Zazpi minutuz ur azpian

Gari Iruretagoiena zizurkildarra duela gutxi hasi zen igerileku estaliko apnean, eta Belgradeko Munduko Txapelketan ariko da, ekainaren 21etik 27ra, estreinako aldiz.

Imanol Garcia Landa

Kostakoa ez bada ere, urarekin lotura berezia du Gari Iruretagoienak (Zizurkil, 1982). Aita arrantzalea izan du betidanik; lehenengo, Orion, eta gero, Getarian. “Bi herri horiekin lotura handia izan dugu betidanik, eta aita askotan eraman izan dugu hara, autoz. Betidanik itsasoko eta arrantzako kontu asko izan ditugu gure etxean”. Iruretagoienak aitortu du “betidanik” gustatu izan zaiola ura. Anaia eta biak “18 urte inguru” zituztela hasi ziren fusil batekin urpeko arrantzan, Getarian. Urpeko arrantzaren zaletasun horretatik abiatuta, igerileku estaliko apnea egiten hasi da orain dela gutxi, eta Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera iritsi zaio dagoeneko. Ekainaren 21etik 27ra ariko da lehian, Belgraden, Serbian. Hainbat modalitate ditu igerileku estaliko apneak: batetik, estatikoa, hau da, geldi egonik, arnasa hartu gabe ahalik eta denbora gehien irautea; bestetik, dinamikoa: arnasaldi bakarrean ur azpian igeri ahalik eta metro gehien egitea. Hegalekin eta hegalik gabe aritzen dira modalitate horretan.

Urteetan antolatu gabe egon ondoren, orain bi urte egin zuten Euskadiko Apnea Txapelketa, eta orduan probatu zuen Iruretagoienak, lagun batekin batera: “Nahiko gaizki atera zitzaigun, eta gehiago ikasteko gogoz geratu ginen”. Iaz ez zen izan txapelketarik, baina, aurten, bigarren aukeran, oso emaitza onak lortu ditu Iruretagoienak, urrezko hiru domina kolkoratu baititu.

Emaitza horiekin, Espainiako Txapelketan parte hartzera animatu zuten zizurkildarra, eta Javi Pascual bizkaitarrarekin eta Eider Gutierrez arrasatearrarekin joan zen azkenean. “Lehen proban, estatikoan, urrea irabazi nuen, eta Eiderrek, brontzea. Oso pozik bueltatu ginen etxera”. Txapeldun izateko, Iruretagoienak zazpi minutu eta hamalau segundo iraun zuen ur azpian. Proba dinamikoetan ez zuen dominarik lortu, baina bere markak hobetu zituen, eta gustura geratu zen: hegalekin, 161 metro egin zituen, eta, hegalen laguntzarik gabe, 120 metro. “Bakoitzak bere maila dauka, eta irabaztea bezalakoa da norberaren marka hobetzea”.

Mundukora ere bai

Euskadiko Txapelketara bakarrik aurkezteko asmoa zuen hasieran, baina Munduko Txapelketara ere joango da Iruretagoiena. “Nik neuk ere ez dakit nola gertatu den hori”, esan du. Espainiako Txapelketan, estatikoan, urrezko domina lortu eta hautatzailearen lehen langa igarota, Espainiako selekzioaren zerrendan sartu dute azkenik. “Esperientzia bizitzera joango naiz Munduko Txapelketara. Bi edo hiru koska gorago dauden kirolariak izango ditut ondoan. Nire markak hobetzen baditut, pozik egongo naiz”.

GARI IRURETAGOIENA

Duela hogei bat urtetik urpeko arrantzalea da Iruretagoiena. Apnean egiten da arrantza mota hori, eta urte askoan landu du arnasari euste hori. “Igerilekuko probetarako lanketa berezia egin dut orain, dinamikorako eta estatikorako”. Gorputzeko elastikotasuna lantzen dute bereziki, biriketan aire gehiago sartzeko. “Eta, horrez gain, hobeto erlaxatzen ikasten ari naiz, apnean nagoenean ahal dudan aire gutxien gastatzeko”. Birikak lantzen dituzte, eta baita inguruko giharrak ere, saihetsetakoak, are elastikoagoak izateko. “Horrek asko laguntzen du aire gehiago hartzen. Oxigeno gehiago iristen zaigu horri esker, eta arnasari denbora gehiagoan eusteko gai izaten gara”.

Erlaxatzearen garrantzia

Txikitatik gustatu izan zaio Iruretagoienari igeri egitea. Andoaingo igerilekuko bazkide izan dira familiako kide guztiak, eta oraindik ere joaten da hara: “Andoaingo Udalak eta Allurralde kiroldegiak asko lagundu didate, gaur egungo egoeran erraztasunak eman dizkidatelako entrenatzeko”. Gainera, larunbatero, Eibarko kirol klubak sortu duen entrenamendu taldera joaten da entrenatzera.

Urpeko arrantzan maila hobetuz joan da pixkanaka. Kantauri itsasoan urpeko arrantzaleak ez dira jaisten hogei metro baino gehiago, eta Mediterraneoan 30 metro ingurura jaitsi ahal izaten dira. “Oso berezia da ematen duen askatasun sentsazioa”. Zizurkildarrak ohartarazi du itsasoan apnea ez dela behartu behar azken unera arte: “Bi minutu eta erditik ez naiz pasatzen sekula. Gozatzeko da, ez gorputza mugara eramateko”. Iruretagoienak jarriak ditu urpeko arrantzako bideoak Youtuben, bere izenarekin sortutako kanalean.

Apnea egiteak egunerokoan ere balio diola azaldu du zizurkildarrak: “Oso kirol psikologikoa dela diote; erdia gaitasun fisikoa dela, eta beste erdia, erlaxatzeko eta norberaren burua kontrolatzeko gaitasuna”. Lanketa horrek “nolabaiteko patxada eta gauzak erlatibizatzeko gaitasuna” ematen dio. “Gaur egun bizi garen mundu azkar eta ero honetan, apnea mundu guztiarentzako kirol egokia dela uste dut”.