Oraindik ez zaio amaitu tinta

Oraindik ez zaio amaitu tinta

Josu Artutxa Dorronsoro

Villabona-Amasan jaiotakoa da Lierni Mendia margolaria, eta Tolosan bizi da gaur egun. Hain zuzen ere, 51 lanez osatutako erakusketa zabaldu du Tolosako Aranburu jauregian, eta ekainaren 12ra arte egongo da zabalik. Haurra zela, ipuinetako ilustrazioek arreta pizten zioten beti. “Oso gogoko nituen, baita erretratuak ere. Orduan, horiek kopiatzen hasi eta, gerora, nire kabuz sortu eta ilustrazio propioak egiteari ekin nion”, adierazi du.

Badira urte batzuk boligrafoak soilik erabiliz marrazten hasi zela, eta, orain, azken bi urteetan sortutako lanak ikusgai jarri ditu. Aurretik gehiago ditu eginak; jada ez da oroitzen, ordea, zenbat egin dituen teknika horrekin lanean hasi zenetik. Erakusketako lanei dagokienez, loreetatik hasi eta likidoen mugimendua islatzen duten ilustrazioetaraino, “marrazki ezberdinak” aurki daitezke. Horiez gain, “gozotasuna” transmititzen duten esku-emateak eta begiradak ere badaude.

Koadro gogokorik ba ote duen galdetuta, ondorengoa azaldu du: “Denbora asko igaro dut koadroak margotzen, eta, normala den moduan, batzuk gustukoago ditut beste batzuk baino, baina badira horrenbeste ase ez nauten lanak ere. Hala ere, guztiak dira kutunak niretzat”.

Teknika berezia da bolalumarena. Orain arte, “mota guztietakoak” probatu izan ditu Mendiak, baina Bic markakoak erabiltzen ditu gehien. “Teknikoki, horiek dira onenak. Tintaren ezaugarriengatik aukeratu nituen, beste marketako boligrafoek tinta gehiegi askatzen dutelako. Ez dira Bic boligrafoak bezain zehatzak, eta, beraz, ez dute hain garbi marrazten”. Hala ere, zenbait xehetasunetarako Staedtler, Paper Mate, Pentel edo Luxor markakoekin ere aritzen da. “Irudiari bolumena emateko, tonu ezberdinak lortzeko edo tolestura onenak marrazteko balio dute horiek”. Lehen, “ohiko koloreekin” marrazten zuen Mendiak: urdinarekin, beltzarekin, gorriarekin… Orain, ordea, arrosa, berdea, marroia nahiz laranja ere erabiltzen ditu. “Oso gustuko dut koloreekin jolastea, batetik bestera aldatzen aritzea”.

Kolore ezberdinak sortzen

Boligrafo bera erabiliz, gainera, “kolore ezberdinak” lortzen dituela esan du Mendiak, tintaren intentsitatearen arabera. “Boligrafo urdina erabiliz, adibidez, urdin argiagoak eta ilunagoak marrazten ditut. Kolore ezberdinak dira, baina boligrafo berarekin marraztutakoak. Horrek, gainera, argi-itzal efektua ematen dio irudiari”. Paperari dagokionez, paper zuria erabiltzen du, “kartoi mehe edo testura zurrunekoa”; akuarela paperak ere oso onak direla aipatu du.

Boligrafoekin marraztea “lasaigarria” zaiola aitortu du Mendiak. “Praktikatzeko orduan, garbia eta erosoa da. Nik, gainera, trikimailu guztiak ezagutzen ditut jada, eta, beraz, oso erraza egiten zait. Pixkanaka esperimentatu behar da, marrazkiak behin eta berriz eginez. Gustatu ahal izateko eta erraza suertatzeko, jarraitutasun bat eman behar zaio, gauza guztiei bezala: ez dago beste erremediorik”. Bestetik, eskuak “aske” izatea ezinbestekoa dela azpimarratu du. “Horrelakorik ezean, akabo”.

Boligrafoa, aldi berean, “erronka bat” ere bada margolariarentzat. “Marrazten ari zarela, ezin duzu atzera egin, ezin duzu gaizki egindakoa ezabatu, eta horrek erakartzen nau gehien”. Artista billabonatarrak oso gustuko ditu xehetasun txikienak, hala nola ur tantak, argi-itzalak, zimurrak edo tolesturak. “Errealak izatea da helburua, ikusten duzuna islatzen jakitea, gero horrek pizten baitu arreta”, esan du. Hori lortzeko, teknika ondo menderatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. “Horrela errazagoa da errealismora gehien gerturatzen den irudia paper gainean islatzea”.

Ezin da akatsik egin. Hori da, hain justu, teknika horren berezitasunik handiena. “Huts eginez gero, marrazkiak jada ez du balio”, nabarmendu du Mendiak. “Marrazki bat espero bezalakoa ez denean, bazter batean uzten dut, eta, agian, aurrerago, aste edo hilabete batzuetara, berriro hartzen dut. Hala ere, oso gutxitan gertatu izan zait hori”. Nahastu izan denetan, margolana “berehala” ahaztu izan duela dio. “Ez zaidalako gustatzen buruari buelta ugari ematea. Hau ez da sufrimendua; hau gozamen hutsa da”.

Marrazteko, ikusten ikasi

“Eguneroko gauza txikien edertasuna” irudikatzen saiatu da Mendia. “Ingurukoa ez dugu aintzat hartzen. Beti ari gara gauza handien bila, urrunago dagoena hobea dela pentsatzen, eta ez gara ohartzen aurrean duguna zein ederra den. Horregatik, nonahi aurki ditzakegu loreak, eskuak, ur tantak edo begiradak, eta gauza txiki horietan aurkitzen dugu edertasunik handiena”.

Ikusten jakitearen beharra ere azpimarratu du margolariak. “Garrantzitsuena ez da begiratzen duzuna, ikusten duzuna baizik. Abiadura ikaragarrian bizi gara mundu honetan, eta guztiari begiratzen diogu, baina ez dugu ezer ikusten. Marraztu ahal izateko, ikusten jakitea da garrantzitsuena. Edozein objekturi begiratzean, espazio negatiboak, positiboak, argitasuna, itzala…; hori guztia ikusten jakin behar da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.