Uste okerrak

Elikadura portaeren nahasmenduei lotuta zenbait uste oker daude, eta horietako bi aipatu ditu Yolanda Iglesias Acabe Gipuzkoako Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkarteko psikologoak.

Pisua

Anorexia duten guztiak ez daude argal. Diagnosia egiteko, batetik, pertsona horrek azken bizpahiru hilabeteetan bere pisuaren %15 galdu al duen begiratu ohi dute profesionalek; horrez gain, pertsona hori pisuarekin obsesionatuta ote dagoen, gizentzeari izua ote dion eta abar aztertzen dute. Posible da, beraz, pertsona bat ez egotea oso argal, baina aipatutako ezaugarri horiek izatea, eta, horrenbestez, anorexia edukitzea.

Sexua

Anorexia eta bulimia ez dira emakumeen nahasmenduak. Zenbait faktorek erraztu egiten dute pertsona batek elikadura portaeraren nahasmendu bat garatzea: oso perfekzionista izateak, autoestimu baxua izateak, emozioei buruz hitz egiteko zailtasunak izateak, besteek norberari buruz duten irudiari garrantzi handia emateak, eta abarrek. Gizartearen eragina ere handia dela dio Iglesiasek, eta azaldu du horregatik izaten direla kasu gehiago emakumeen artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.