Ikerketaren zain daude denak

Ikerketaren zain daude denak

Unai Zubeldia

Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta ganaduzaleak ez du sartu nahi susmoen borrokan. “Frogarik gabe ezin gara hasi ‘hau edo bestea uste dut’ esaten, baina neureari eusten diot nik: abeltzaintzaren edo artzaintzaren aldeko erabakien ondorengo erantzun gisa ulertzen dut maiatzaren 8an Aralarren gertatu zena”. Egun hartan Aralarko larreetan hilda agertu zen Zubizarretaren behi bat, eta ekainaren 3an salatu zuen behiak tiro bat zeukala buruan eta salaketa jarrita zeukala Ertzaintzan. Horren harira, EHNE eta Enba sindikatuek eta Aralarko Baserritarren Elkarteak elkarretaratzea egin zuten joan den igandean, Abaltzisketako Larraitz auzoan, Zubizarretari elkartasuna adierazteko.

Adur Ezenarro Enirio-Aralar mankomunitateko lehendakariak albistea jakin eta berehala deitu zion Zubizarretari; gertatutakoa “onartezina” dela esan du. “Hori bai, arriskutsua da bestelako balorazioetan sartzea. Egia da Jonen kontakizunean badaudela atentzioa ematen duten gauzak; epeak esaterako, odol arrastorik ez egotea… Baina Ertzaintzak argitu beharko du hori guztia”.

Zubizarretak onartu du “oso gutxi” direla horrelako ekintza bat egiteko gai. “Mendira sartzeko eta irteteko plan bat behar da; susmagarria ez den autoren bat; oinez joanez gero, bide seguru bat…; eskopeta bat ere behar da; behia ezagutu egin behar da, non ibiltzen den jakin behar da… Oso-oso zirkulu txikikoa izan beharra dauka derrigorrean”.

Edurne Huesa Landarlan ingurumen elkarteko kideari ere “arraroa” iruditzen zaio Zubizarretak behia hilda maiatzaren 8an aurkitu izana eta tiroa zeukala maiatzaren 28an jabetu izana. “Ez zegoen odolik? Eta hainbeste egun iraun du behiak mendian? Zer gertatu den ikertu behar da, eta ikerketa horren ondorioak argitaratu egin behar dira”.

Zubizarretak esan du bera momentuan ez zela jabetu behiak tirorik zeukanik. “Argazkiak atera nizkion, zintzarria kendu nion, eta, gaitzen bat izango zuelakoan, egun hartan amaitu zen kontua niretzat”. Baina, maiatzaren 27an, artzain batek deitu zion behia ondo ikusita ote zeukan galdezka. “Hark esan zidan behiak tiroa zeukala buruan; aurretik beste artzain batek pasatu zion abisua berari. Hurrengo egunean joan nintzen, eta orduan ikusi nuen dena”.

Pisten kontuari bueltaka

Josu Oiartzabal Aralarko Baserritarren Elkarteko presidenteak argi dauka “artzain eta ganaduzaleen aurkako erasoa” izan dela azkena. “Gu ohituta gaude behiak, behorrak, ardiak… hiltzen ikustera, baina beste kontu bat da hau. Putreek-eta jan dutenean, orduan azaldu da kopetako zuloa”.

Huesak azpimarratu du Zubizarretak, zuzenean, “pisten aurkakoekin” lotu duela heriotza. “Eta guk argi esan dugu behi hori norbaitek hil badu, oso jokaera okerra iruditzen zaigula. Baina ikerketarik gabe ezin da esan tiroz hil dutenik”. Horrez gain, Aralarren “salagarriak diren ekintza gehiago” ere izan direla gogoratu du: “Zuhaitzak errotik atera izan dituzte, Zaldibiako Mendi Elkartearen borda ere erre zuten, Aranzadiri hamar urtez larreen ikerketa egiteko zeukan itxituratik egurrak atera zizkioten… Dena ezin da pistekin lotu”. Eurak “bizikidetzaren alde” daudela gaineratu du Huesak, eta “zerbaitekin ados ez egoteko eskubidea” daukatela. “Gizarte demokratiko batean gaude, eta eskubide guztia daukagu esateko egin nahi dituzten pistak ez direla batere egokiak Aralar Natur Parkerako”.

Fede Zabala Aralar Bizirik plataformako kideak ere gaitzetsi egin du erasoa, eta, pisten gaiari helduta, “mende askotako ondare natural eta arkeologikoa apurtzeko arriskua” dagoela gogoratu du. “Horregatik eskatzen dugu itzulezinak diren obrak eta azpiegiturak ez egiteko; pistak, esaterako. Badaude beste bide batzuk artzainei eta abeltzainei laguntzeko”. Haiena “herritar independentez osatutako taldea” dela gogoratu du Zabalak.

Talde ekologistek “bestelako eredu bat” defendatzen dutela uste du Zubizarretak. “Mendia nahi dute pixka bat basatiagoa, eta hor ibili behar dugunok ibil gaitezela baldintza gogorretan. Fauna gehiago, flora gehiago… bestelako mendi mota bat nahi dute; mendia lantoki izan dadin ez dute nahi behintzat”.

Aralarko pisten harira, aspaldikoa da zenbait ganaduzaleren eta talde ekologisten arteko eztabaida. “Nik sekula ez diet barkatuko gai hori epaitegietara bideratu izana”, adierazi du Zubizarretak. “Mankomunitatearen edo udalen aurka ez, pertsonen aurka joan dira epaitegietara, pisten kontua nolabait gelditzeko asmoz”.

Hitz egiteko prest

Alde guztiek ziurtatu dute prest daudela mahai baten inguruan eseri eta adostasunen bat lortzen saiatzeko. “Elkar ulertzera kondenatuta gaude”, esan du Ezenarrok. “Baina ezin dugu ahaztu, ganaduzaleak erabiltzaile zuzenak diren arren, Aralar eremu publikoa dela”. “Eseri eta hitz egin; beste irtenbiderik ez dago”, defendatu du Oiartzabalek. “Ez dakit pistena den soluzioa edo astero helikoptero bat bidaltzea. Baina ezin gara ibili duela ehun urte bezala, mando gainean gauza guztiak eramanez”. Zubizarretak, ordea, “borondate falta” nabari du. “Meza luzatzeko estrategia besterik ez da hau”. Talde ekologistek ere eskatu dute eztabaida horretan tokia edukitzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.