Esperantzarako argi izpia

Leire Narbaiza
Berba barik geratzen gara halakoetan. Eta askok horrela nahi gaituzte: isilik.

Leire Narbaiza

Gutako askok ondoez larria daukagu barruan azken hamar egunotan. Ondoez sakona, barrua nahasten diguna eta tristatu egiten gaituena. Egoera animikoan eragin ez eze, larritu ere egiten gaitu. Jakin ezinda gabiltza zein den egoera bidegabe honen irteera, ez dakigu zer egin horrelakoak berriro gerta ez daitezen. Geratzen zaigun arma bakarra ahotsa da; protesta egitea, kalean zein sare sozialetan. Berbalizatzea guztia, zurian beltz egitea; gure amorrua eta ezinegona plazaratzeaz gain, ea esnatu eta aldatzeko gaitasuna ere lortzen dugun.

Eivissan (Herrialde Katalanak), aurreko asteko ostegunean, Elena Livigni bere bikotekide gizonak balkoitik bota zuen. Hil egin zuen. Sevillan (Espainia) Rocio Caiz 17 urteko neska egun batzuetan desagertuta egon ondoren, bere bikotekide ohiak —eta lau hilabeteko umearen aita ere badenak— aitortu zuen erail zuela, eta ondoren gorpua zatikatu. 45 egun bahituta egon ostean, Olivia 6 urteko haurraren gorpua aurkitu dute Tenerifen (Espainia). Urtebeteko Anna ahizparena, momentuz, ez dute aurkitu. Aitak desagerrarazi eta hil zituen biak. Ostiralean, Basaurin (Bizkaia) gizon batek haurdun zegoen emazteari labana batekin eraso zion. Chalon sur Saonen (Frantzia) hastekoa da Valerie Bacoten kontrako epaiketa. Aitaordea Valeriek 12 urte zituela hasi zen hura bortxatzen eta jotzen. Prostituitu ere egin zuen 25 urtean. Ihes egin ahal izateko, Valeriek hil egin zuen bortxatzailea. Bizitza osorako kartzela zigorra ezar liezaiokete emakumeari. Irune Costumerok salatutako Bizkaiko Foru Aldundiko lau langileen kontrako epaiketa egin zuten pasa den astean. Alaba kendu zioten GAS (Guraso Alienazio Sindromea) delakoa argudiatuta, existitzen ez den sindromea. Fiskalak gogor jo zuen Costumeroren kontra, defentsaren abokatua balitz bezala, eta Costumero akusatua balitz lez. Igandean Senpereko (Lapurdi) gizon bat atxilotu zuen Frantziako Jendarmeriak, 55 urteko bikotekide emakumea hiltzeagatik Lot eta Garonan (Frantzia).

Hori guztiori astebete eskasean. Dakizkigunak baino ez dira, eta mendeko gauzkaten bi estatuetan, Herrialde Katalanetan eta gurean baino ez. Ondoeza sentitzea normala da, ezta? Emakume izanda, gutxieneko sentimendua dela esango nuke. Hotzikara etengabea eragiten digute gorago aitatutako guztiek. Hitzak ere labur geratzen zaizkigu deskribatzeko orduan: “latza”, “itzela”, “etsigarria”, “izugarria”, “negargarria”… Sinonimo hiztegi guztiak erabilita ere ezingo genituzke ganoraz kalifikatu.

Berba barik geratzen gara halakoetan. Eta askok horrela nahi gaituzte: isilik. Horregatik, sare sozialetan-eta gure egonezina adierazi dugunean izan ditugu komentario batzuk (gutxi, dena esan beharra dago) guri eraso egin eta iraintzen gintuztenak. Patriarkatuak hil egiten gaituela esate hutsagatik. Berriro ere hitzen bidezko bortxa eta indarkeria.

Irain horiek botatzen dituztenek haizatu eta hauspotu egiten dituzte zerrendatutako basakeriak. Esajeratu egiten dugula esaten digute, gure eldarnioak direla diote, histerikoen berbak. Horrela, ahoa estali nahi digute, isilarazi. Baina argi izan dezatela: ez gara isilduko, eta aurrean izango gaituzte.

Eskerrak bestelako ahotsak ere entzun ditugun, egoera aldatzeko eta eraldatzeko nahia azaldu dutenak. Gehiago dira, gainera. Horiek ardura dute benetan. Esperantzarako argi izpitxo bat dira.