Jaien zain, lan egin ahal izateko

Jaien zain, lan egin ahal izateko

Miren Garate

Sanjoanak, sanpedroak eta sanmartzialak pasatuta, sanferminen, madalenen, sanignazioen eta abarren zain behar lukete festazaleek urte arrunt batean. Bigarren urtez jarraian, ordea, badirudi bertan behera geratuko direla herrietako festak, eta trukean kultur programazioa indartuko dutela udal gehienek. Hainbat dira urteko diru sarrera handienak festetan ateratzen dituzten negozioak. Iaz baino uda hobea espero duten arren, oraindik ere egoera larrian daudela diote.

HUGO ETA EUSEBIO ATRAKZIOAK

EUSEBIO ALVEZ

Hugo eta Eusebio Atrakzioak enpresako arduraduna

“Herri batzuek ez digute ezetzik esan, baina inork ez du lehena izan nahi”

Herri batzuetan hasi dira barrakak jartzeko baimenak ematen. Jendea gogotsu ikusten du Eusebio Alvezek, Hugo eta Eusebio Atrakzioak enpresako arduradunetako batek, eta iazkoa baino uda hobea izango dutela uste du. “Eta eskerrak, gure egoera orain arte oso larria izan baita”. Hala ere, oraindik urrun dago normaltasuna. Donostiako Udala izango da barrakak jartzeko baimena emango duenetako bat, eta Alvezek uste du hiriburura begira daudela herriak. “Abuztura arte guztia geldirik dago. Herri batzuek ez digute ezetzik esan, baina esan digute gauzak nola doazen ikusi nahi dutela. Inork ez du lehena izan nahi”.

Familia enpresa bat da Hugo eta Eusebio Atrakzioak, eta, Nafarroako pare bat herritara ere joaten diren arren, Gipuzkoan ibili ohi dira. Ohe elastikoak, txiki parka, ahate arrantza eta beste zenbait atrakzio dituzte. “Saltoka eta bueltaka ibiltzeko lapiko handi bat ere erosi genuen iaz. Tailerretik atera, eta gure pabiloira eraman behar izan genuen zuzenean, baina hura erosteko kreditua ordaintzen jarraitu behar izan dugu”. Urteko diru sarreren %90 inguru udan lortzen dituztela kontatu du. Neguan herriko plaza batzuetan egon ohi dira, “baina etxean ez geratzeagatik”.

Gaur egungo osasun egoera aintzat hartuta ere, ez du arazorik ikusten atrakzioak jartzeko. Azaldu du sarrera eta irteera puntuak izan ohi dituztela; hau da, umeak ez direla elkarrekin nahasten, eta gel hidroalkoholikoa ere jartzen dutela sarreran. Zenbait jolasetan, ohe elastikoetan adibidez, edukiera murriztu beharrik ere ez dagoela dio, bakoitza bere ohean egonda, segurtasun distantziak manten daitezkeelako; gainerakoetan, berriz, edukiera murrizteko prest egoten direla kontatu du. Bestelako neurri batzuk ere hartu dituzte: besteak beste, betiko plastikozko fitxen ordez behin bakarrik erabiltzeko paperezko tiketak jartzea. “Gainera, gure jarduera aire zabalean da. Beti iruditu izan zaigu bideragarria, baina ez badigute baimenik ematen, ezin dugu ezer egin”.

Geldirik egon behar izateagatik jaso dituzten laguntzak ere txikiak izan direla azaldu du. Jarduera eteteagatik autonomoei eman zaizkien laguntzak izan dituzte. “Baina zer gertatu zen? Gure lana sasoikoa da, eta, pandemia martxoan hasi zenez, autonomoetan izena eman gabe zeuden batzuk, eta ezer kobratu gabe egon dira”.

INCANSABLES

IGOR AGIRRE

Incansables txarangako kidea

“Gure jarduna egokitu genezake sor daitezkeen arriskuak saihesteko”

Aurtengo uda galdutzat eman du Incansables txarangak. Urte normaletan ehun emanaldiren bueltan ibiltzen dira, eta aurten dozena bat inguru egingo dituztela esan du Igor Agirre taldeko kideak. “Dirudienez, txarangak programatzeko beldur handia dago, eta egiten ari garen emanaldiak ere kontzertu formatuan ari dira izaten, oholtzetan”.

Agirrek uste du elkarren zain daudela antolatzaileak. “Lehenengo txaranga atera eta ezer ez dela pasatzen ikusi ostean hasiko da mugitzen kontua”. Txaranga esanda, giro ona, jendea saltoka eta abar etorri ohi dira burura. “Guk ez dugu ikusten arazorik musika egiteko eta jendeari ondo pasarazteko. Denok dakigu zein neurri hartu behar ditugun osasuna bermatzeko: distantziak, behar denean musukoa…”. Esan du, adibidez, jendea terrazetan dagoen bitartean txarangak kalean ibiltzeak ez duela inolako kalterik egiten. “Gure jarduna egokitu genezake sor daitezkeen arrisku horiek saihesteko”.

Bien bitartean, egoera “etsigarri samarra” dela aitortu du. Entseguak mantendu dituzte, baina ezohiko dinamikarekin. “Aurrean ezer gutxi edukitzeak moralari ere eragiten dio. Gogorra da emanaldi baterako kristoren prestaketa egitea eta zukurik ez ateratzea. Eta beldur naiz txarangok ez ote garen izango itzultzen azkenak”. Berriro ere kaleetara ateratzen diren uneak ere eragiten dio kezka pixka bat. “6-8 orduko saioak egiten ditugu; fisikoki ere gogorra da, ezpainengatik eta abar, eta entrenamendu falta igarriko dugu, agian”.

Iaz 50 urte bete zituen Incansablesek. Urteurrenari lotuta, disko-liburu bat atera dute aurten, eta herri batzuetan izan dira aurkezpena egiten. “Oso eskertuta gaude deitu diguten horiekin, baina ospakizun urtea izan behar zuena erabat pattalduta geratu zaigu”. Agirrek esan du hurrengo urteko inauteriei begira daudela. “Ordurako ea etortzen den normalitate moduko zerbait”.

GORKA AGIRRE

Soinu teknikaria

“Jendea beste gauza batzuetan hasi da lanean”

Iaztik ohartarazten ari zirena gertatzen ari dela esan du Gorka Agirre soinu teknikari eta Teknikariok sindikatuko kideak: “Jendea beste gauza batzuetan hasi da lanean: supermerkatuetan, banatzaile… Gure lan espezializatu hau galtzen hasi da”. Osasun krisiaren ostean sektorea jada beste krisi batean sartu dela dio, eta geratzen diren langileek ere prekaritate handiagoa jasan behar izaten dutela. Zenbait adibide eman ditu: beharrezko atseden orduak pasatu aurretik berriro ere lanera joan beharra, norberari ez dagozkion beste zereginetan lagundu beharra, lan istripuak izateko arriskuaren gorakada… “Oso arduratuta gaude”.

Agirrek gogorarazi du lehendik ere egoera ez zela samurra. Sektoreak ez zuen lortu 2008an hasitako krisiaren eraginez galdutakoa errekuperatzerik. Orain, berriz, ekitaldiak gutxitu izanak zuzen-zuzenean eragin die, herrietan jairik ez egoteak batik bat. Izan ere, normalean udan izaten dute lan bolumenik handiena. “Gure sektorean, %40 sasoiko langileak izaten dira”.

Azken hilabeteotan horien egoera bereziki larria izan dela kontatu du: erregimen orokorrean kotizatzen duten autonomoen kasuan, pandemia hasi zenean batzuk artean izena eman gabe zeudelako, edo gerora baja eman dutenean laguntzak galdu dituztelako; soldatapeko sasoiko langileen kasuan, berriz, askok enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan sartzerik ez dutelako izan, eta, egun gutxi kotizatzen dituztenez, langabezia saria kobratzeko ere zailtasunak dituztelako. “Ari gara horientzako laguntzaren bat lortu nahian”.

Agirreren esanetan, ikusten zuten zer etor zitekeen, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Eudelekin ere bildu ziren, ekitaldiak antola zitzatela eskatzeko, segurtasun neurriak hartuz, sektorea mantendu ahal izateko. Enpresekin ere bildu dira, eta helburu nagusi bat dute gaur-gaurkoz: sektoreko lan hitzarmen bat lortzea.

SAIOA TORRES

Artisaua

“Azokak oso garrantzitsuak dira artisauontzat”

Saldu ahal izateko, artisauak beharrezkoa du bere lana ezagutaraztea. Sare sozialek eta abarrek ere laguntzen dute, “baina azokak oso garrantzitsuak dira artisauontzat, jendeari gurea erakusteko aukera ematen digutelako”, esan du Saioa Torresek, Gabiltza Gipuzkoako Artisau Elkarteko koordinatzaile eta artisauak. Horregatik, udan batetik bestera ibili ohi dira, jaietako programen barruan hainbat herritan izaten dutelako postuak jartzeko aukera. Aurtengo udari begira, itxaropentsu daudela esan du, besteak beste, iaz baino turista gehiago etorriko direlako. Hala ere, zalantza batzuk ere badituztela zehaztu du: “Eguraldia eta abar; faktore askok eragiten digute guri”.

Aurten Aste Nagusirik ez da izango Donostian, baina artisauek Crafts&Arts azoka egingo dute uztailean, Gabiltza elkarteak antolatuta, eta abuztuan ere jarriko dituzte postuak. Igandeetan, Bretxa ondoan egon ohi dira astero. “Asteburuetan jende gehiago dabil, baina gutxi ibili zen Aste Santuan”. Herrietan arazo gehiago izaten ari dira. “Herri batzuetan ari dira antolatzen azokak, baina txikiak, herriko artisauentzat bakarrik”. Sanjoanetan, adibidez, Andoainen antolatu ohi zuen azoka Gabiltzak, tailerrekin eta abar, baina aurten ezin izan dute ezer egin.

Horiek horrela, Torresek esan du artisauak “egoera zailean” daudela une honetan. Azoka gutxi egoteaz gain, daudenetara ere ezin izaten dute nahi duten guztiek joan. “Bretxako azokan, orain 1,5 metroko distantzia gorde behar dugu, baina orain arte bi metrokoa errespetatu behar genuen. Egutegi bat antolatu behar izaten dugu geure artean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.