Ahaztutakoak gogoan izateko

Ahaztutakoak gogoan izateko

Josune Zarandona

Ahaztutako emakumeak gogora ekartzea. Horixe da 30 emakume ahaztezin erakusketaren xede nagusia, baina ez bakarra. Erakusketan bildu dituzten emakumeez gain, beste hainbesteren ekarpenak eta istorioak ere bildu nahi dituzte. Horretarako, herritarren parte hartzea izango da giltzarria. Nahi duen orok egin dezake bere ekarpena erakusketa aretoan bertan edo sare sozialetan #emakume-ahaztezinak traola erabilita.

Bilboko Euskal Museotik eta Bergarako Laboratorium museotik pasatu eta gero, Zegamako Anduetza parketxean dago ikusgai erakusketa, uztailaren 15era arte —ekainaren 11n inauguratu zuten—. Erakusketa ibiltaria da, eta beste hainbat herritatik ere igaroko da gero. Emakunderen 30. urteurrenaren harira sortu zuten egitasmoa, eta Elena Ciordia artistak 30 emakume horien inguruan egindako akuarelak ditu oinarri. Liburua kaleratu zuten lehenengo, eta erakusketa jarri zuten gero.

Emakume guztiei omenaldia

“Luzaroan izan duten errekonozimendu faltak kasu askotan ikusezin bihurtu ditu emakumeak, gaur egungo mundua eraikitzen ekarpen handia egin duten arren”, esan du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Erakusketak “emakume guztiak” omendu nahi dituela azaldu du, “bai hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baita hain publikoak edo ikusgarriak izan ez diren beste hainbat lanetan aritu diren emakumeak ere”.

Joseba Izagirre Zegamako alkateak uste du berdintasunaren alorrean “pauso asko” eman direla, baina oraindik “asko” dagoela egiteko. “Argi dago balioan jarri beharra dagoela emakumea eta egin dituzten merituak jakinarazi behar direla”. Anduetza parketetxera bertara deituta har daiteke erakusketarako hitzordua; norbanakoentzat nahiz taldeentzat dago irekita erakusketa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.