Neskame izatetik, neskak ahalduntzera

Neskame izatetik, neskak ahalduntzera

Rebeka Ruiz

Petra Laborda sukaldari hondarribiarraren figura eta lana iluntasunetik argitara ateratzeko lanean dihardu Arma Plaza fundazioak azkenaldian. Labordaren La cocina práctica (1929) liburua oinarri hartuta, haren bizitzaren nondik norakoak errepasatu eta errezetak berrinterpretatu dituzte. Liburuari beste bizitza bat ematea, galdutako errezetak berreskuratzea, eta Labordari euskal gastronomian dagokion lekua aurkitzea dira helburuak.

1989. urtean irakurri zuen Koldo Ortega historialariak Labordaren inguruko lehen artikulua, Hondarribia aldizkarian, eta “ezustean” harrapatu zuela onartu du: “Hondarribiko emakume batek, baserritarrak, liburu bat argitaratu zuen 1929an, Irunen. Emakumeekin gertatzen den bezala, kutxan sartuta gelditu zen liburu hura ere, baina argitara atera behar zela esan nion neure buruari”.

Pixkanaka, ikerketa lanari ekin zion Ortegak, eta Labordaren senide batekin harremanetan jartzea lortu zuen. “Etxean zuen liburua, eta Hondarribiko etxe askotan zegoela ohartu nintzen gero”, azaldu du. Hala, pixkanaka, sukaldariaren gaineko biografia azaleratzen joan zen: Petra Laborda Zuzuarregi Hondarribiko Arkolla auzoko Marikinea baserrian jaio zen, 1860ko ekainaren 29an, eta 17 urte zituela neskame hasi zen Pantaleon Gal Gainza Irungo Udaleko idazkariaren etxean. Isabel Falguera y Moreno Santiagoko kondesaren neskame izatera ere igaro zen, eta Madrilera joan zen. “Berehala agertu zen berriro Irunen eta Kale Nagusian kokatuta zegoen Imprenta Comercialen argitaratu zuen liburua”. Liburuaz gain, emakumeei zuzendutako sukaldaritza akademia bat ere sortu zuen Labordak, eta eskolak ematen hasi zen. “Hondarribian mutilak itsasora bidaltzen zituzten, baina neskak, zer? Ezkondu, neskame edo moja sartu, ez zegoen besterik, eta badirudi haiek ahalduntzen saiatu zela Petra, sukaldari izan zitezen”. Hondarribiko Denda kaleko bizitokian zendu zen, 1940an.

Ez dago argi La cocina práctica errezetategiaren zenbat ale kaleratu zituen Labordak. Ortegak zalantzan jarri du, gainera, salmentarako izango ote ziren ere, lan horrek emakumeentzako sukaldaritza eskolekin harremana daukala uste baitu. “Errezeta sinpleak irakasteko egin zuela dirudi”, gehitu du.

Etxe askotako errezetak

Errezeten berezitasunen inguruan galdetuta, “frantses kutsua” dutela erantzun du Ortegak: “Garaiko joera zen”. Urteen joan-etorrian, hala ere, “hamarnaka” errezeta galdu dira, nahiz eta ikerketari esker ondorioztatu duten horietako asko arruntak zirela Hondarribiko etxeetako sukaldeetan. Errezeta horiek berreskuratzeko helburuarekin, elkarte, eragile eta herritarrei deialdia luzatu zieten proiektuaren arduradunek, tartean, Ortegak berak, Miren Aierbe Arma Plaza fundazioko koordinatzaileak eta Juan Manuel Garmendia Kofradia Gastronomikoen Federazioko presidenteak. Historialariak azaldu duenez, platerak eta menuak agertzen dira; ez, ordea, kantitateak eta denborak. “Hori argitzeko herrira jotzea erabaki genuen. Hogei bat errezeta aukeratu genituen, horiek prestatzeko izen ematea ireki genuen, eta libururako argazkiak egin genituen”.

Emeki Hondarribiko emakumeen elkarteko kideek eta Petra Laborda plazaren bultzatzaileek era horretan izan zuten parte hartzeko aukera. Maria Jesus Berrotaranek eta Mari Carmen Elizazuk ordezkatu zuten Emeki. “Barraskiloak eta oilaskoa Petraren erara prestatu genituen guk. Errezeta sinplea, erraza eta gozoa”, esan du Berrotaranek, nahiz eta haiek iristerako arrain errezetarik ez zela deitoratu duen. “Oso polita izan da. Gainera, mahai zapi eta plater politak jartzeko eskatu ziguten, eta, badakizu, amonarenak gordeak ditugunez, horiek hartu eta mahai polit-polit bat prestatu genuen argazkietarako”.

Interesdunek negura arte itxoin beharko dute berrargitalpena esku artean izateko. Bitartean, Labordari gastronomiaren historian dagokion lekua egiten jarraituko du Ortegak. Izan ere, frankismoak ez zituela soilik “errepublikarrak, komunistak eta masoiak” jazartu gogoratu du, “emakumeak ere zapaldu zituen eta oso gutxi hitz egiten da horren inguruan”. Labordaren lana isildu izana testuinguru horretan kokatu du Ortegak, nahiz eta emakume batek errezeta liburu bat argitaratzea ez zen salbuespena. “Labordaren isilpeko jardunak argia ikusteko garaia da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.