Lehen plaza askorentzat

Lehen plaza askorentzat

Irati Saizar Artola

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa amaierara iristen ari da. Gaur izango da laugarren eta azken kanporaketa, Arrasateko Kulturate kultur etxean, 19:00etan, eta bertan argituko da zein sei bertsolari ariko diren maiatzaren 28ko finalean, Urnietako Sarobe arte eszenikoen aretoan. Jon Mendiluze, Lide Arregi, June Aiestaran, Sustrai Goenaga, Uxue Ostolaza eta Amets Aizpurua ariko dira gaur bertsotan.

Apirilaren 23an hasi zen txapelketa, Oiartzunen, eta hiru kanporaketa jokatu dituzte ordutik. Hortaz, hiru bertsolarik, dagoeneko, lortu dute finalera igarotzea: Joar Garatek, Nerea Isusik eta Naia Arrizabalagak. Gaurko kanporaketa irabazten duena izango da laugarren finalista, eta saio guztien artean puntu gehien lortzen duten bi bertsolariak ere finalean izango dira.

Aurten, 14 eta 18 urte arteko 21 bertsolarik hartu dute parte bat-bateko txapelketan. Halaxe azaldu du Eneritz Artetxe Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideak. Txapelketa “martxa onean” doala esan du. “Iazko gorabeheren ondoren, datak betetzen ari gara gutxienez, eta ez da gutxi”.

Aurten, gainera, bertso afariaren formatutik areto txikietara pasatu behar izan dituzte saioak. Orain arte, elkarteetan egiten zituzten kanporaketak, eta finala, berriz, Lasturren (Deba), jatetxean. “Mahai inguruko formatu hori goxoagoa eta hurbilagoa da berez, baina itxita daude elkarteak, eta jatetxeek murrizketak dituzte. Beraz, saioak areto txikietara eramatea erabaki genuen, ahalik eta goxoenak izateko”, azaldu du Artetxek.

Oholtzak “neurrikoak” izan daitezen saiatu dira, eta publikoa “gertu” kokatzen. “Bertsolari askorentzat lehen plaza izaten da eskolartekoa, eta ahalik eta erosoen jarri nahi izan ditugu; oholtzaren aurrean, lehenbizi, entzuleak izaten dira, eta atzean, ahalik eta ezkutuen, epaileak”, erantsi du. Gipuzkoako epaile taldeko kideak aritzen dira epaile lanetan.

Kanporaketetako saioetan ondorengo ariketak egin behar izaten dituzte gazteek: lau oin emanda, zortziko txikian, bertso bat; gaia emanda, binaka, zortziko handian, bina bertso; eta bakarkako lanean, puntu bati erantzuteaz gain, gaia emanda, bertso bat, hamarreko handian gehienez. Finalean, berriz, ariketa bat gehiago egin beharko dute: binaka, zortziko txikian, bina bertso.

Bertsolari gazteak “gogoz” ikusten ditu Artetxek, eta bertsotan “ondo” egiten ari direla dio. “Lehenengo plaza duten gaztetxoei urduritasuna nabari zaie, baina azpimarratzekoa da bertso eskoletan egiten den lana, eta horren erakusle da gazte hauen maila”, gehitu du.

Artetxek zehaztu duenez, azken urtea ez da erraza izan bertso eskolentzat. Itxialdi garaian bertan behera utzi behar izan zituzten horietako asko, eta online eutsi ahal izan zieten batzuei. Ikasturte berriarekin batera, ordea, saiakera egin dute berriz ere martxan jartzeko, eta ia gehienetan lortu dutela azaldu du Artetxek: “Irakaslea duten bertso eskolak martxan ditugu, baina lagunartean egiten ziren hainbatentzat zailagoa izan da egoera”.

Txapelketan parte hartu duten bertsolariek, beraz, ez dute izan bertso eskolen aitzakiarik, eta irailetik aritu dira txapelketa prestatzen. “Eskolartekoa topaketa garrantzitsua izaten da bertsotan egin nahi duenarentzat eta bertso eskolan ibiltzen den ororentzat”, esan du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideak. Irakasleek ere “izugarrizko lana” egiten dutela gaineratu du, “eta ez soilik bertsotan irakasteko, jendaurrean lasai edo ahal den lasaiena aritzeko ere bai”.

Gaur egun, bertso eskoletan “ikasle mordoxka” dagoela esan du Artetxek, eta begi onez ikusten du etorkizuna: “Bertso eskolak ez dira astean ordubeteko klaseak bakarrik; hortik kanpo, harreman sareak sortzen dira. Bertso eskolak dauden lekuan osasuntsu helduko zaio bertsolaritzari”.

Bat-bateko txapelketari dagozkion kontuak dira horiek, baina abian da idatzizko txapelketa ere, eta, dagoeneko, epaileen eskuetan dira lanak. Gipuzkoako Ikastolen Elkartea arduratzen da idatzizko txapelketa antolatzeaz.

Gazteentzat, “pizgarri”

Txapelketaren 41. aldia ari dira ospatzen aurten. Urtez urte txapelketa “moldatuz” joan dela azpimarratu du Artetxek. “Baina, irauten badu, berrikuntzak egin direlako irauten du, eta jendea gogotsu dagoelako”. Artetxeren ustez, gaztetxoentzat bertsotan jarraitzeko “pizgarri” ere izaten da askotan eskolartekoa: “Bertsolari izan nahi duenarentzat nahikoa motibazio da bere garaian eskolartekoan aritu zirenak gaur egun beste hainbat txapel irabaztera iritsi direla ikustea”.

Aurtengo irabazleak eta txapeldunordeak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan kantatuko dute, udazkenean, gainerako lurraldeetako txapeldunekin eta txapeldunordeekin batera. Iaz, pandemiak bertan behera utzi zuen Euskal Herriko finala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.