“Asko eman dit bertsoak: bizimodu bat”

Omenaldia Usurbilen, omenaldia Lazkaon... 2019an lehen lerrotik urrunduta, 30 urtez gai jartzaile gisa egindako lanaren ordaina jasotzen ari da Inaxio Usarralde. Euskara du bizibide.

Unai Zubeldia

Euskara, bertsoa eta kolektiboa. Hiru zutabe ditu Inaxio Usarralderen (Aginaga, Usurbil, 1967) egunerokoak. Euskal filologoa da ikasketaz, Emun kooperatiban ari da lanean 2005etik —sartu-irten bat egin zuen Mintzola Ahozko Lantegian—, baina 30 urtez gai jartzaile gisa egindako lanak eman dio sona. 2019an lehen lerrotik urrunduta, bestelako patxada batekin bizi du orain bertsolaritza.

Usarralde bai, baina Inazio edo Inaxio, nola gustatzen zaizu deitzea?

Inaxio. Nire izenarekin badaukat borroka bat: aitonaren herentzia daramat nik; Inaxio zen aitona, baina “Ignacio” ageri da nire jaiotza agirian. Gogoan daukat batxilergoa egitera-eta Donostiara joan nintzenean, lehenengo egunetan zerrenda pasatzen zutenean, “Ignacio!” esaten zutela irakasleek, eta mina ematen zidan hori entzuteak. Epaitegira joan eta “Iñaki” jarri nuen nire errebeldia guztiarekin, garai hartan posible baitzen izenak itzultzea. Ez ninduen betetzen horrek ere, “Inaxio” izan naizelako betidanik, baina gaur da eguna garai hartako ikaskideek Iñaki deitzen didatena. Euskaltzaindiak izenak euskarazko grafiaz jartzea baimendu zuen gero, eta “Iñakitik” “Inaziora” aldatu nuen izena. Baina, oraindik ere, legez, izena ezin izan dut jarri neure gustura.

Omenaldi giroan murgilduta zabiltza azken urtebetean. Usurbilen iaz, Lazkaon aurten… Gai jartzaile bat omenaldiak jasotzen…

Sekulako giroa eduki dugula eta daukagula adierazten du horrek, baina ardura pixka bat ere ematen du. “Zer egin dut nik horrelakoak merezi izateko?”, hori da pentsamenduetako bat. Kontraesan batzuk sortzen dizkit omenaldien kontuak. Usurbilgoa ezustekoa izan zen; santaisabeletako saio hura izan zen gai jartzaile lanari ezezkoa eman nion lehenengoa. Pandemia dela-eta, zozketa bidez lortu nituen sarrerak, ustez, eta amarekin joan nintzen saioa entzutera; hark ere ez zekien ezer. Polita izan zen, bereziki ama eta bikotekidea aurrean zeudelako.

Lazkaokoa, jada, bereziagoa izan zen, prestatuagoa. Jakinaren gainean nengoen ni ere. Desberdina izan zen eta desberdin bizi izan nuen. Iazko abenduan zen egitekoa berez, baina atzeratu egin behar izan zuten, pandemiaren eraginez. Apirileko omenaldiaren eguna gerturatu baino bi aste lehenagora arte oso lasai egon nintzen. Gustatu zitzaidan izenburua ere, Inaxiori ikasiak. Egunerokoan ondoan ditudanak zeuden omenaldiaren atzean, eta banekien estualditxoren bat izango nuela, baina intentzio txarrik gabea. Azken astean, komunikabideetatik deika hasi zirenean, sortu zitzaidan halako kezka bat, baina oso babestuta sentitu nintzen oholtzan. Saioa gozatzen saiatu nintzen, eta prestatuta neukan esker ematea ere egin nuen. Gustura gelditu nintzen.

30 urte, erraz esaten da. Nekatuta amaitu duzu?

Ez daukat neke sentsaziorik. Niri asko eman dit bertsoak: bizimodu bat. Euskararen munduan lan egin dut betidanik eta osagarri ezin hobea izan dut bertsoa. Oso eroso sentitu izan naiz Bertsozale Elkartean; oso proiektu interesgarria eta sinesgarria da, sekulako aurrerapausoak eman dituena. Bere gorabehera guztiekin, hazten ikusi dut elkartea. Jendarte, lagun giro eta egiteko proiektu gozagarrian ibili izan naiz, baina hamabost laguneko talde mundiala dago orain Gipuzkoako gai jartzaile taldean; sekulako indarra eta gogoa daukate, eta noizbait eman behar da lehen lerrotik atzera pasatzeko pausoa. Traumarik gabe, natural hartu dut gai jartzaile lana uzteko erabakia; herri mailan lanean jarraituko dut.

Gai jartzaile taldean kide izan dituzunek goraipatu dute oso iaioa izan zarela belaunaldien arteko zubi-lan horretan.

Pozten naiz hala azpimarratu badute, hori ikasi dudalako nik besteengandik eta besteei hori transmititzen saiatu izan naizelako ni ere. Laxarok-eta [Laxaro Azkune] asko babestu gintuzten hasiberritan, eta antzekoa egiten saiatu gara gu gero. Txapelketa garaian, ia-ia etxekoekin baino denbora gehiago igarotzen dugu gai jartzaile taldean; lehenengoetakoak izaten gara lanean hasten, astero elkartzen gara, exijentzia maila ere igoz-igoz joaten da, eta ezinbestekoa izaten da geure artean harreman ona edukitzea. Ideia xelebreenarekin datorrenari ere bere tokia egin behar zaio, eta jakin egin behar da gauzak esaten.

Noiztik zara bertsozalea?

Ez pentsa gure etxean oso bertsozaleak izan garenik. [Inazio Eizmendi Manterola] Basarri betidanik entzun izan dugu etxean; Nere bordatxotik hasten zenean, isildu egin beharra izaten zen etxean. Baina ume garaian ni ez nintzen oso bertsozalea. 16-17 urte nituela Paotxa irratia sortu genuen Usurbilen, eta arrantzari buruzko saio bat egiten hasi izan banintz, agian ez nintzatekeen izango hain bertsozalea, baina herriko beste bizpahiru lagunekin elkartu eta Bota Punttuba saioari ekitea erabaki genuen. Bertsozale Elkarte sortu berrian laguntza eskatu eta berehala lortu genuen elkarlana; Usurbil oso bertsozalea izan da betidanik. Handik, berriz, Egin irratira joan nintzen, 1989-1990 inguruan; gure bila etorri ziren.

Bitxikeria bat ere badaukat: Fermin Muguruzak gurekin ikasi zuen bertsoa zer zen. 21:00etatik 22:00etara egiten genuen saioa guk eta 22:00etan hasten zen Igo bolumena bere saioa. Aipatu izan du Bota Punttuba-ri esker izan zuela bertsoaren berri. Bestalde, oso polita izan zen Egin irratiaren barrutik kultuartekotasunaren gaia lantzea; oso mundu erakargarria zen.

Santaisabeletan ere berehala hasi zinen oholtzara igotzen…

Taldean jartzen genituen gai guztiak, baina norbaitek aurkeztu behar izaten zituen. Inoiz ez nau atzeratu izan publikoaren aurreko jardunak; beti sentitu izan dut errespetua, baina ez zait kostatu izan.

Italiako zirku bateko artistak ere ondo dominatu zenituen behin…

[Barrez] Usurbilen beti egon izan da euskararekiko sentsibilizazio berezia. Usurbilgo AEKn ari nintzen lanean orduan, eta Usurbilgo Udaletik deitu zidaten zirkua zetorrela eta aurkezpen lanak egingo ote nituen galdezka. Bitxia izan zen, ez nuelako atera behar izan jendaurrera. Atzealdean aritu nintzen ikuskizun bakoitza aurkezten; belarrira gaztelaniaz esaten zidatena euskaraz esaten nuen nik mikrofonotik. Garai hartako 2.000 pezeta [12 euro] eman zizkidatela uste dut.

Etxetik jaso zenuen euskaltzaletasun hori?

Bai, txiki-txikitatik. Apaiza zen osaba bat eta euskarazko liburu dezente utzi zituen gure etxean. Betidanik eduki izan dut euskararen har hori sartuta. Ezer ez zegoen tokian eraikitzea zenbat kostatu zitzaigun ikusita, orain kezka daukat asmatzen ari ote garen hurrengo belaunaldiei guri zenbat kostatu zitzaigun erakusten.

Euskara, euskaltzaletasuna… eta herrigintza?

Talde giroa gehituko nuke hor. Ni beti eroso sentitu izan naiz talde giroan edo kolektiboan. Nire kasuan, gauzak ez ditu egin Inaxiok, beste batzuekin batera egin izan ditut gauzarik gehienak. Berreuskalduntze taldea, AEK, Lazkaoko Gerriko kultur elkartea… Eskolak eman ez digun hori lantzeko grina eduki izan dugu beti.

1989ko Euskal Herriko Txapelketan hasi zinen gai jartzaile taldean. Nola gogoratzen duzu?

Bi plano bereizi behar dira gai jartzaileen zereginean: gai jartzearen langintza hori, batetik, eta jarritako gaiak aurkeztea, bestetik. Gogoan daukat 1989an Oiartzungo Otsua nola etortzen zen larunbatetan nire bila Aginagara eta nola joaten ginen biok Elosuako puntara [Antzuola]; egun guztiko bilerak izaten ziren. Aurreko asteko zirriborro batzuekin joaten nintzen ni, txanda noiz iritsiko zain, larri… Pixkanaka barneratzen da bilera horien dinamika; txapelketa hartan jada hasierako saioren bat aurkeztu nuela uste dut.

Gai jartzaileen lana asko aldatu al da azken 30 urteotan? Zaildu egin da, akaso?

Ez… Gizarte honetan bizi gara bai bertsolariak eta bai gai jartzaileak, eta edaten dugun horretatik sortzen dugu. Gaur egungo informazio kanal basati horretatik alea ondo bereizten asmatu behar da, plazarako zerk balio duen zehazteko. 1989ko gai batzuekin kartzelara bidaliko gintuzketen gaur egun, ez lirateke onartuko, eta izugarrizko triskantza sortuko litzateke sare sozialetan ere. Aurrera egin dugu zorionez, eta eskerrak feminismoaren begirada zorrotz horri, horrek mugiarazi baikaitu. Bertsozale Elkartea beti izan da gogoeta sorleku etengabe bat, eta gizartearen norantza markatu du gauza askotan.

Nola sortu izan dituzu gaiak?

Aldarte bat behar da horretarako. Nik orain ez daukat ez konpromisorik, ez saiorik eta ez txapelketarik, eta nire arreta beste gauza batzuetan dago. Oraintxe litzateke santaisabeletako saioa, eta bizpahiru aste edo hilabete bat lehenago hasiko nintzen eskema egiten, gaiak aztertzen… Gai asko galdu zaizkit bidean, momentuan bertan gaia ez apuntatzeagatik. Sormen prozesua desberdina da jaialdi bateko bertso saio baterako edo txapelketarako. Txapelketan ez dugu jakiten norentzat den gaia, baina Usurbilgo saiora banoa eta Maialen [Lujanbio], Miren Artetxe, Amets [Arzallus] eta Julio [Soto] izango ditudala baldin badakit, asko markatzen du horrek. Udako jaialdietan beti agertzen dira Tourra, uda, oporrak, jaiak, parranda…, horrelako gaiak. Testuinguru guztiak bereizi eta zaindu behar dira.

Begiradak, patxada, isiluneak… Gai jartzaileak nola lortzen du bertsolariaren konplizitatea?

Bertsolariak aldarte desberdina ekartzen du jaialdi batera edo txapelketara. Txapelketa batera dakarren aldartean ez du izaten askoren beharrik bere onetik ateratzeko, tentsioan iristen baita; euren urduritasunean gehiago ez eragiten saiatu izan naiz ni horrelakoetan, patxada bat transmititzen, baina gurasokeriarik gabe. Gustatzen zait begiradarekin lasaitasuna helaraztea. Jaialdietan, berriz, oso bakarreko lana izaten da gai jartzailearena, nahiz eta ni saio bakar batera ere ez naizen joan gaiak kontrastatu gabe. Saioan bertan, berriz, bitartekaria izaten da gehiago gai jartzailea; ura falta dutela, saioa mozteko garaia dela…

Talde izaeraren erakusgarri, berezia izaten da Gipuzkoako Txapelketaren ondorengo asteburu-pasa, ezta?

Bai, eta horregatik iraun dugu 30 urte. Zalantzarik gabe, garrantzitsuak dira horrelakoak, eta hori egiten dugu aurreko aste eta hilabeteetako giroa sanoa eta gustukoa bada. Ez da berdina lau lagun joatea edo denok joatea, eta gehienok joan izan gara gehienetan. Hori da aurrera egiteko gasolina.

Sare sozialak arriskutsuak dira gai jartzaileentzat?

Pauta batzuk badauzkagu zentzu horretan, eta, txapelketa garaian, adibidez, gu ez gara hasten eztabaidan. Entzun egiten dugu dena, muzin ez diogulako egiten kritikari, baina ez dugu indartzen ika-mikarik. Sare sozialetako arrabots horrek balio izaten digu hobetzekorik baldin badaukagu, hobetzeko.

Bertso musikatuak, bertso tramak, bertso poteoak… Gustatzen zaizu bertsolaritzak hartu duen berritzeko joera hori?

Bai… Ez dut uste bide okerra denik. Probatu egin behar da dena, nahiz eta ni, oraindik ere, bi bertsolari otordu giroan elkarrekin gauzak eraikitzen eta istorioak sortzen ikusteak liluratzen nauen gehien.

Zer da gai jartzaile lanak daukan gauzarik politena?

Norberak proposatutako gaiek saio on baterako bide ematea eta bertsolariek asmatu dutela ikustea; oso betegarria da poz kolektibo hori.