“Gizarte osoaren arazoa da”

Pentsiodunak astelehenean abiatu ziren Errenteriatik, eta eskualdez eskualde Gipuzkoa zeharkatzen ari dira bizikleta martxa baten bidez. Bihar egingo duten manifestazioarekin biribilduko dute mobilizazio astea. Besteak beste, pentsio guztiak 1.080 eurotik gorakoak izatea eskatzen dute.

Miren Garate

Astelehenetarako dute jarrita hitzordua: kalera ateratzen dira pentsiodunak, “pentsio publiko duinak” eskatzera. Ia hiru urte eta erdi daramatzate protestan. Haien aldarrikapen nagusietako bat da pentsio guztiak gutxienez 1.080 eurokoak izatea, baina “duin” izenondo horren barruan eskaera sorta zabala dute: 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformek eta 2010eko eta 2012ko lan erreformek ekarritako murrizketak indargabetzea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala deuseztatzea, 40 urte kotizatuta dituztenen aurretiazko erretiroak ez zigortzea, eta abar. Bihar, 17:00etan, manifestazio bat egingo dute Donostian, eskaera horiek guztiak gizarteratzeko—Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere izango dira mobilizazioak—. Aurrez, ordea, ekitaldia girotzeko, hainbat pentsiodun Gipuzkoa eskualdez eskualde zeharkatzen ari dira, bizikletan.

BIZIKLETA MARTXA

Astelehenean abiatu ziren, Errenteriatik, eta Tolosan amaitu zuten lehen eguna; Tolosatik Urretxurako ibilbidea egin zuten asteartean; Zumarragatik Bergarara joan ziren asteazkenean; eta, atzo, Bergaratik Debara. Bi etapa dituzte aurretik oraindik: Debatik Usurbilera gaur, eta Usurbiletik Donostiara bihar. Hamazazpi lagun dira ibilbide osoa egitekoak, baina une oro ari dira jende gehiago izaten inguruan, babes zabala jaso baitu pentsiodunek egindako deialdiak: ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek ez ezik, Ernaik, Gazte Koordinadora Sozialistak, talde feministek eta herriz herriko askotariko elkarteek eman diote atxikimendua.

PENTSIONISTAK

Astelehenean bertan, 08:30 ingururako, dozenaka lagun zeuden Errenteriako udaletxe aurrean, bizikletei azken ukituak ematen batzuk, bizikleta martxan parte hartuko zutenak babestera joanda beste batzuk. Antolaketa lanetan zebilen Jose Mari Uria Oiartzualdeko Duintasuna pentsiodunen elkarteko kidea. “Alde batetik bestera mugituz, herrietan ikusgaitasuna lortzeko aukera ona iruditzen zitzaigun bizikleta martxa”, esan du.

Pentsioak gutxienez 1.080 eurokoak izateko eskaera Europatik datorrela gogorarazi du: “Europako Eskubide Sozialen Kartak esaten du gutxieneko pentsioak lurraldeko batez besteko soldataren %60koa izan behar duela”. Uriaren esanetan, hortik behera egon daitezke Gipuzkoako hamar pentsiotatik sei, alarguntasun pentsiotik bizi direlako asko. “Eta kobratzen dute senarrak edo emazteak kobratzen zuenaren %52, nahiz eta kasu batzuetan %60ra igotzea lortu dugun”. Beharrezkoa ikusten dute beste urrats bat egitea: “%100 kobratzea eskatzen dugu”.

Etorkizunari begira

Ez dira garairik onenak protestarako ere. Jende askok beldurra du, are gehiago adinekoak izanda. “Baina lortu dugu dinamika mantentzea. Konfinamenduaren ondoren ere, ekainaren 1erako kalean ginen”, esan du Karlos Etxeberriak, Donostiako Alderdi Eder plataformako kideak. Estereotipoetan, gutxitan irudikatzen dira adinekoak kirolean. “Bizikletan joate horrek ere ematen dio puntu bat protestari”, aitortu du.

Bizikleta martxa Ordizian

Ibilbide guztia egingo duenetako bat da Etxeberria. Joxe Iriarte Bikila errenteriarra da beste bat. “Kirola egiten ohituta nago, baina bizikletan, ez hainbeste. Ea ez zaigun ipurdiko minik jartzen”, zioen abiatu aurretik, txantxetan. Hurrengo egunetarako plana argi zuen: “Herrietatik pasatu, jendearekin hitz egin… Helburua da giroa sortzea larunbateko manifestaziorako”. Berrehun kilometro baino gehiago egin dituzte dagoeneko, eta kontatu dute babes handia sentitzen ari direla.

Txistulariak eta dozenaka herritar aurretik zituztela, oinez egin zituzten lehen metroak Errenterian. Besteak beste, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak zihoazen jende multzoaren artean. “Jende hau borroka egiten oso ohituta dago. Beraiengatik ere ari dira, baina, batez ere, etorkizuneko pentsioen alde ari dira”, zioen Zigor Gazpio Oiartzualdeko ELAko ordezkariak. Haren esanetan, jada “asko” igartzen dira azkena egindako erreformen ondorioak: “Jendeak urte gehiago egin behar du lan; askok arazo fisikoak ere izaten dituzte, eta erretiroa hartzea erabaki behar izaten dute gutxiago kobratzea onartuz”. Pentsioen gainean dauden zurrumurruak entzunda, ez du baikortasunerako motibo handirik ikusten: “Seguru asko berriz ere pentsioek behera egingo dute, eta hori inorentzat ez da ona. Erretiroak zigortzen dituzte, eta gazteek ezin dute lan mundura sartu”.

Kristina Gete Oiartzu-Bidasoako LABeko ordezkariaren esanetan, beharrezkoa da “eraldaketa gaurtik” egitea, bestela pentsio publikoek ez dutelako etorkizunik izango: “Pentsioak guztion ardura dira, ez pentsiodunena bakarrik. Lan pedagogiko handiagoa egin behar dugu, eta hori bultzatzen ari gara LABetik”.

Pentsiodunen bizikleta martxa Zumarragan

Pentsiodunak ez direnen aldetik behar adinako aitortzarik sentitzen al dute pentsiodunek? Babes handiagoa nahiko al lukete? “Hori beti, baina gazteekin ere ari gara lanketa bat egiten. Pentsioak gizarte guztiaren arazoa dira”, dio Uriak. Aste honetakoa “kontuan hartzeko moduko ahalegina” iruditzen zaio Etxeberriari. “Guk ere etxekoak utzi behar izan ditugu, lo ere kiroldegietako lurrean egingo dugu… Gazteek ikus dezatela hor dabiltzala zaharrak, mugitzen ari direla”. Gaiaren “transbertsalitatea” nabarmendu du. “Pentsioak hobetzeko, kotizazio onak behar dira, kalitatezko enplegua behar da. Denok ukitzen gaitu honek”. Bide beretik, gutxieneko soldata “duinen” beharra aipatu du Bikilak ere: “Sindikatuekin harremanetan gaude, pentsioek eta soldatek duten loturagatik. Gure aurrekoek gugatik egin zuten borroka, eta orain guk ere egingo dugu hurrengoengatik”.

Pentsiodun izan gabe ere aste honetako bizikleta martxan parte hartu duenetako bat izan da Inma Larrañaga. “Arratsaldean lana daukat, eta Andoaineraino joango naiz”, zioen Errenterian abiatu aurretik. 60 urte ditu, eta osasun arloan lan egiten du: “Borroka hau niri ere badagokit. Egunen batean ni ere izango naiz pentsioduna, eta ez badugu borrokarik egiten, badakigu zer datorkigun”.

Kontatu du oso baldintza txarretan ari direla lanean: “Hain urte gogorra ari da izaten… Baina ez da aurtengo kontua bakarrik; fisikoki nahiz psikologikoki jasanezina den lan karga jasaten ari gara azken urteetan”. Azaldu du ez dutela baztertzen greba orokor bat egitea ere. “Iruditzen zait pentsiodunen mobilizazio hau ere kalitatezko osasun publikoaren aldeko eskaeraren norabidean doala”.

Emakume gutxiago

Hain zuzen ere, pentsiodunen mobilizazioetan gero eta indar handiagoa hartzen ari dira osasunari eta zaintzari lotutako aldarrikapenak. Pertsonek bizi baldintza duinak izateko eta osasun zerbitzu publikoak eta zerbitzu soziosanitarioak izateko duten eskubidea bermatzeko eskatzen dute pentsiodunek. “Gizarteari argi geratu zaio zer egoeratan dauden zahar etxeetan eta abar”, esan du Bikilak. “Zaintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa behar dugu”, gaineratu du Etxeberriak.

Suziri bat bota, eta “animo, lagunak” esanez eta txaloka agurtu zituzten txirrindulariak astelehenean. Donostian, zain zituzten sindikatuetako ordezkariak; Hernanin, dantza egin zieten; Tolosan, talde feministakoek batukada doinuekin egin zieten ongi-etorria. Amaia Agirrek bertso batzuk ere bota zizkien: “Parekidea ez den unetik/erdian sortzen da horma/ta bizikleta martxak ere hartu/du gizonezkoen forma/gurpil gaineko aldarrikapen/denek ze bide zaila daukaten/malkartsua ta sakona […]”, hasi zuen horietako bat.

Hain zuzen ere, emakumeak baino askoz gehiago izan dira gizonak bizikleta martxan. “Arrakala ez dago pentsioetan eta jornaletan bakarrik. Kirola egiteko ere askoz oztopo gehiago izan dituzte emakumeek historian zehar. Eta emakume gutxiagok parte hartzea eragiten duten kausa batzuk hor daude oraindik”, nabarmendu du Etxeberriak. Zaintzaren arloan hartu behar izaten dituzten erantzukizunak eta abar sartzen dira zaku horretan.

Lehen eguna bezalaxe, giro ederrean joan dira orain arteko beste egunak ere. Asteartean, hamaiketakorako fruta jarri zieten Legorretan; salda Lazkaon; gazteen ordezkaritza bat zain zuten Ordizian; Segurako Ipar Hegoakoek paella prestatu zieten; frontoian lo egin zuten Zumarragan, eta herritarrek eman zieten afaria —osasun egoeragatik, bakoitzak bere kanpadenda jartzen du—. Asteazkenean ikusi zuten Debagoienean ere mugimendu handia sortu dela biharko protestaren harira. Kalejirak eta abarrak izan ziren, berriz, atzo. Astea biribiltzeko, biharko manifestazioan parte hartzeko eskatu diete pentsiodunek herritar guztiei.