Elkartasun bilketak, ‘Orain’

Elkartasun bilketak, ‘Orain’

Olaia Gerendiain

Iazko udan jaio zen Larrialdietarako Banku Soziala (LBS) Oiartzualdean, Orain Herria taldea osatzen duten gazteen magalean, egoera zaurgarrian dauden bizilagunei eskua luzatzeko xedez. Pandemiatik harago jiratu ditu begiak Brais Sanchez Casar lezoarrak egitasmoaren abiapuntura iristeko: “Krisi ekonomiko larri bat ikusi genuen, eta baita, horren eraginez, langile klasearen prekarizazio sakon bat ere”. Hori ikusirik, Lezon eta Pasaian hainbat herritarrek ezinbestekotzat jo zuten elkartzea eta antolatzea.

Bi ardatz nagusi ditu Larrialdietarako Banku Sozialak: janari bilketa egitea eta gune finko izendatu dituztenak sustatzea. Bi hilean behin egin ohi dituzte elikagaiak biltzeko saioak, LBS osatzen duten familiekin egunak aurretik adostuta.

Elikagai ez-iragankorrez gain, arropa eta jostailuak ere biltzen ari dira iazko abendutik. “Orain familia bakoitzarentzako nahikoa arropa badugunez, banaketa egingo dugu laster”, azaldu du Sanchezek; jostailuak, berriz, iragan Gabonetan banatu zituzten, eta ordutik bildutakoak hurrengo neguan emango dizkiete beharra duten haurrei.

Eltzeitsuak denen eskura

Lezoko eta Pasaiako barruti bakoitzeko hainbat harategi, arrandegi eta barazki dendatan ezarri ditu Orain Herriak bilketarako gune finkoak. Eltzeitsu bat ipintzen dute LBSrekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen duen establezimendu bakoitzean, nahi duenak diru dohaintza egin dezan bertan. Kutxetan bildutakoa komertzio horretan bertan inbertitzen dute, bi hilean behin, eta Larrialdietarako Banku Sozialeko familien artean banatzen dituzte elikagaiak gero.

Elkartasun keinuei esker, herritarrek denda bakoitzean “borondatea” uzten dutela azaldu du Sanchezek, eta, “tokiko merkataritza txikia sustatzeaz gain”, muturreko egoeran dauden bizilagunei “oinarrizko beharrak asetzeko bazkagaiak” banatzen dizkietela diru horrekin.

Lan eginda eta antolatuta, egitasmoan parte hartzen dutenen egoera eraldatzen has daitekeela sinetsita daude sustatzaileak, eta harago joan nahi dute: “Boluntario moduan lanean ari garenok euren curriculumak Europako estandarretara egokitzeko laguntza eskaini genien”. Etorkizunean egungo zerbitzua zabaldu eta euskara klaseak edo zenbait formakuntza eskaintzea ere hausnartzen ari dira.

Sanchezek aitortu du “ekintza txikiak” direla eurenak “sistema oso bat irauli ahal izateko”, baina txikitasun horretan lagun hurkoari “eskukaldi bat ematea” ez dela ekintza hutsala azpimarratu du. “Badakigu Larrialdietarako Banku Sozialak ez diela bizitza konponduko, baina pairatu behar izaten duten muturreko egoerari irtenbidea ematen lagun diezaiekegu”. “Berdinen arteko elkarlana eta langileen antolakuntza” dituzte hartarako gako. Egiaztatu dute, gainera, hilabeteotako jarduna fruituak ematen ari dela.

Elkarlan sarea, handitzen

Sanchezek azaldu duenez, “gero eta sendoagoa bilakatzen ari den sare baten parte” dira Larrialdietarako Banku Sozialak sorosten dituen familia horiek. “Eta, familia horiek etorkizunean egungo egoera gainditzea lortuko balute, elkarlanean jarraituko lukete, beste batzuen miseria konpontzeko. Azken batean, elkarren arteko berdintasunean oinarritzen da laguntza hau”.

Orain Herriak argi utzi nahi die laguntza eskatzen dutenei errua ez dela norbanakoena: “Sistema honek eragindakoa da; oso argi daukagu hori”. Ildo horretan, jakin badakite “sistema kapitalistaren krisi ziklikoek” zaurgarritasun egoeran jar ditzaketela etorkizunean, eta egoera hori sufritzen ari direnei edo elkarlanean aritu nahi dutenei dei egin diete taldearekin harremanetan jartzeko. Instagramen (@orain.herria), Facebooken (Orain Herria) eta Twitterren (orainherria) aurki daiteke informazio guztia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.