Ficoba, bizitzaz beteta berriro

Bioterra produktu ekologikoei buruzko azoka egingo dute, gaurtik igandera, Irungo Ficoba erakustazokan. Urte hasiera gogorraren ostean, iaz baino normaltasun handiagoz ari dira lanean.

Imanol Saiz

Ekologiari ateak zabalduko dizkiote asteburu honetan Irungo Ficoba erakustazokan. Bioterra azoka egingo dute gaurtik igandera bitartean, urteko topaketarik garrantzitsuenetako bat hirian. Iaz ezin izan zuten egin nahi bezala, pandemiagatik, baina aurten, XVIII. aldian, aurrerapauso handia emango dute antolatzaileek. Aurten bai, aurten hiru pabiloiak beteko dituzte milaka bisitarik.

Pandemiak iazko ekitaldia atzeratzera behartu zituen antolatzaileak —urrian egin zuten, osasun neurri zorrotzekin—, baina aurtengoak ohiko data berreskuratu du. Iazko azoka “xumea eta txikia” izan zela dio Ficobako zuzendari Ander Sarrateak, baina, hala eta guztiz ere, 9.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zuten. “Hor ikusi genuen gauzak ondo antolatuta emaitza onak lor daitezkeela”. Asteburu honetarako “jende gehiago” espero dute.

Zuzendariaren arabera, natur baliabideen, kontsumoaren, ekoizpenaren eta eraikuntzaren kudeaketa eraginkorraren garrantziari buruzko “kontzientzia sortzera” dator Bioterra, eta, horretarako, egitarau oparoa antolatu dute astebururako. Aurtengo azoka, gainera, berritasunekin datorrela aurreratu du Sarrateak, “trantsiziozko edizio bat” izan arren, “normaltasun horretatik hurbilagoko azoka bat” izango baita. Hiru pabiloiez gain, janari postuak eta kanpoko terrazak berreskuratuko dituzte aurten. Barruan, aldiz, ehun bat erakusketarik izango dute postua, Euskal Herrikoek zein kanpokoek.

Postu horietan askotariko produktu eta zerbitzuekin egingo dute topo bertaratzen direnek. Elikagaiak, arropa, kosmetika, ekoturismo eskaintzak, bioeraikuntza, autokontsumoa, terapia naturalak… Eta, dena biribiltzeko, hitzaldi, ikuskizun, tailer, erakusketa eta shoowcooking —zuzeneko sukaldaritza— saio ugari ere antolatu dituzte; 50 ekintzatik gora dira orotara. “Astebururako plan polita dela uste dut, erakusten dugulako posible dela beste modu bateko bizitza bat egitea, kontsumo gutxiagokoa, tokiko produktuak erabiltzen dituena, inguruarekiko errespetuzkoa dena, energia berriztagarriez baliatzen dena… Mundu hori gertutik ezagutzeko aukera aparta da”.

XVIII. ekitaldian arreta berezia jarri nahi diote ekonomia zirkularrari. Lehen alditik azokak argi izan du “aldatzeko garaia, ekoizpen eredu zirkular baterantz biratzeko garaia” dela, eta zuzendariak esan du ordutik azokatik pasatu diren 163.947 lagunekin partekatu dutela konpromiso hori. “Baliabide naturalen gehiegizko ustiapenak eragin negatiboa du ingurumenean, eta gero eta urriagoak eta garestiagoak dira baliabide horiek. Erabilera bakarreko produktuak ahaztu eta balio katean zentratzeko garaia da. Eraldaketa sakon baten hasieran gaude”, erantsi du Sarrateak.

Publiko fidela

Hemezortzi urte hauetan Bioterrak “publiko fidela” eskuratu duela nabarmendu du Ficobako buruak. Eta ez Bidasoa eta inguruko herritarren artean bakarrik, Euskal Herri osoko eta atzerriko milaka lagun ere erakartzen baititu. “Bioterrak beste dimentsio bat dauka, eragina du gizartean. Euskal Herritik kanpoko jende asko etortzen da, eta beti aurkitzen dute erakargarria den zerbait; denek aurkituko dute zerbait bertan”.

Edukiera kudeatzeko eta bisitarien arteko segurtasun distantziak mantentzeko doako sarrera eskaintzea erabaki dute aurten. Bioterra.ficoba.org webgunean eskuratu beharko dira gonbidapen horiek, QR kode baten bitartez erakustazokara sartu ahal izateko.

Gaurtik igandera 2.000 edalontzi berrerabiltzeko apustua egingo du Ficobak. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek 4 euro ordaindu beharko dituzte, eta edari bero edo hotzentzako edalontzi bat aukeratu beharko dute. Bisita amaituta, edalontzia sarreran utzi eta ordaindutako 4 euroak itzuliko dizkiete bisitariei.

Egoerara egokitzen

Pandemia hasi zenetik oztopoz betetako urteari egin behar izan diote aurre Ficoban ere. Hilabete gogor batzuen ostean, azokak jasotzen amaitu zuten 2020. urtea, eta beste atzerapauso bat eman behar izan zuten urte hasieran. Bidasoraino ere iritsi zen urte hasierako COVID-19aren olatua, eta gogor jo zuen han ere. Ordutik ezin izan dute egin azokarik bertan. “Oso zaila izaten ari da urte hau. Jendea biltzeari eragin dio gehien pandemiak, eta hori da gure lana: gai baten inguruan jendea biltzea. Proiektu asko galdu ditugu, eta oso gogorra izan da”.

Kolpea “oso handia” izan dela aitortu du Sarrateak. “Baina, zorionez, bizirik atera da Ficoba”, zehaztu du zuzendariak. “Hori da garrantzitsuena guretzat. Egokitzen jakin izan dugu, funtsezkoa izan da hori, eta gauzak ondo eginda emaitza onak lor daitezkeela erakutsi dugu”. Fakturazio aldetik “jaitsiera nabarmena” jasan dute, baina, hala eta guztiz ere, “ekintza asko” garatzen ari direla dio, harro.

Ficoban, 2021eko bigarren azoka izango da Bioterra, duela bi asteko Caravanturren ondoren. 8.000 lagun baino gehiago izan ziren lehen azoka horretan, eta oso balorazio ona egin dute Ficobako zuzendaritzako kideek. Sarrateak argi du azokak egitea “segurua” dela, hala erakutsi baitute azken urte luzean. “Frogatu dena da azokak ondo eta segurtasunez egin daitezkeela. Bermeak daude horrelako ekitaldiak egiteko”. Hortaz, dena prest dute datozen bilkuretarako ere, eta zuzendariak aurreratu du Bioterraren ostean “ohiko azokak” iritsiko direla Ficobara; hala nola Ficoauto, Ekodrive eta Ve Beggie.

Koronabirusak eragindako pandemiatik Ficoba “indartuta” aterako dela uste du Sarrateak, zifretatik harago gogoetarako aukera ere izan baitute Ficobako zuzendaritzako kideek. Zuzendariak esan du sektoreak une oro gertutik zaindu dituela zifrak, zenbakiak, eta pandemiak aukera eman diela bestelako parametroetan aritzeko. “Bisitari kopurua garrantzitsua da, baina bestelako ezaugarri batzuei ere begiratzen diegu orain; esaterako, bisiten kalitateari. Bisitariek bizitzen duten esperientzia hori hobetu nahi dugu; horretan zentratzen hasi nahi dugu”.

Bide batez, Ficobak Gipuzkoan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du zuzendariak. Lurraldean “erreferentziazko erakustazoka bat” dela esan du, Gipuzkoan horrelako ezaugarriak dituen bakarra dela. “Beti diot Euskal Herriaren erdian gaudela, eta guretzat oso garrantzitsua da hori”. Ficoba.org webgunean aurki daiteke Bioterrari buruzko informazio gehiago, eta azokaren egitarau osoa ere bai.