Etxahun Galparsoro: “Zorte kontu hutsa zen salbazioa”

Etxahun Galparsoro: “Zorte kontu hutsa zen salbazioa”

Miren Garate

Naziek kontzentrazio esparruetara eramandako hego euskal herritarrei buruzko tesia ari da egiten Etxahun Galparsoro historialaria (Donostia, 1980). Hiru osaba izan zituen kontzentrazio esparruetan, eta horietako bati buruzko liburua ere argitaratua du: Bilbao en Mauthausen. Gaiari buruz gutxi ikertu izan dela dio: “Deportazioa ez dago gure memoria historikoan”.

Gipuzkoan jaio edo bizi izandako laurogei pertsona eraman zituzten nazien kontzentrazio esparruetara. Zer profil zuten?

Bi fase bereizi behar ditugu: lehena, 1940tik 1941era artekoa, eta bigarrena, 1942tik 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu artekoa. Lehen fasean deportatu guztiak gizonak ziren, gizon osasuntsuak. Bigarren fasean, aldiz, profila erabat heterogeneoa da: gaztetxoak, helduagoak eta emakumeak ere harrapatu zituzten.

Gipuzkoar horiek nola amaitu zuten kontzentrazio esparruetan?

Espainiako gerran, Iparraldeko frontea erori ostean, erbesteratze bat egon zen itsasoz Frantziara. Frantziak erbesteratu guztiak berriz ere [Espainiako] errepublikara bidali zituen, Kataluniara. 1939an, Francok Katalunia konkistatu zuenean, Katalunian zeuden 100.000tik gora hego euskal herritarrak Frantziara joan ziren. Besteak beste, Gurseko errefuxiatu zelaia zegoen han. Ahal zutenak Hego Ameriketara joan ziren, eta besteek lana aurkitu zuten, lan esku merkea. Agintariak Bigarren Mundu Gerra hastear zegoenaren usaina hartzen hasi zirenean, esan zuten errefuxiatuen zelaietan zeudenek Frantziako armadan sartu behar zutela, nahi bazuten eta ez bazuten. Hala, Alemaniak Frantzia konkistatu zuenean, ehunka euskaldun zeuden Frantziako armadan, eta preso hartu zituzten alemanek. Lehen faseko profila horregatik da hain homogeneoa.

Zer aldatu zen bigarren fasean?

Naziek ikusi zuten gerra galtzera zihoazela, erotu bezala egin ziren, eta ia edozein harrapatzen hasi ziren. Euskal deportatuen artean ere badaude erresistentzian parte hartu ez zutenak.

Frankismoak ere izan zuen zerikusirik, ezta?

Francori galdetu zioten zer egin nahi zuen preso espainiar haiekin, eta haren koinatuak, Ramon Serrano Suñer gobernazio ministroak, esan zuen Espainiatik kanpo ez zegoela espainiarrik. Handik ordu batzuetara espainiar errepublikazale guztiak kontzentrazio zelaietara eramateko agindua egon zen.

Nazien kontzentrazio esparruak aipatzen direnean, Auschwitz eta gas ganberak etorri ohi dira burura. Gipuzkoarrak egon ziren kontzentrazio esparruak, ordea, nolakoak ziren?

Holokaustoa juduen hilketa masiboa izan zen, 1942tik aurrera gertatu zena. Lehenengo hego euskal herritarra, berriz, 1940an sartu zuten kontzentrazio zelaian. Ez zuten sistema berbera erabiltzen hiltzeko. Deuseztatze esparruetara juduz beteta iristen ziren trenak, eta gas ganberetara eramaten zituzten zuzenean. Gipuzkoar deportatuak kontzentrazio zelaietan sartzen zituztenean, arropa eta zenbaki bat ematen zieten, eta lanean jartzen zituzten, ahitze prozesu baten ondorioz hiltzeko. Higiene baldintza negargarrietan, hotz handiz eta abar edukitzen zituzten.

Zenbat iraun ohi zuten kontzentrazio esparru horiek?

Hilabete batzuk, 4-6 hilabete asko jota. Nazien kontzentrazio zelaien ezaugarri nagusia zen sartzen zen preso orok hil egin behar zuela. Lehen fasean, Mauthausenera [Austria] bakarrik eramaten zituzten deportatuak; bigarrenean, Buchenwalden [Alemania] egon ziren gipuzkoar asko, eta beste zelai batzuetan ere bai. Emakumeak Rabensbruckera [Alemania] eramaten zituzten, eta gizonen baldintza berberak zituzten.

Zorte kontua izaten al zen salbazioa?

Lehen fasean, 26 gipuzkoar deportatu zituzten, eta herena salbatu ziren; bigarrenean, 54 deportatu zituzten, eta herena hil zituzten. Zergatik? Naziak konturatu ziren gerra galdu egingo zutela, eta preso horiei etekin ekonomikoa ateratzea erabaki zuten, presoak hiltzea izan arren helburua oraindik. Bizi baldintzak pixka bat hobetuta, gehiago irauten zuten, eta gehiagok lortu zuten salbatzea ere. Batzuetan salbazioa bertute batzuekin lotu nahi izaten da, baina zorte kontu hutsa zen, erabat ausazkoa.

Salbatzea lortu zuten horiek nolako bizitza izan zuten gero?

Oso latza. Hego Euskal Herrira etortzerik ez zuten, frankismoagatik, eta Frantzian bizitza berri bat hasi behar izan zuten, hizkuntza ere jakin gabe. Badago gutxi aipatzen den kontu bat ere: nazien deuseztatze programa ez zen 1945ean bukatu. Jendea oso gaizki itzuli zen zelaietatik, fisikoki nahiz psikologikoki. Hurrengo urteetan heriotzak bere bidea jarraitu zuen, eta berehala hil ziren asko. Hitzaldi batean esan nuen trauma horiek heredatu ere egiten direla, eta hitzaldian zegoen arlo horretako aditu batek arrazoia eman zidan.

Deportatuen gaia bera ere ez da asko aipatu izan, ezta?

Deportazioa ez dago gure memoria kolektiboan. Euskal Herriko historia liburuak zabalduta, Jaurlaritzak erbestean egindako lanari buruz hitz egiten da zerbait, baina Europan eta Ameriketan barreiatuta geratu ziren milaka hego euskal herritarrei buruz ez da ia ezer esaten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.