“Ez genekien nola, baina argi genuen aurrera egin beharra zegoela”

“Ez genekien nola, baina argi genuen aurrera egin beharra zegoela”

Aizpea Amas Agirre

Alarderik gabeko urte batean bete dira 25 urte emakumeek lehen aldiz Irungo alardean parte hartu zutenetik —hurrengo asteazkenean ziren egitekoak, baina, iaz bezala, ez da izango aurten ere—. Urteurren berezi hori ospatzeko, joan den larunbatean, Mertxe Tranche (Irun, 1965) historialariak eta Irungo alarde mistoko kideak gidatuta, paseo bat eman zuten Irungo alde zaharrean barrena, eta 1996ko ekainaren 30ean 57 emakumek hasitako borroka oroitu eta omendu zuten.

1996ko Irungo alardean koordinatzaile gisa aritu zinen. Zein izan zen zure lana?

Hainbat neurri zehaztu genituen guztion artean, gauza batzuk gertatzen baziren zer egin behar genuen eta halakoak. Batik bat nabarmendu genuen ez erantzuteko kolpeei edo irainei, eta hala egin genuen. Beraz, nahiz eta sektore batek dioen erasotzaileak izan garela, hori ez da egia. Egun horretan alarde mistokoen ondoan ibili nintzen ni; haiek errepidetik zihoazen San Martzialeko aldapan, eta espaloitik ni. Hainbeste lasterka egin nuen, NANa eta kartera ere galdu bainituen! San Juan plazara iristean, izkina batean geunden beste kide bat eta biok, eta, arkupeetara eraman zituztenean, sartu egin ginen gu ere. Poliziak esan zigun behin sartzen baginen ezingo ginela irten, eta haiekin geratu ginen.

Nola ikusi zenituen zure kideak?

Batzuk, lur jota; beste batzuk, pozari eta batasunari esker, eusten; beste batzuk, amorratuta baina adoreari eusten… Gertakari horien ondorioz, batzuk ez dira atera berriro. Joan den larunbateko ekitaldian emakume batzuek esaten zuten gorputzean sartuta daukatela egun hura, eta gaixotu egiten direla horri buruz hitz egite soilarekin. Ikara genuen, eta norbait hil zitekeen beldur ginen urtero: armatuta zihoazen 8.000 gizon zeuden toki batera irten beharra zegoen; asko, gainera, mozkortuta edo kontrolik gabe zeuden. Gerta zitekeen.

Noiz sentitu zenuen beldurra lehen aldiz?

1996ko maiatza beldurgarria izan zen. Asko maite gintuzten batzuek edo txikitatik ezagutzen genituenek, lagunak zirenek, bat-batean ez gintuzten agurtzen edo iraindu egiten gintuzten. Beldur fisikoa, batik bat, 1996ko ekainaren 30ean sentitu nuen.

Zer ondoriotara iritsi zineten egun horretan?

Erabat pasatuta bukatu genuen. Hasteko, udaletik jaso genituen adierazpenak herriak alardea salbatu zuela esanez. Horrek ikusarazi zigun gure bizitzak, benetan, ez zuela lehentasunik. Bestalde, argi geratu zitzaigun indarkeria erabiliko zutela gu geldiarazteko. Egun horretatik aurrera, indartu egin zen aurrera egin behar genuen ideia. Ez genekien nola, baina argi genuen aurrera egin beharra zegoela.

Balorazio positiboren bat egin zenuten egun hartan?

Batetik, espero baino emakume gehiago etorri zela. Hasieran, hamabi bakarrik etorrita ere, ateratzekoak ginen. Azkenean, ordea, 57 etorri ziren, eta horietako asko ez genituen ezagutzen aurretik. Indarkeria giro horretan ere espero baino emakume gehiago etorri zen; indarkeriarik izan ez balitz, beraz, are emakume gehiago etorriko zen. Bestetik, arkupeetako gure batasuna aipatuko nuke: saltoka, oihuka eta alaitasunez bizi izan genuen momentua, uste osotik, eusten. Horrek hauspoa eman zigun aurrera egiteko.

Zuk 1997an parte hartu zenuen lehenengoz desfilean. Nola gogoratzen duzu?

Urterik gogorrena izan zen 1997a. Epaitegiek, kautelazko neurri gisa, udalari agindu zioten emakumeak alardean integratzeko. Ebazpen horren ondoren, ekainaren 26tik 30era erotzeko egunak bizi izan genituen. Tartean, udalak bultzatuta, alardeko goi karguek ebazpena onartzen zuten ala ez bozkatu zuten. Loteslea izango zela esan zuten, eta ekainaren 29an jakinarazi zuten emaitza: 15-12, epaia babestearen alde. Aldi berean, gure rola eta kokapena zein izango ziren eztabaidatzen aritu ginen udalarekin, eta konpainia bat sortzeko eta artilleriaren atzetik joateko agindu zigun udalak. Hori onartuko genuen eztabaidatzen aritu ginen ekainaren 29an, Irungoa den edonork bai baitaki artilleriaren atzetik joatea alardetik kanpo joatea dela. Hamasei orduz egon ginen bilduta, eta iraultza sortu zen bat- batean: gizonak etortzen hasi ziren, beren konpainietatik bota zituztela esanez. Konpainia bakoitzean epaitegien erabakia babestu edo ez bozkatu zuten, eta alarde alternatiboaren aldeko erabakia hartu ez zuten gizonak gugana etorri ziren. Arratsaldean, matxinatzen hasi ziren konpainiak. Guk ez genekien hurrengo egunean izango zen konpainiarik haiekin desfilatzeko. Hurrengo egunean, iritsi ginenean, ez zegoen inor, Dunboara joan ziren denak. Inoiz kontatzen ez dena da bozketa hori irabazi egin zela, eta galdu zutenek kolpea eman zutela baiezkoaren alde bozkatu zutenen kontra. Egun hori dramatikoa izan zen Irunentzat, gizartea hautsi egin zelako.

Alardean, ordea, irudipena nuen, poliki, baina aurrera gindoazela. Lagunen aurpegiak bakarrik ikusten genituen guk. Lerro batek inguratuta geunden, eta festa giroan gindoazen barruan. Handik urte batzuetara egun horretako argazkiak ikusi nituen, goitik aterata, eta lerro hori osatzen zutenak kanpokoekin joka ari ziren: askok besoa hautsi zuten, burua ireki… Eta gu ez ginen ohartu ere egin. Jendeak heroien moduan jokatu zuen gurekin.

Lehen urtean bizi izandakoa bizi izan ondoren, nondik atera zenuten indarra 1997ko alardea eta hurrengoak prestatzeko?

Ahalegin pertsonal handia egin dugu alardearen alde. Nik neuk uste dut nire bizitzako hamar urte galdu ditudala gai honekin. Ahalegin handia, diru asko, ilusioa, gogoa, uste osoa… Uste dut ez geneukan tokitik indarra atera genuela, argi geneukalako arrazoia genuela; faxismotik gertu zegoen portaera bati aurre egiten ari ginen. Eta geure alaba, iloba eta ahizpa gazteagoen irudiak genituen buruan, alardean desfilatzen, festa giroan.

Zein izan zen lehen urte horietan egindako akatsik handiena?

Badago askotan kontuan hartzen ez den erpin bat: beste sektorean ez dago graduaziorik, eta ezin da negoziatu: ezin da egon emakume soldadu bat bera ere, konpainia bakar batean ere ez. Edozer gauza negoziatzeko prest ginen gu. BAE [Bidasoaldeko Emakumeak] eta Alardeko Batzordearen 1996ko elkarrizketetan egon nintzen ni, eta ez ziguten aukerarik eman: “Aurten ez zarete aterako, eta hurrengo urteari begira, hitz egingo dugu”. Hori ez da eskaintza bat. “Aurten ez zarete aterako, baina hemendik bost urtera, bai, eta hitz egingo dugu nola aterako zareten”; hori onartuko genukeen. Arazoaren funtsa ez da egon gure ekimenean, epaitegiek gure eskubidea aitortu baitute; erreakzioa izan da arazoa. Eta, gainera, zuhurtzia gutxirekin aritu dira: konpainia misto bat proposatu izan baligute, hogei urtez izango gintuzten bertan, arazorik gabe.

Indarkeria noiz hasi zen nabarmen gutxitzen?

Alardearen Batzordeak tabernak jarri zituen Zabaltza plazan, jendea ez zedin egon Kale Nagusian mozkortuta, guri gauzak botatzen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak presioa eginda, 2008-2010etik Alardearen Batzordea indarkeria murrizten saiatu zen. Gainera, komunikabideetan indarkeria hori agertzeak ez zien batere mesederik egiten. Gaur egun, Kale Nagusian dago gune ilun bakarra, eta, aldapa jaitsi baino lehen, arnasa hartzen dut beti, ea zerekin topo egingo dugun. Urte batzuetan ez da ezer larririk gertatzen, irain batzuk bakarrik, baina beste batzuetan bizpahiru mozkor hasten dira, agian, izotzak edo edalontziak botatzen edo bidea oztopatzen.

Lasaitasuna irabazi duzue jaiaz gozatu ahal izateko, ezta?

Gaur egungo ekainaren 30ak ez du zerikusirik duela urte batzuetakoarekin. Arropa erosteko garaian denda guztietan ematen digute zerbitzua, egun horretan zein lasai janzten garen, zein pozik elkartzen garen goizeko ogitartekoa jateko, argazkiak zein pozik egiten ditugun…

Zeintzuk izan dira 25 urteotako lorpenik garrantzitsuenak?

Bakar batean laburbildu daiteke dena: ekainaren 30ean Irungo edozein emakumek aukera du txilibitua jotzeko, jenerala izateko, hatxero gisa joateko… Nahi duena izan daiteke, gero eta askatasun handiagoarekin eta beldurrik gabe. 25 urte pasatu dira, eta garai hartan amaren sabelean zeuden ume horiek edo alardea espaloitik ikusten zutenak dagoeneko ateratzen ari dira. Izugarri pozten naiz neska kuadrilla gazteak alardean saltoka eta pozik ikusten ditudanean; merezi izan duela sentitzen dut. Aizea Susperregi Landetxako kantineraren amona atera zenekoa da gogoan dudan beste momentu polit bat. 80 urteko emakume hark ezin izan zuen inoiz alardean parte hartu, eta oso hunkigarria izan zen bilobaren alboan ateratzea; malkoak erortzen zitzaizkigun.

Bi alarde izanda, konponbidea luzatzen ari dela uste duzu?

Luzatzen ari da, eta ez dirudi konponbidetik gertuago gaudenik: udalak ez du lanik egin nahi izan norabide horretan. Gainera, bi egitura eraiki dira, eta oso zaila da biak suntsitzea. Guk argi daukagu hurrengo pausoa udalak alarde bat antolatzea dela, 1998an, 1999an eta 2000n egin zuen bezala, eta herritarrak berdintasunezko alarde batean parte hartzera deitzea. Baina denborari bere lana egiten utzi behar zaio. Iritsiko da balantza gure aldera mugiaraziko duen azken tanta hori.

Emakumeen parte hartzeari buruzko borroka goizegi hasi zenutela uste duzu?

Ez dut uste. Alderantziz delakoan nago. Soziologiak dio horrelako aldarrikapen bat dagoenean hori egiten hasten diren lehenak izaten direla helburua lortzen azkenak, erresistentziarekin topo egiten dutelako. Beste zenbait herritan emakumeek parte hartzea lortu dute, hein batean Irunen eta Hondarribian gertatu zenagatik. Gainera, historialari gisa uste dut Irunen eta Hondarribian arazo bat daukagula alardearen sakralizazioarekin: guztiaren gainetik jartzen dugu, baita bizitzaren gainetik ere, eta arazo soziologiko argi bat daukagu horrekin. Udalak ere lan egin beharko luke hori biguntzeko.

Konponbideak goitik bakarrik etorri behar du, edo baita behetik ere, herritik?

Bietatik etorri behar du. Indarkeria gutxiago dagoen neurrian, gero eta jende gehiago animatuko da; Kale Nagusiko gune ilun hori bakarrik geratzen da. Gainera, gero eta kide gehiago dauden neurrian, orduan eta familia gehiago egongo dira ordezkatuta, eta, agian, ez dira prest egongo iraintzeko; beste maila batekoa izango da eztabaida. Era berean, tokian tokiko erakundeak mezu argi bat eman behar du etorkizuneko alardearen alde. Esanguratsua izango da momentu hori, eta espero dut oso urrun ez egotea.

Bi urte alarderik gabe egon ostean, 2022ak berritasunen bat ekar dezakeela uste duzu?

Ez dut uste. Orain artekoaren ildotik jarraitzen dute alkateak egindako azken adierazpenek: gizartea aldatzen ez den bitartean, udala ez dela aldatuko esan du. Keinu sinbolikoren bat egitea, agian? Berak ikusiko du; guk ez dugu behar. Guk gauzak egin ditzaten nahi dugu; ez keinurik.

Noizbait parte hartu ahal izango duzu alarde bakarrean?

Neure burua beti irudikatu izan dut alarde bakarra ikusten, balkoian eneazko aulki batean eserita, adineko agurgarri bat izanez. Ez dakit adinekoa izatera iritsiko naizen eta agurgarria izango naizen, baina, ziurrenik, desfilatzen ez, baina ikusi, ikusiko dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.