Askatasun egarriz

Askatasun egarriz

Imanol Garcia Landa

Afizio batzuk barruraino sartzen dira, eta Ramontxo Izagirre asteasuarrari hori gertatzen zaio parapentearekin. Delta hegoaren bidez hasi zen hegan egiten, eta hiru urte geroago hasi zen parapentearekin. “Soldaduska bukatu eta norabait alde egin nahi nuen, hegan egin nahi nuen”, esan du. “Txakurrari katea jarrita bezala egoten ginen soldaduskan”. 35 urte pasatu dira ordutik, eta Izagirrek ez dio utzi hegan egiteari. Joseba Izagirre, Ramontxoren iloba, asteasuarra hura ere, osabari segika hasi zen parapentean. “Nik txikitatik izan dut eskura etxean: osabak betidanik egin izan du hegan, baita aitak gaztetan ere, eta 18 urte egitean osabak horretarako aukera eskaini zidan. Hamabost urte pasatu dira dagoeneko”.

Txikitatik zuen “askatasun gogo horrek” bultzatuta, hegan egiten du oraindik ere Ramontxok. Parapentean ibiltzeak duen arriskuaz galdetuta, argi du: “Bizikleta hartu eta mendira joan beharrean errepidean sartuz gero, arriskua dago hor ere. Gure kasuan arriskua ez da hainbestekoa”. Zailena “haizeak zer egingo duen jakitea” dela dio, eta hori ikasi egiten dela, begiratuz, liburuak irakurriz eta besteei galdetuz. “Gustuko tokian aldaparik ez”, aitortu du. Ilobari “askatasuna” ematen dio hegan egiteak, eta azaldu du hegan dabilen bitartean ez duela beste ezertan pentsatzen: “Ez dut arazorik. Une horretan ez naiz nire amaren semea, ez naiz inoren laguna, ez inoren mutil laguna. Parapentea eta ni bakarrik egoten gara. Momentu hori berezia da niretzako; sentsazio hori lortzen dut hegan egiten dudanean”.

JOSEBA ETA JOSETXO IZAGIRRE

Joseba Kanariar Uharteetan (Espainia) bizi da egun. Lehenengo bidaia lagunekin egin zuen hara, baina bigarrena, hirugarrena eta hurrengoak parapentea hartuta egin ditu. “Nire egoera pertsonala aldatu egin zen, eta ikusi nuen Kanarietan urte osoan egiten dela hegan. Giro ona dago, irla gustatzen zait, eta parapentea izan zen bertara joateko arrazoietako bat”. Haren afizio nagusia da, eta, surflarientzat surfa den bezala, azkenerako “bizi estilo bat” bihurtzen dela gaineratu du.

Afizioa… eta ofizioa

Ramontxok parapentean beste pertsona bat eramateko aukera eskaintzen du gaur egun. Bi plazako parapentea du, motordun bat ere bai, eta motor handiago bat ekarriko du orain, jendeari hegaldiak eskaintzeko. Irakasten ere aritzen zen lehen, baina bide hori utzita dauka orain. “Parapentean beste pertsona bat eramatean, segurtasuna da kontuan hartu behar den lehen gauza. Aurreneko aldia badu, urduri egongo da, eta ikara eduki behar da, noski, baina neurrian”. Josebak parapentea lanbide izan du tarteka. Euskal Herrian aritu izan zen jendea eskola baterako hegaldietara eramaten, eta Kanariar Uharteetara bizitzera joatean, hori izan zuen lanbide nagusia lehen bi urteetan, lan finko bat aurkitu zuen arte.

JOSEBA IZAGIRRE

Orion eta Zarautzen ibiltzen da gehien Ramontxo. Hernio aldean ere bai tarteka, Xoxote inguruan, Oñatin… “Batzuek uste dute 3.000 metrora igotzea dela hegan egitea, baina ni gustura ibiltzen naiz Zarauzko dunan. Horrelako leku txikiak nahikoak dira hegan jostatzeko”. Delta hegoak ez bezala, parapenteak “jolasteko aukera” eskaintzen diolako, zuhaitzak hankekin-eta ukitzekoa, adibidez.

Josebak ez du leku gustukoenik. “Toki bakoitzak bere magia dauka. Leku bat, agian, gustuko duzu altueragatik; beste bat, akaso, lurretik gertu hegan egiteagatik; beste bat, mendian zaudelako…”. Lurretik gertu ibiltzea gustatzen zaio, hori bai, kostaldean, eta Euskal Herrian horretarako aukera asko dagoela esan du.

Parapentean hasteko mugarik ez du jarri Ramontxok. Europan asko 60 urterekin hasten direla ikusi du. “Hemen, aldiz, 40 urtetik aurrera elkarteetan sartzen gara, sagardotegietara joaten gara… Barrutik zer ateratzen zaizun da kontua, zer duzun gustuko”. Josebak gaineratu du hasieran “gogo handia” eskatzen duela parapenteak: “Ez da hartu eta hegan hastea. Denbora asko eskaini behar zaio lurrean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.