Garai bateko plaza, berrituta

Garai bateko plaza, berrituta

Unai Zubeldia

Urte zaila izan zen iazkoa”, hala aitortu du Gorka Arizkorretak, Sagar Arte elkarteko koordinatzaileak. “Izan ere, arte eszenikoen industria oso kaltetuta zegoen iaz”. Landa ingurua eta hiria berriro lotzeko asmoa duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Sagar Arte —2017an sortu zuten—, eta, elkarte horrek sustatuta, iaz egin zuten, lehen aldiz, Sagarkultur jaialdia, sagardotegiak, berriz ere, garaian garaiko kultur adierazpide guztien babesleku bihurtzeko helburuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Astigarragako Udalaren eta Astarbe sagardotegiaren babesa dauka egitasmoak, eta, hain zuzen ere, Astarbe sagardotegiko terrazan eskainiko dituzte jaialdiko emanaldi guztiak.

Joan den larunbatean estreinatu zuten aurtengo ekitaldia, Makatzak erakusketarekin —Artea dastatuz egitasmoaren barruan, Susana Bart izan zen artista gonbidatua— eta Neona musika taldearen emanaldiarekin; bihar ziren egitekoak bigarren saioa, Sua musika taldearen kontzertua (22:30), baina uztailaren 17ra atzeratu behar izan dute azken unean, koronabirus kasu baten eraginez. Uztailaren 25era arte, zazpi emanaldi izango dira Astarbe sagardotegian. Ezinbestekoa izango da sarrerak erostea, eta bi aukera egongo dira: sarrera soila erostea —3 euro ordaindu beharko dute adingabeek eta 6 euro gainerakoek—, edo, sarrera erosteaz gain, otordua ere Astarben egitea. Hala erabakitzen dutenentzat bi menu dauzkate eskura: saiheski menua eta udako menua. 943 55 15 27 telefono zenbakira deitu beharko da tokia hartzeko.

“Sagarkultur jaialdian aniztasuna bermatzen saiatzen gara beti: musika taldeak, ipuin kontalariak, bertsoak… Hori da proiektuaren funtsa”, esan du Arizkorretak. “Izan ere, egun, ohikoa da sagardotegi batean bertso saio bat izatea, baina askoz arraroagoa da film labur batekin gozatzea edo hip-hop saio bat izatea, nahiz eta batzuk jada hasi diren antzeko kultur adierazpideei atea irekitzen”. Hain zuzen ere, kultur menu hori zabaldu nahi du Sagarkultur jaialdiak.

Sagar Arte elkarteko koordinatzailearen hitzetan, iaz “zailagoa” izan zen kultur ekitaldi guztiak lotzea. “Baina kultur eragileek ere ezagutzen gaituzte jada, eta aurten errazagoa izan da dena”. Funtsean, “kulturaz gozatzeko espazio libre bat” da Sagarkultur. Arizkorretak azpimarratu du “esperientzia guztia bizi izatea” izango dela benetan aberasgarria. “Ez musika emanaldi bat edo beste kultur ekitaldi bat ikustea, atzean dagoen guztia bizi izatea baizik; espazioa bera, menuak… Bertaratzen direnek beste modu batean bizi ahal izango dute sagardotegien errealitatea”. Berritasun gisa, uztailaren 25eko kontzertuan salbu —Esti eta Mikel Markezena—, gainerakoetan Twitch plataformaren bidez zuzeneko emisioez gozatzeko aukera izango da.

Arizkorretak onartu du artistek “begi onez” hartu dutela egitasmo berria. “Iaz asko eskertu ziguten hain urte zailean horrelako pauso bat ematea. Guretzat ikasteko urtea izan zen iazkoa, eta ea aurten ere asmatzen dugun”.

‘Sagardoak elkartzen gaitu’

Bertsozale Elkarteak, Musika Bulegoak eta Sagardogileen Elkarteak sustatuta, Gipuzkoako gazte talentua protagonista izango da, uztailean eta abuztuan, Sagardoak elkartzen gaitu dinamikaren barruan. Uztailaren 9an izango da lehen emanaldia, 19:00etan, Adunako Aburuza sagardotegiko terrazan: bertsotan ariko dira Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika. Oraingoz, abuztuaren 6an izango da azken saioa, 19:00etan, Astigarragako Petritegi sagardotegiko terrazan: Bi Zaldi taldearen kontzertua. Bertsosarrerak.eus eta Sagardoa.eus webguneetan eros daitezke sarrerak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.