Uhinetatik tokikoa goratzen

Uhinetatik tokikoa goratzen

Onintza Lete Arrieta

Kandelei putz egiteko urtea dute 2021a Arrosa irrati sareak eta bertako kide den Zarauzko Arraio irratiak. Aurten hogei urte beteko ditu Euskal Herriko irrati libre eta herrikoien sareak, eta hamabost bete ditu Zarauzko irrati libreak. Biak barru-barrutik ezagutzen ditu Iraitz Gesalaga zarauztarrak. Ez alferrik, Arraio irratiaren sorreratik buru-belarri ari da lanean, eta Arrosa irrati sarearen koordinatzailea ere bada.

Gesalagak bezala, irrati libreen uhinetan hogei urte daramatza Iñigo Herreros bergararrak ere. Duela ia hiru hamarkada hasi zen Bergarako Txapa irrati librean lanean, eta han jarraitzen du, herriko kontuei eta protagonistei ahotsa ematen. Txapa irratia Arrosa irrati sarearen barruan dago hasieratik. Ibilbidea, ordea, sarearena baino luzeagoa du. Ikasle batzuek sortu zuten Bergarako irratia, 1980ko hamarkadan, “hasieran, lagunartean ondo pasatzeko helburuarekin”. Leioan (Bizkaia) Kazetaritza ikasten ari ziren, eta UNED-Bergarako arkupeetan izan zuten aurreneko seta. “Handik denbora batera lortu genuen lokala, baina irratsaioak haientzat egiten zituzten artean, eman gabe”, azaldu du Herrerosek.

Saioak ematen 1990eko hamarkadaren lehen zatian hasi ziren, Zabalategiko dorrera joan zirenean. Urteak pasatu ahala, “ganorazko irratia” izatea lortu dutela uste du Herrerosek, urtean eurek sortutako 10-20 irratsaiorekin. Aurrera begirako helburuak “hasierako berberak” dituztela gaineratu du: “Irratiaren bidez Bergarako taldeei nahiz norbanakoei ahotsa ematea. Beti egoten dira gorabeherak irratsaio kopuruarekin, baina osasuntsu dago Txapa irratia, eta horrela mantenduko da”. Duela ia hogei urtetik gaztetxean dago irratia.

Zarauzko Arraio irratiak ere lotura handia dauka bertako gaztetxearekin: Putzuzulorekin. Hala azpimarratu du Gesalagak: “Guk beti txantxetan esaten dugu irrati bat sortu nahi genuela, eta, lokal bat behar genuenez, eraikin bat okupatu genuela; eta, hura handiegia zenez, sobera zegoen guztia gaztetxe bezala erabiltzen utzi geniela. Txantxa da, baina elkarrekin jaio ziren bi proiektuak”. Aurten, hamabost urte bete dira okupazio hartatik eta gaztetxearen nahiz irrati librearen sorreratik. “Helburua zen herrian eta Putzuzulon gertatzen zena kontatzea, okupazioaren aurreneko egunetako erresistentzia erakustea. Baina, pixkanaka, irratsaioak egiteko gogoa sortu zitzaigun”, gogoratu du Gesalagak. “Bat ipuinak kontatzera etortzen zen, beste batek kirolei buruzko irratsaioa egiten zuen, beste batek musika… Irratia forma hartzen joan zen pixkanaka, eta, hilabete batzuen buruan, FMn ematen hasi ginen”. Hiruzpalau lagunen ideia izan zen irratia sortzea, eta Gesalagak uste du proiektuak lortu duela “hainbat belaunaldi eta ideologiatako jendea batzea”. Beti, hori bai, umorea izan dute ardatzetako bat, eta horren lekuko, Xabier Euzkitze aritzea herriko bolo partiden berri ematen, ETBko pilota partida bat balitz bezala.

Askotariko irratiak Arrosan

Laster botako dute Putzuzulo, etxebizitzak egiteko, baina gaztetxeari lotuta jarraitu nahi du Arraio irratiak; udalarekin beste eraikin batera lekualdatzea adosten badute, han jarraituko dute herritarrekin herriaz hizketan. “Guk ez dugu ikusten gaztetxerik gabeko Zarautzik, ezta Arraio irratirik gabeko Zarautzik edo gaztetxerik gabeko irratirik ere”.

Bai Zarauzko irratikoentzat, bai Bergarakoentzat, garrantzitsua da oso inguruko irratiekin elkarlanean aritzea, “irratsaio eskaintza aberasteko, eta elkar babesteko eta laguntzeko”. Hori guztia eskaintzen die Arrosa irrati sareak, Gesalaga koordinatzailearen hitzetan. “Euskal Herriko irrati libre, komunitario eta udal euskal irratien sarea da, eta indargune nagusia du irratsaioak truka ditzagun erraztea. Hala, eskaintza bat osa dezakegu astelehenetik igandera, musika edo errepikapen askorik gabe, eduki berri eta oso interesgarriekin”. Gainera, norberaren lanari “proiekzio handiagoa” ematen zaio horrela.

Arrosak urrian beteko ditu hogei urte. Zazpi lurraldeetako 26 irrati biltzen ditu, horietatik zortzi, Gipuzkoakoak: Arraio irratia (Zarautz), Ataria irratia (Tolosaldea), Ataun irratia (Ataun), KKinzona irratia (Urretxu-Zumarraga), Kontrako Eztarrixe irratia (Azkoitia), Oiartzun irratia (Oiartzun), Txapa irratia (Bergara) eta Zintzilik irratia (Oiartzualdea). Naiz irratia da Gipuzkoako bederatzigarrena, Donostialdean, izaera nazionalekoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.