Telekomunikazioan aurrera egin du Oñatik

Telekomunikazioan aurrera egin du Oñatik

Beñat Alberdi

Oñatiko Udalak herritarrei komunikazio zerbitzuak eskaintzeko sortu du Onaro operadorea, Internetaren, sakelako telefonoaren eta telefono finkoaren zerbitzua emateko. “Azken ukituak” falta ditu sareak, baina jadanik eskuragarri dauzkate zerbitzu horiek. Izaro Elorza Oñatiko alkateak nabarmendu du aldea igarriko dela herritar askoren patriketan.

Zerbitzu horiek eskaintzeko, proiektuak herritarren beharrak izan zituen iturburu. Landa auzoetan ez zeukaten sarerako sarbiderik, edo, izatekotan, ez egungo komunikazio beharrek eskatzen duten beste kalitaterekin. Auzoetako herritarrek egina zioten arazoa konpontzeko eskaera udalari.

Elorzak argitu duenez, horretan ari ziren udalean, baina esku artean zeukaten proposamenik onenak ez zituen asebetetzen euren nahiak. Izan ere, 250.000 euroko inbertsioa egin beharko zuten horretarako, eta lizitatu egin beharko zuten proiektua, gainera. Horren ondorioz, azpiegitura ere ordaindu beharko zuketen, baina lizitazioa lortzen zuen enpresaren jabetzakoa izango zen gero.

Testuinguru horretan, bada kontuan eduki beharreko beste gauza bat ere: Oñargi enpresaren jabetza. Herrian elektrizitatea banatzeko azpiegitura dauka Oñargik, eta kudeaketa horretan esperientzia handia dauka pilatuta. Horrek galdera bat sorrarazi zion udalari: “Diru asko jarri behar badugu, azpiegitura zergatik ez dugu geure egingo?”, hala azaldu du alkateak. “Horrela, herrian geldituko da inbertsioa, eta ez multinazionalen esku”.

Lehenengo urratsak

Esan eta ekin: telekomunikazio zerbitzuak eskaintzeko zeuzkaten aukerak aztertu zituzten jarraian. Oñargik zuntza sartuta dauka, elektrizitate kontagailuen jarraipena egin ahal izateko. Elorzak zehaztu du zuntzaren oinarrizko sarea ezarrita daukatela jada. Gainera, “gaitasunaren zati txiki bat” behar du funtzionatzeko.

Hala ere, udalak berak ezin ditu eskaini zerbitzuak. Legearen arabera, merkataritza sozietateen esku dago eskumen hori, eta Oñargi sartzen da jokoan berriz ere hor. MerkaOña sozietateak du haren jabetza, eta sozietate horren parte da Oñatiko Udala.

Landa auzoei zerbitzu guztiak eskaintzea zen hasierako helburua, eta hori ez daukate ahaztuta. Banda zabala eskainiko diete oraingoz, irrati uhinen bidez. Bi supernodoren bidez herriko gune gehienetara iritsi ahal izango dutela ziurtatu du Elorzak. Landa auzoetako baserriek antena jarrita jasoko dute seinalea, eta router-arekin izango dute Interneta.

Beste kontu bat da kaleko kudeaketa. Zuntzaren oinarrizko sarea eta jabetza Oñargirenak badira ere, konexioa ez da berdin iristen etxe denetara. Udalak etxerainoko zuntza jarri nahi du kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Zuntza, egun, ez da iristen etxe denetara, eta, iristen denetan ere, kable horiek ez dira udalarenak; oinarrizko sarea badu, baina hortik etxerainokoa, ez. Ondorioz, kableak alokatu egin beharko ditu zerbitzua eskaintzeko.

Beraz, zein da eskaintza? Landa eremuan, 30 megako banda zabaleko konexioa, hilabetean 25 euroren truke; konexio simetrikoan sareko igoerarako eta jaitsierarako abiadura bera erabiltzen da. 3 euro gehiago ordainduta, telefono finkoa ere sar daiteke zerbitzu horren barruan. Kalean, berriz, 100 megako zuntz simetrikoa izango da eskuragarri, hilean 29,99 euro ordainduta, telefono finkoaren zerbitzua barne.

Zerbitzuaren kalitatea bermatuko dutela nabarmendu du alkateak; hau da, ordaintzen dutena jasoko dute bezeroek. Probak eginda egiaztatu dute eskainiko dutena beteko dutela. Elorzaren hitzetan, bestelakoa izan da emaitza beste konpainia batzuekin. Esaterako, kasu batean 300 megako Interneta ordainduta ere, 47 megakoa jasotzen zen.

Aurrezteko bidea

Salneurriak finko mantenduko ditu Onarok. Adibide gisa, Interneta 29,99 euro ordainduta, eta sakelakoa 14,90 euro —23 giga eta dei mugagabeak—, urtean 372 euro aurreztuko lirateke, 300 megako Internetaren eskaintzarekin alderatuta. “Baina nola ordainduko du batek besteak baino gehiago zerbitzu berdina jasota? Ura ezberdin kobratzea da hori”, ondorioztatu du Elorzak.

Proiektua ez dago bukatuta oraindik, eta oinarrizko saretik etxeetarainoko konexioa bermatu nahi dute orain. Bizilagunek ordaindu beharko lukete konexio hori, baina zerbitzuaren salneurria gehiago jaitsiko litzateke horri esker, alokairu beharrik gabe. Hasierako gastu hori urtebetean amortizatuko dutela kalkulatu dute udal ordezkariek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.