Herri baten eromen txiki bat

Herri baten eromen txiki bat

Unai Zubeldia

Azken orduko albisteen zain egon dira azken urtebete luzean. “Pandemiaren eraginez, ez genekien aurtengo antzerki astea antolatzerik izango ote genuen ere”, aitortu du Goizane Barroso Eromen Produkzioak konpainiako produkzio arduradunak. “Baina, ahal dugun moduan, aurrera egiten ari gara pixkanaka”. Eromen Produkzioak konpainiak dinamizatzen du Zestoako Arte Eszenikoen Eskola, eta, koronabirusaren eraginez, zailtasun dezente izan dute azken aldian. “Egunerokoan, oso zaila izan da maskara jantzita antzerkia egitea, baina antzerkia da gure apustua”.

Aurrerapauso horretan, Zestoako Antzerki Astea da Eromen Produkzioak konpainiak parez pare daukan hurrengo erronka —Zestoako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka egitasmoak—. Ekainaren 28tik uztailaren 4ra egingo dute ekitaldia, datorren astelehenetik igandera, Zestoan bertan, Caravan Park pabiloian; kultur etxean izaten dira emanaldiak normalean, baina, pandemiaren eraginez, aldatu egin behar izan dute kokalekua.

EROMEN PRODUKZIOAK KONPAINIA

“Urte osoan egiten dugun lana erakusten saiatzen gara Zestoako Antzerki Astean”, esan du Barrosok. Eromen Produkzioak-ek Guateke ikuskizuna taularatuko du aurten, Amancay Gaztañaga zuzendariaren lana —iaz ziren aurkeztekoak, baina atzeratu egin behar izan zuten, pandemiaren eraginez—. “Festa handi bat da Guateke“, hasi du azalpena Barrosok. “Baina festak munduaren amaieran harrapatuko ditu gonbidatuak. Komedia da ikuskizun hau, komedia iluna, eta jendeari gustatuko zaiola uste dut”.

“Hutsetik” hasitako bidea

Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako ia 30 pertsona igoko dira oholtzara asteartetik ostegunera, amateurrak gehienak, “16 urtetik 69 urtera artekoak”; hiru emanaldi eskainiko dituzte; egunero bat. “Gaur egun, 65 lagun ari dira Zestoako Arte Eszenikoen Eskolan; horietatik %65 Zestoatik kanpokoak dira; Azpeitia, Azkoitia, Zumaia, Zarautz, Donostia, Arrasate, Zumarraga, Irun…, ingurukoak. Ez da Zestoako proiektu soila”, zehaztu du Barrosok.

“Urte berezia” dute aurtengoa, gainera, udazkenean hamar urte beteko baititu antzerki eskolak. “Hutsetik hasi zen proiektua, hamabost lagunekin”, gogoratu du Eromen Produkzioak konpainiako produkzio arduradunak. Lau ikuskizun ere sortu izan dituzte urte bakar batean. “Baina urtero pare bat sortzen ditugu normalean”, zehaztu du Barrosok. 2011n sortu zuten eskola, eta 2014an hasi ziren lehen antzezlanak eskaintzen; azken zazpi urteotan sortu duten hamabosgarren antzezlana da Guateke.

Herriko antzerki eskolan egindako lana erakusteaz gain, ordea, Zestoatik kanpokoa ere aintzat hartu nahi izan dute aurten. Horren erakusgarri, Lesakako Mairu Antzerki Tailerrari eta Xake Produkzioak konpainiari ere irekiko dizkiote ateak; Iluntzen eta Fadoak entzuten zituen gizona ikuskizuna eskainiko dute, hurrenez hurren —Donostia Antzerki saria jaso berri du azken ikuskizun horrek—. “Beti saiatzen gara herritik kanpoko antzezlan batzuk ekartzen”, azpimarratu du Barrosok. “Aurreko urteetako esperientziak lagundu digu aurtengoa hobeto antolatzen”.

Eta ikuskizun hutsean gelditu gabe, “mahai inguru bihurri bat” ere egingo dute aurtengo antzerki astean, uztailaren 2an, ostiralean, Zestoako kultur etxean (17:30). Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen izango dute hizketarako gaia; Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Komunikazio arloko irakasleak zuzenduko du mahai ingurua, eta lau emakumezko gonbidatu dituzte: Aizpea Goenaga, Olatz Beobide, Erika Olaizola eta Nerea Arriola. “Ez da izango ohiko mahai inguru bat”, zehaztu du Barrosok. “Ohiko formatutik aldentzen saiatuko gara; jolaserako proposamen bat izango da, publikoa ere mahai inguruaren parte izatea nahi dugulako. Jostagarri izan dadin saiatuko gara”. Mahai inguruaren ondoren gozatu ahal izango da Artedrama konpainiaren Atzerrian lurra garratz ikuskizunarekin, Caravan Parken.

Bere txarrean, pandemia “nolabaiteko mugarria” izan dela uste du Barrosok. “Lanean jarraitu nahi dugula berretsi dugu urtebete honetan. Pandemiaren eraginez, konpainia askok utzi egin behar izan diote beren jardunari, baina guk, behintzat, erakutsi dugu jarraitu egin nahi dugula eta gogotsu gaudela”.

Eszena bakoitzetik, testura

Barrosok azaldu du Amancay Gaztañaga zuzendariak eta biek Michael Txejov eta William Laytonen teknikak baliatzen dituztela euren antzerki eskolan. “Guk ez dugu testua ikasten; eszena desberdinak planteatzen ditugu lehenik eta behin, pertsonaiak ere zehazten ditugu pixka bat, eta horren arabera joaten gara gorputzetik ikasten. Ekintza zein den ikusten dugu lehenengo, eta testua jasotzen dugu gero, baina ordurako jakiten dugu zer ari den gertatzen. Bukaeran ikasten dugu testua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.