Txoko natural bat, gertukoa

Txoko natural bat, gertukoa

Unai Zubeldia

Familia” eta “txokoa”. Eibar futbol taldeari buruz hizketan hasi, eta hitz horiek errepikatu dituzte azken zazpi denboraldietan taldeko jokalari izan direnetako lauk. 2012-2013 denboraldian Espainiako Bigarren B Mailatik Espainiako Bigarren Mailara igo zen Eibar, eta hurrengo sasoian, ezustean, Espainiako Lehen Mailarako jauzia egin zuen taldeak. Egitura hartan ziren, besteak beste, Xabi Irureta (Berriatua, Bizkaia, 1986), Txema Añibarro (Zeberio, Bizkaia, 1979) eta Jon Errasti (Eibar, 1988); Anaitz Arbilla (Iruñea, 1987), berriz, 2016-2017 sasoian iritsi zen Eibarrera, eta futbolaren alderik krudelena bizitzea egokitu berri zaio, maila galduta. Eibarren zazpi urteotako ametsetako ibilbidearen ikurretako lau dira Irureta, Añibarro, Errasti eta Arbilla.

EIBAR_-_FUTBOLA

Errasti “etxean bezala” sentitu izan da beti Eibarren —Logroñesen ari da egun, eta, jaitsiera postuetan sartuta, Bigarren B Mailara ez jaisteko borrokan ariko da asteburuan, Las Palmasen aurka—. “Txiki-txikitatik bizi izan dut klub hau, eta eibartarron irudia osatzen duela uste dut: laguntzeko prest dagoen jendea, langilea, familia gisa portatzen dena… Hori da Eibarren ezaugarri nagusia. Oso talde berezia da eguneroko gauza txiki askotan; naturala eta gertukoa da”.

2012-2013 denboraldian Realaren bigarren taldetik iritsi zen Errasti bere herriko taldera, eta orduantxe egin zuen Eibarrek behetik gorako bidea. “Egun batetik bestera ametsetako ibilbidea egin nuen, eta, Lehen Mailara igota, beste dimentsio batean sartu zen taldea. Real Madril, Bartzelona, Reala, Athletic, Atletico Madril… Gaur egungo gaztetxoak ohituta daude jada, baina harrigarria izan zen horrelako taldeak Ipuruan ligako partida batean ikustea. Oso urte politak eta bereziak izan ziren”. Errastik gogoan dauka lehen urte haietan Añibarro, Irureta eta Mikel Arruabarrena zirela aldagela hartako kapitainak. “Jokalari gazte asko zeuden taldean, eta eurek zeukaten esperientzia gehien”.

ALEX_ARANZABAL

Irureta 2007-2008 denboraldian iritsi zen Eibar B-ra, Manix Mandiola entrenatzaile zela, eta 2009-2010 denboraldian eman zuen lehen taldera pausoa —Villarrubia Bigarren B Mailako taldearekin kontratua dauka ekainaren 30era arte—. Iristearekin batera jabetu zen “oso talde ona eta jatorra” zela hura. “Familia handi baten modukoa”. Iruretaren ustez, familia izaera horretan zerikusi handia eduki zuen Ipurua futbol zelaian bertan dagoen elkarte edo txokoak. “Entrenamendua hasi baino ordubete lehenago hantxe elkartzen ginen beti zazpi-zortzi jokalari, kafe bat hartuz eta hitz eginez. Elkarrekin egoteko aitzakia izaten zen, barre pixka bat egitekoa, eta, ondoren, bestelako giro bat nabaritzen zen entrenamenduetan”.

Añibarrok ziurtatu du Ipuruako txoko hark “izugarri” batzen zuela taldea —Athleticen kadete mailako euskal ligako taldearen entrenatzailea da egun—. “Denok han bazkaltzea, entrenatu ondoren norberak bere kontuez hitz egitea… Eibarren gisako klub batentzat oso garrantzitsua da horrelako guneak izatea”. Arbillak ere etekin handia atera dio txokoari eta bertan sortzen den giro bereziari. “Oso momentu politak bizi izan ditugu hor, beste inon ez dut bizi izan halakorik; jokalariak, entrenatzaileak, bulegoetako langileak… denak elkarren ondoan bildu izan gara”.

Lehen urtean bost-sei jokalarik Whatsapp talde bat ere sortu zutela aitortu du iruindarrak. “Dani [Garcia], Fran [Rico], Sergi [Enrich], Ivan Ramis, Adrian Gonzalez, ni neu… Oso harreman ona sortu zen gure artean, eta astero joaten ginen Euskal Herriko hainbat txokotara, jatetxe onetan bazkaltzera; udan ere elkarrekin igarotzen genuen astebete bat, eta oraindik mantentzen dugu harreman hori”.

Añibarro, kapitain lanetan

Kapitainaren besokoarekin, Añibarro jokalari garrantzitsua izan da Eibarren aldagelan. 2008-2009 denboraldian iritsi zen Eibarrera. “Eta hasieratik nabaritu nuen klub berezia zela; oso gertuko harremana sortzen da jokalarien eta zaleen artean. Zaleak hamabigarren jokalaria direla esaten da beti, baina, Eibarren kasuan, hamaikakoan sartu behar dira, eta denboraldi honetan argi gelditu da hori”.

Añibarrok hasiera ez zuen gozoegia izan klubean. “Iritsi eta Bigarren B Mailara jaitsi ginelako”. Eibarren “berezko tokia” Bigarren Maila dela ziurtatu du zeberiotarrak. “Baina bloke ona sortu genuen, pauso txikiak ematen hasi ginen, eta Lehen Maila eskura geneukala konturatu ginen”. Añibarrok 35 urte eta 174 egunekin egin zuen debuta Lehen Mailan —Espainiako Lehen Mailan inoiz debuta egin duen jokalaririk zaharrena da—. “Azken ostikoak ziren niretzat, eta ohorea izan zen. Gogoan daukat negar malkotan amaitu nuela debuteko partida”. 2015eko urtarrilaren 16a zen, eta Eibarrek bana berdindu zuen Kordobaren zelaian. “Talentuaz hitz egiten da askotan, baina borroka egitea izan da beti nire talentua”.

Momenturen bat goratzen hasita, Iruretak ez du izan zalantzarik: bi urtetan Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo zirenekoa. “Kolpe asko hartu genituen aurretik, igoera faseetan Bigarren Mailara igo ezinik gelditu ginelako”. Iruretak Gaizka Garitano entrenatzailea aipatu du ezinbestean. “Gaizka… eta Patxi [Patxi Ferreira, bigarren entrenatzailea]. Polizia zintzoaren eta gaiztoaren rola jokatzen zuten biek. Oso serioa zen Gaizka, eta une oro broma giroan ibiltzen zen Patxi. Oso bikote ona osatu zuten”. Errastik ere goratu egin du Garitanoren ekarpena. “Oso harreman ona zeukan jokalariekin, nahiz eta oso exijentea zen zelaian”.

Atezainak ez du ahaztu “Lafu” ere, Iñaki Lafuente, 2012tik 2015era atezainen entrenatzailea izan zena. “Futbolean egin dudan lagunik onenetakoa da”. Iruretak argi dauka zein izan den Eibarrek Lehen Mailan zazpi urte irauteko sekretuetako bat: “Eibarrera etorri dena ondo egokitu izan da beti taldera, kluba bera ere inoiz ez delako zoratu izen handiko jokalariak fitxatzen; aldagela beti egon izan da oso batuta”.

Lehen Mailako lehen urtea

Bigarren B Mailako talde izaerari eutsita, normaletik gutxi izan zuen Eibarren Lehen Mailako lehen itzuliak, eta hala onartu du Errastik ere. 27 puntu lortu zituen taldeak. “Olatu gainean iritsi ginen Lehen Mailara, eta oso ondo ekin genion ligari, sentsazio onekin. Gogoan daukat, adibidez, 3-0 galdu genuela Bartzelonan, baina partida ona egin genuela”.

Bigarren itzulian, ordea, zazpi puntu besterik ez zituen lortu Eibarrek. “Bolada txarrean sartu ginen, ez genuen eman gure mailarik…”. Eta taldeak Elxen arazo ekonomikoei esker soilik eutsi ahal izan zion mailari, epaitegietan. Kirol mailan gora eginda, Eibarrek hamargarren amaitu zuen 2016-2017 denboraldian, eta bederatzigarren eta hamabigarren hurrengo bi sasoietan. “Talde izaera izan da Eibarren indargunea”, zehaztu du Arbillak.

Añibarrok argi utzi du, maila galduta, “momentu tristeak” direla egungoak —besteak beste, Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak ez du jarraituko aulkian—. “Baina, jaitsi arren, une onean dago Eibar. 2010ean denok sinatuko genukeen Lehen Mailan zazpi urte irautea eta bizi izan duguna bizi izatea”. Izan ere, zazpi urteotan Eibarrek “izen ona” lortu duela uste du kapitain izandakoak. “Zaila da Eibarri buruz gaizki hitz egingo duen norbait aurkitzea; zerbaiten seinale da hori”.

Lauren artean Arbilla izan zen Eibarrera iristen azkena. “Kontratua neukan Espanyolekin, eta ez zen erraza izan bi aldeak ados jartzea. Baina iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen kalitatearekin; oso talde ona aurkitu nuen”. Sasoi honetan, urtarriletik aurrera, ezinean aritu da Eibar. “Eta denok egin behar dugu autokritika pixka bat, geure mailatik behera ibili baikara guztiok”. Iruindarrak onartu du sasoi honetakoa ez dela izan bost urteotan ezagutu duen Eibarrik onena. “Baina uste dut taldeak bazeukala gehiago egiteko aukera”.

EIBAR BIGARREN MAILARA

Maila galduta, Errastik argi hitz egin die zaleei: “Orain arte bezala jarrai dezatela, eta, posible denean, bete ditzatela Ipuruako harmailak beti bezala”. Eibartarra ziur dago taldeak “barruan daukan guztia ematen” jarraituko duela. “Eta ea denon artean Lehen Mailara itzultzea lortzen dugun; oso polita litzateke”. Arbillak eskaera bat egin du: “Ahaztu egin behar dugu Lehen Mailara igo aurreko Eibar hura. Talde sendo bat da orain, eta Lehen Mailara igotzen saiatu behar du. Erakutsi dugu gauzak ondo eginda Lehen Mailan lehiatzeko gai dela Eibar. Gosea behar du taldeak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.