Olatz Iruretagoiena: “Nahi badute, diruarekin buka dezakete soldata arrakala”

Olatz Iruretagoiena: “Nahi badute, diruarekin buka dezakete soldata arrakala”

Beñat Alberdi

Eraikinetako garbitzaileen auzia ez da piztu berria. 2018an, esaterako, polizia etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek bederatzi hilabeteko greba egin zuten. Oraingoan, eraikinetako garbitzaile guztiei zabaldu diete deialdia, eraikin publiko zein pribatuetakoei; haien esanetan, generoa oinarri duen soldata arrakalak garbitzaile guztiei eragiten dielako. Olatz Iruretagoiena polizia etxeetako garbitzaileak (Alkiza, 1975) argi dauka denen artean egin behar dituztela hurrengo urratsak. Egun bakarreko mobilizazioa izan zen asteartekoa, baina langileek azpimarratu dute bidea hasi besterik ez dela egin.

Salatu duzue emakumeei eta gizonei ezberdin ordaintzen dizuetela lan bera egiteagatik. Zein da egoera?

Bi sektore daude: feminizatua, eraikinen barrualdean lan egiten dugunona; eta, maskulinizatua, kale garbitzaileena. Oinarrizko soldatetan dago gakoa, oinarrizko lansari handiagoa baitaukate haiek. Sari gehigarri batzuk ere badauzkate kalean lan egiten dutelako, eguraldiagatik, eta gu ez gara sartzen hor. Baina oinarrizko soldatak berbera izan behar du, lana bera delako: garbitzea.

Eraikinetako garbitzaileen artean ere badaude beste hainbat sektore: polizia etxeetakoak, ospitaleetakoak, etxe atariak garbitzen dituztenak… Zuen artean bada harremanik?

Oso sakabanatuta gaude. Soldata arrakalarekin atera gara batzuk kalera, baina taldeka atera gara, hitzarmena sinatzeko garaian. Langile askoren egoera hobetzen da horri esker, baina beste askok berdin jarraitzen dute. Feminizatutako garbiketa sektoreetan, diru aldetik, estua da hitzarmena.

Eraikinetan garbiketan ari zaretenon sare bat edo talde izaera bat sortzeko balioko du grebak?

Bai. Denok elkartu gara garbiketa sektoreari indarra emateko. Denon artean errazago iritsiko gara etorkizuneko lorpenetara. Hasiera bat da. Nahi badute, diruarekin buka dezakete soldata arrakala.

Garbitzaile bakoitzaren egoera ere ez da bera izango… Batzuek inguruan inor ez dutela egiten dute lan. Zertan eragiten du horrek?

Kultur etxean ari dena, adibidez, bakarrik aritzen da lanean. Eraikin batean lanean ari bazara, besteak ere lanean ariko dira, eta ezagutu egingo zaituzte; harremana sortzen da. Greba egitean, ezagutuz gero, laguntza eskaintzen dute gehienek. 06:00etan lanera bakar-bakarrik joaten dena, berriz, inork ez du ezagutzen.

Zer dela-eta gertatzen da gizon eta emakumeen arteko lan bereizketa hori?

Betidanik emakumeak egin izan ditu etxe barruko garbiketa lanak. Gauza bera gertatzen da zaintza lanekin. Horrez gain, emakumea, askotan, etxean gelditzen da familia izan eta gero. Umeak hazitakoan lanera itzuli nahi izanez gero, garbiketa sektorean bukatzen dute horietako askok. Azkenean, urte pila bat galtzen dira, tarte horretan ez zarelako aritu lanean. Gainera, itzultzean lanaldi partzialak izaten dituzte askok.

Emakumeari lan hori eman izanak badu eraginik egungo errealitatean?

Aurreko greban ohartu nintzen guztiz barneratuta daukagula gizonezkoak etxera soldata ekartze hori. Emakumeak lanera joaten dira bestearen lansariaren osagarri gisa, kapritxoentzat edo. Gizonek dena ematen dute beren grebetan, baina beldurtuta-edo egoten gara gu. Indar betean aterako ginateke gure senarraren, semearen edo aitaren greban, baina ematen du gurean ez zaigula tokatzen. Halako batean ohartzen zara bizitza guztia lanean igaro ondoren pentsio txiki batekin geldituko zarela. Garbitzaileari kostatu egiten zaio lanean ari dela jabetzea, lanera joatea gizon bati beste kostatzen zaiola ikustea.

Zerk piztu zuen sua 2018an?

Hamar urte ziren hitzarmenik gabe, eta hamar urte generamatzan soldata igoerarik gabe, KPIa ere ez. Gainera, ohartu ginen produktu toxikoak erabiltzeagatik ez genuela sari gehigarririk; kalabozoak eta autoak desinfektatzen ditugu produktu toxikoekin.

Lortu zenituzten sari gehigarria eta %9ko soldata igoera. Baina berriz zaudete kalean. Zergatik?

Gogorra izan zen bederatzi hilabeteko greba, oso gogorra. Hala ere, oraindik desberdintasun handia dagoela ikusten dugu. Polizia etxeetako garbitzaileok lortu dugu gizonen soldatara hurbiltzea, baina ez dira berdindu. Eta jende asko dago gurea baino soldata arrakala handiagoarekin. Emakumeen lan bat da garbiketa, eta lana dela aitortu beharra dago, ez lantxo bat dela. Dena utzi eta lanera joaten gara gu ere.

COVID-19aren pandemia iritsi da bi greben artean. Egoera horrek nola eragin dizue eraikinetako garbitzaileei?

Guk ez diogu utzi lanera joateari, egun bakar batean ere ez, eta ordu gehiago sartu ditugu, gainera. Gogoan daukat martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran, kutsatze maila altua zenean, Arkautitik [Araba] eta Erandiotik [Bizkaia] ekartzen zituztela furgonetak, medikuak batetik bestera mugitzeko eta etxean positibo emanda zeudenak artatzeko. Nire lanorduak bukatutakoan itzultzen zituzten polizia etxera, eta desinfektatu egin behar izaten nituen.

Beharrezko langileak zineten, beraz…

Hori esaten ziguten, baina lehengo baldintza berberetan gaude orain. Martxoaren 8an eta hauteskundeetan politikari guztiak ateratzen dira berdintasunaren alde eta soldata arrakalaren kontra daudela esanez, baina denak berdin jarraitzen du gero.

Leave a Reply

Your email address will not be published.