Dekalogoa

Hamar barrera identifikatu ditu Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, eta dekalogo bat prestatu du horiek hobetzeko.

Barrerak

Fisikoak. Kirolaren ateak gizarte osoari zabaltzea, eskailera bat dagoenean arrapala bat jarrita, eta aldagelak, igerilekuetarako sarbideak, kiroldegiak eta abar gizarte osoari egokituta egon daitezen.

Mentalak. Aniztasunari arreta emateko oztopoak kentzea, edozein pertsonak jasotzen duen arreta integrala eta unibertsala izan dadin.

Prestakuntzakoak. Zuzeneko arretan lan egiten duten pertsonak prestatzea eta ahalduntzea, kirol esperientzia hasieratik atsegina izan dadin instalazioen erabiltzaile guztientzat.

Kirolaren aukeraketa. Desgaitasunari eta kirolari buruzko material didaktikorik ezari aurre egitea, eta hezitzaileak ahalduntzea, pertsona guztiek kirola eskuragarri izan dezaten.

Egokitutako zentroak. Mugikortasun, hiperestimulazio, behar sentsorial eta behar kognitibo desberdinak dituzten kolektiboek kirola egiteko espazio propioak izatea. Adibidez, autismoa edo portaera nahastea duten pertsonek espazio lasaiak behar dituzte, estimulu handirik gabekoak (zaratak, argiak eta abar). Gaur egun, Gipuzkoan ez dago desgaitasun larria duten mendeko pertsonei laguntzeko eta haiek kirola egiteko leku edo areto berezirik.

Familia inguruneak. Gehiegizko babesa izaten da, askotan, desgaitasunen bat duen norbaitek kirola egin dezan oztopo ohikoenetako bat. Familiengan konfiantza sortzeko lan egitea, haien beldurrak desager daitezen.

Komunikazioa.Ahalegina egitea espazio eta material didaktikoen seinaleak irisgarriak izan daitezen, eta piktogramak, erraz irakurtzeko baliabideak, braillea, zein hizkuntza eta abar izan ditzan.

Ekonomikoak. Jardueraren kostua handiagoa izaten da normalean, laguntza beharrak direla eta. Desgaitasuna dutenentzat kirola egiteko kostua ez dadila oztopo izan.

Garraio publikoa. Gizarte osoarentzat irisgarria ez den garraio eredua aldatzea.

Sostengua. Udalerri guztietan laguntza komunitarioa izatea, kirol klub, elkarte, udal entitate eta abarren arteko lankidetza sareak sustatuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.