio planetik kanpo

Badago kezka eragiten dien puntu bat. Hezkuntza Sailak lau urterako inbertsio plan bat egin ohi du, eta 2019-2023 eperako planean ez dago sartuta Astigarragako DBHko eraikina —herri eskola handitzea, adibidez, bai—. Vazquezek eta Urdangarinek esan dute ez dakitela hori zenbateraino izan daitekeen oztopo. Puntu horri buruz galdetuta, Hezkuntza Saileko ordezkariek Gipuzkoako Hitza-ri esan diote ez dutela hitz egin nahi publikoki.

“Batzordean, kideren batek esan zuen badaudela planean inbertsio berriak sartzeko mekanismoak, eta uste dugu gurea bezalako kasu baten aurrean mekanismo horiek erabili behar liratekeela”, zehaztu du alkateak. Aurreikuspen zehatzak biltzen dituen egutegi bat finkatzeko ere eskatu dio udalak Hezkuntza Sailari: “Pentsatzen dugu maiatzean edo ekainean emango digutela proposamen hori”.

Orain arteko bidean, lursailarena izan da oztopoetako bat. Desadostasunak egon dira eremurik egokiena zein zen erabakitzeko orduan. Udalak 2011-2015 legegintzaldiaren amaieran proposatu zuen, lehen aldiz, Mendiaundi-Aranibarreko lursaila. Udal gobernu aldaketa egon zen gero, eta 2015-2019ko legegintzaldian beste lur batzuen aukera ere jarri zuen mahai gainean udalak; besteak beste, Ergobia auzoan egiteko aukera aipatu zuen, baina, uholde arriskuengatik epeak asko luzatuko zirela iritzita, eta ekonomikoki ere ez zela bideragarria ikusita, aukera hori ere ez zuten hobetsi. 2019ko hauteskundeetan berriro aldatu zen udal gobernua, eta atzera berriz ere Mendiaundi-Aranibar lursailaren aukerari heldu zioten.

Ingurune malkartsua da, eta nahiko txikia. “Inbertsioa berak ordaindu behar duenez, Hezkuntza Sailarentzat merkeagoa da zelai-zelaian dagoen orube bat. Guk geuk ere nahiago genuke halako bat, baina ez daukagu”, esan du alkateak. Kontatu du herria hainbeste hazi izanaren eta bere garaian plan orokorrean eskolarentzat lurrik gorde ez izanaren ondorioak direla horiek. Aurreproiektu bat egin zuen udalak, erakusteko irisgarritasun aldetik beharrezko baldintzak betetzen zituela aukeratutako eremuak, eta azkenean iaz eman zion oniritzia Hezkuntza Sailak.

Vazquezek uste du tarte honetan denbora asko “alferrik” galdu dela. “Gure plataforma zabala da, eta era guztietako iritziak egongo dira, baina nik uste dut aurreko legegintzaldian orain aukeratu den lur horretako arazoak konpon zitezkeela, eta, beste aukerarik ez zegoela erakutsi beharrean, alferrik joan zirela lau urte”.

DBHko eraikina egiten dutenean azpiegitura berria baliatuz batxilergoa ere herrian jartzeko aukerarik ba ote dagoen galdetuta, plataformako eta udaleko ordezkariek azaldu dute hasieran baietz esan zietela —udalaren aurreproiektuan ere ageri zen aukera hori—. Alabaina, gero, Hezkuntza Sailekoek jakinarazi zieten oraingoz, behintzat, baztertu egiten dutela eskaintza hori egiteko aukera. Hala ere, uste dute proiektua idazten dutenean etorkizunean batxilergoa ere modu erraz batean txertatzeko aukera jasoko dela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.