Acabe elikadura nahasmenduetarako unitate espezifikoak eskatzen ari da

Acabe elikadura nahasmenduetarako unitate espezifikoak eskatzen ari da

M. Garate

Elikadura portaeren nahasmenduak dituztenentzako unitate espezifiko bat: Yolanda Iglesias psikologoaren esanetan, horixe da Acabe Gipuzkoako Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkartearen eta nahasmenduak dituztenen senideen eskaera nagusietako bat. Anorexia eta bulimia kasurik larrienetan, beharrezkoa izaten da gaixoa ospitaleratzea, baina Gipuzkoan ez dago haientzako bereziki prestatutako gunerik; bestelako patologiak dituztenekin batera ospitaleratzen dituzte —adingabeak baldin badira, haur eta nerabeen unitate psikiatrikoan—.

Iglesiasen esanetan, kasu larri horietan, alde batetik, alderdi psikologikoari erreparatu behar izaten zaio, egoera oso kaskarrean egon ohi direlako gaixoak, depresio larriekin eta abar: “Ezin dugu ahaztu nahasmendu psikologikoak direla anorexia eta bulimia. Bestelako zailtasun batzuk egon ohi dira atzean askotan”. Horregatik, psikologoek, psikoterapeutek eta psikiatrek esku hartu ohi dute gaixoekin.

Alderdi emozionalaz gain, ordea, fisikoa ere kaltetuta egoten da batzuetan; esate baterako, arruntak izaten dira norbere buruari oka eginarazteagatik sortutako bihotz arazoak. “Endokrinoak, familia medikuak edo pediatrak, batzuetan ginekologoak… Diziplina askotako medikuek hartu behar izaten dute parte errekuperazioan”.

Kostu handia

Iglesiasek dio elikadura portaeren nahasmenduak gainditzea posible den arren, luze jotzen dutela prozesuek: “Diagnosia duten kasuetan, bi urte behar izaten dira gutxienez”. Horregatik, arreta espezializatua eskaintzen duen zentro publikorik ezean, esan du arlo pribatura jo behar izaten dutela familiek, baina ez dago edonoren esku horrek dakartzan kostuei aurre egitea. “Kasu hauetan hilean behingo saioek ez dute balio izaten: terapia intentsiboak behar izaten dira, asterokoak”.

Ospitaleetako unitate espezifikoez gain, bestelako baliabideak ere eskatzen ditu Acabe elkarteak. “Bizkaian, adibidez, Bilbon badituzte eguneko zentroak. Hemen ez dago halakorik, ezta harrera pisurik eta antzekorik ere. Beste lurralde batzuetan badauden gauzak eskatzen ari gara, ez besterik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.