Gogoratzeko mendeurrena

Gogoratzeko mendeurrena

Aitziber Arzallus

Ospakizun urtea dute mundu guztiko jesuitek. Maiatzaren 20an eman zioten hasiera Ignatius 500 ignaziotar urteari, eta datorren urteko uztailaren 31ra bitartean, dozenaka ekitaldi egingo dituzte Azpeitiko Loiolan, Iruñean, Manresan (Herrialde Katalanak), Erroman, Madrilen zein munduko beste hainbat lekutan. Loiolako Ignazio betirako eraldatu zuen “esperientziaren” bosgarren mendeurrena dute ospatzeko. Izan ere, 1521eko maiatzaren 20an jazotako gertakari batek eragin zuen Ignazioren konbertsioa. Horren ostean, armak utzi zituen, erlijioari heldu zion, bere buruari Inazio izena jarri eta mundura irten zen; urte batzuk geroago, Jesusen Lagundia edo Jesusen Konpainia sortu zuen, jesuiten ordena erlijiosoa.

“1521ean Frantziako armada indarrez sartu zen Nafarroan, erregea berriro tronuan jartzeko asmoz, eta Ignazio Loiolakoa Iruñea defendatzera joan zen”, esaten dute haren jarraitzaileek. “Erresumako garai bateko hiriburua frantziarren esku zegoen, baina Ignazio zitadelan sartu zen buru-belarri defendatzeko, bizia emateko prest. Mendekoste astelehenez, maiatzaren 20an, bala batek eskuineko oina txikitu zion, eta ezkerrekoa zauritu. Familiaren dorretxean hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta, hilzorian egon zen arren, salbatu egin zen”. Ohean egin behar izan zituen hilabeteak santuei buruzko liburuak irakurtzen pasatu omen zituen, eta Ama Birjina ere agertu omen zitzaion. Hortik, konbertsioa edo eraldatzea.

Xehetasun garrantzitsuak

Gertaera horien inguruko beste bertsiorik ere bada, ordea, eta garrantzitsuak dira xehetasunak, historiaren zentzua erabat alda dezaketelako. Mirari Bereziartua Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeko kideak eman ditu zertzelada batzuk. “Frantziako armada zela diotena euskal nafarrez, biarnesez, gaskoinez eta mertzenarioz osatuta zegoen; beraz, nafarrak ziren, euskaldunak”. Bereziartuaren hitzetan, egia da 1521eko maiatzaren 20an Ignazio Loiolakoa Iruñean zegoela, baina gezurra da Nafarroako hiriburua defendatzen ari zela. Henrike II.a Nafarroako erregeak 9.000 laguneko tropa bat bidali zuen Iruñera, 1512an Gaztelak kendutakoa berreskuratzera, eta Iruñeko herritarrak ere hiria okupatzen zuen Gaztelako armadaren aurka matxinatu ziren. “Iñigo [Ignazio] han zegoen, baina gaztelarren alde eta nafarren kontra ari zen borrokan, eta ia bizia utzi zuen ahalegin horretan”.

JOSE LUIS ORELLA

Iruñekoa irabazita, nafarrek beren lurraldea berreskuratzea lortu zuten, baina ez luzerako. Handik egun gutxira, ekainaren 30eko Noaingo (Nafarroa) batailan, galdu zuten burujabetza. “Sekulako sarraskia izan zen hura: 5.000 soldadu nafar hil zituzten”, dio Bereziartuak.

Historia erabat alda daiteke kontatzeko moduaren arabera, eta Loiolan eta Noainen duela bostehun urte gertatutakoak “oso aldrebes” kontatzen direla uste du Nafar Zuzterrak-eko kideak; “beti boteredunen ikuspuntutik; gure kasuan, gehienetan, Espainiarenetik”. Hori dela eta, “gertakariek zuzenean eragindako zenbait herritar” nazio mailako plataforma batean bildu dira, eta manifestu bat kaleratu dute. “Herritarrak jabetu daitezen zenbaterainoko garrantzia duen euskaldun moduan daukagun izaera historikoari eusteak eta gure historia geuk kontatzeak”.

Bereziartuaren esanetan, euren asmoa ez da “kontrario berriak” egitea, “gauzak gertatu bezala eta zuzentasun zientifikoz kontatzea baizik; gero, bakoitzak aterako ditu bere ondorioak”. Helburu horrekin, Loiolan eta Noainen gertatutakoak argitara ateratzeko, Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu datorren asteetarako. “Ospatzekorik ez daukagu, baina zer gogoratua, asko. Gauzak jakin ahala joango gara jabetzen, eta hori da bidea lehen egindako akatsak ez errepikatzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.