Hiltzera bidalitako gipuzkoarrak

Bigarren Mundu Gerran laurogei gipuzkoar deportatu zituzten nazien kontzentrazio esparruetara. Orain bi aste, Gipuzkoako Diputazioak omenaldia egin zien, eta han izan ziren senideetako batzuk ere. Esan dute orain ari direla gertatutako gauzak jakiten, etxe batzuetan gutxi hitz egin baita gaiaz.

Miren Garate

Elias Aguilar, Jose Maria Agirre, Maria Gesalaga, Martin Mitxelena… Luzea da zerrenda, Gipuzkoan jaio edo bizitako laurogei lagun deportatu baitzituzten Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetara. Hainbat herritakoak ziren. Mauthausenera (Austria) eraman zituzten batzuk, eta Alemanian, Dachaura, Buchenwaldera, Sachsenhausenera, Neuengammera eta beste kontzentrazio esparru batzuetara ere bai. Zenbaki bihurtzen zituzten, eta, ahitze prozesu baten ondoren, hiltzea izaten zen helburua. Laurogei horietatik erdiak salbatu egin ziren; beste erdiak hil egin zituzten. Ekainaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin zien, eta han izan ziren haien senideetako batzuk ere. Gutxi ikertu izan da gaiari buruz, eta senideek azaldu dute orain ari direla gauza batzuk jakiten, memoria historikoaren arloan lanean ari diren talde eta pertsonei esker.

Lore Martinezek amaren osaba zuen Pedro Axpe, amaren aitaren anaia, zehazki: “Gure amak eta haren bikiak 4 urte zituztenean hil zuten, eta ezer gutxi jakin izan dugu hari buruz. Ama baino zaharragoa den izeba bat akordatzen da Frantziatik bizikleta bat ekarriko ziola esan ziola”. 1944ko abenduan hil zuten, Dachauko kontzentrazio esparruan, 37 urte zituela.

Gipuzkoar deportatuak

Bergaran jaio arren, 12 urte zituela Aretxabaletara joan zen bizitzera Axpe. “Oso gaztetatik izan zen sozialista eta errepublikazalea, eta miliziano sartu zen Espainiako gerraren garaian”. Intxortan, Murugainen eta abar ibili ostean, Santanderrera (Espainia) eta Asturiasera (Espainia) joan zen. “Batzuk harrapatu egin zituzten, baina Pedro Frantziara joan zen, itsasontziz, eta handik Perpinyara, Kataluniara”. 1939an, Francisco Francok Katalunia hartu zuenean, berriro Frantziara alde egin zuen. “Errefuxiatuen esparruetan egon ziren, baina alemanak etorritakoan errefuxiatu esparruetatik kontzentrazio esparruetara eraman zituzten. 1,80 metroko gizona zen, baina lau hilabete bakarrik iraun zituen kontzentrazio esparruetan”.

Gutun bat badute Martinezen senideek. Iñaki Uriarterena da, 1960koa, Francisco Axpek, Pedroren anaiak, bidalitako beste gutun bati erantzuten diona Hendaiatik (Lapurdi). Uriartek kontatzen du Okzitaniako Gurs, Idron, Agde eta Noeko kontzentrazio esparruetan egon zela Axperekin, eta Uriarte ateratzean, 1941ean, han geratu zela artean Axpe. Gaineratu du gerora ere jarraitu zutela harremanetan.

PEDRO AXPE

Esku bateko atzamar lodia falta zuen Axpek, borrokaren batengatik, eta gutunak dio hasieran esperantza bazuela, mutilatuak ez ote zituzten eramango. Uriarteri laguntza ere eskatzen zion, hura zegoen baserrian ea lanerako hartuko ote zuten galdetzen baitzuen, eta Uriartek zehazten du nagusiak Noera idatzi zuela, baina erantzun ziotela ordurako konpainia batean aterata zela, eta ez zekitela nora. Uriarteren gutunaren arabera, hurrengo urteetan ez zuen izan Axperen berririk, baina 1946an bizkaitar batekin topo egin zuen, eta esan zion 1944an bide bazter batean utzi behar izan zutela, aurrera ezin jarraituta. “Gure aitonak-eta jakingo zuten, baina guri ez ziguten ezer kontatu”. Jakin-minak bultzatuta, irailean Dachaura joatekoak dira Martinez eta ahizpa bat, 81 urteko amarekin eta izebarekin. “Ideologia jakin bat izateagatik egundokoak jasan behar izan zituzten. Horrelako gauzak ez ditugu ahaztu behar”, esan du.

Etxean, azalpen gutxi

Joanito Larburuk ere etxean gauza gutxi entzun izan ditu osaba Juan Manuel Larbururi buruz. “Umetan belarria beti adi izaten genuen, baina alde egiteko agintzen ziguten”. Hernaniko Berakorta baserrikoa, aurrez beste kontzentrazio esparru batzuetan egon ostean, 1944an hil zuten, Flossenburgen (Alemania), 32 urte zituela. “1936ko gerran frontera joan zen. Handik bi urtera joan zen gure aita ere, baina ez ziren elkarrekin egon”.

Larburuk azaldu du norbaitek osaba salatu zuela, gorria zela esanez, eta, zetorkionaren beldur, alde egin zuela. “Frantziara joango zen”. Aitona, berriz, preso sartu zuten, Infernua deitzen zioten Donostiako kartzelan, Juan Manuel semeak egindakoagatik. Frontean jarraitzen zuen Larbururen aitak. “Hernaniko batek esanda jakin zuen Juan Manuelek alde egin zuela, eta aitona kartzelan sartu zutela. Zer ez ote zituen pasatuko gure aitak ere orduan…”.

Frantzian, osaba emakume alargun baten etxean egon zela dakite senideek. “Hernanira ere etorri omen zen pare bat aldiz, ezkutuan. Gure aitari politikan ez sartzeko esan omen zion”. Esan du ez dakiela familiak nola jakin zuen osaba hil egin zutela. “Behin, 10 urte inguru izango nituen nik [66 ditu orain], medikua etorri zen etxera. Larburu Odriozola entzunda, aipatu zuen zerrenda batean ikusi zituela abizen horiek, baina umeei ez ziguten halako gauzak entzuten uzten”. Osaba gaixotuta hil zela entzun izan zion aitari. “Aurrekoan [aldundiaren omenaldian] esplikatu zuten zein baldintzatan izaten zituzten kontzentrazio esparruetan: hotzak, lan asko eginaraziz. Aitak ez zigun kontatu halakorik”.

Oroitzearen garrantzia

Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako laurogei gipuzkoarrak omentzeko ez ezik, memoria taldeek egiten duten lana eskertzeko ere balio izan zuen aldundiak antolatutako ekitaldiak. Errenteriako La Ilusion taldea da horietako bat. Florentino Mariñelarenak kontatu du orain hamar urte inguru hasi zirela dokumentuak biltzen, dosier pertsonalak osatzen eta abar. “Aitona-amona batzuek gauza beldurgarriak kontatu zizkiguten, eta ikusten genuen ez zirela pelikula bati buruz ari; Luzio Urtubiaren bidez, deportatu batekin harremanetan jartzea lortu genuen, eta gero beste batzuengana iritsi ginen”. Oso garrantzitsutzat jo du familiek, eta, oro har, herritarrek gertatu zena jakitea. “Gure aitona-amonei gertatu zitzaien; ez da hain aspaldiko kontua. Donostian, Irunen edo Errenterian jaiotakoek nola bukatu zuten Mathausenen, Dachaun?”.

PEDRO AXPE

Hainbat ekitaldi antolatu izan ditu La Ilusionek nazien kontzentrazio esparruetara deportatutakoak oroitzeko; besteak beste, galtzada harri bat jarri ohi dute deportatuen etxe aurrean, haien datuekin. Mariñelarenak azaldu du senide askok ez dutela ezer jakiten: “Akaso, Frantziara pasatu zirela edo horrelako zerbait jakiten dute, gutunen baten bidez”.

Kontu gogorrak izanik, esan du jendeari batzuetan kosta egiten zaiola gaiari buruz aritzea. Alabaina, egiten duten lana asko eskertzen dietela zehaztu du, batez ere familiek: “Omenaldiekin, itxi bezala egiten dute zirkulu bat; agur moduko bat izaten da. Beren bizitza osoan, adibidez, gorri madarikatuak entzuten aritu ostean, behingoz pertsona gisa hartzen dituztela ikusten dute”.

Mariñelarenaren hitzetan, pozik daude azkenaldian Bigarren Mundu Gerra garaiko deportatuen gaia pixkanaka azaleratzen ari delako, baina nabarmendu du oraindik ere gauza asko geratzen direla egiteko. “Pertsona horiek hemen jaio ziren, Gipuzkoan, eta alde egin zuten ez zeudelako faxismoaren alde. Noizbait eta nonbait hil zituzten. Heriotza ziurtagiri horiek lortu egin behar dira, baina lan hori egin gabe dago oraindik”.