“Herritik ez dut jaso babesa besterik”

“Herritik ez dut jaso babesa besterik”

Beñat Alberdi

Dantzan ez bazen, irakasle lanetan; eta irakasten ez bazen, dantzan. Horrela jardun da Jesus Irizar Txutxin (Oñati, 1949) bizitza guztian. Gaur egun ere, antolakuntza lanetan aritu behar badu, horri ere ez dio muzin egingo. 50 urte bete dira jada Oñatiko Oñatz dantza taldea sortu zutenetik, baina 50 urte baino gehiagokoa da Irizarren esperientzia.

Dantzarekin lotuta jira eta buelta aritu izan zara betidanik. Familiatik al datorkizu lotura hori?

Dantzaria zen aita, eta, horren ondorioz, beti bizi izan dugu euskal dantzaren giro hori etxean. Frankismo garaian ere Corpus jaiak mantendu zituzten Oñatin, eta bertan egiten zuen dantza aitak. Amak gehiago sufritu behar izan zituen festak, arropak prestatu behar izaten zituelako, esaterako. Aita, berriz, entseguak prestatzen ibiltzen zen.

Gurasoek zabaldu zizuten, beraz, dantzaren atea?

Behin adin batera iritsita, aitak esan zigun norbaitek hasi beharko zuela dantzan. Hiru anaiok hasi ginen berez, baina nik bakarrik jarraitu nuen aitarekin.

Frankismo garaian euskal dantzek bazuten lekurik?

Udalak ordaintzen zion dantzari taldeari, baldintza batzuekin: Corpus eguna bera eta Oñatiko dantzak mantentzea. Talde bat zeukan udalak: bederatzi dantzari eta bi ordezko, denak gizonezkoak. Herriko dantzak bakarrik dantzatzen zituzten. Bestalde, helduei ezin zitzaien dantza irakatsi, baina haurrei, bai. Aita ibili zen irakasle lanetan.

Emakumezkoek bazeukaten dantzak ikasteko aukerarik?

Frankismo garaiko Sección femenina [Emakumezkoen atala] barruan irakasten zitzaien.

Ezinbestean lotu behar dira Oñatiko jaiak eta erlijioarekin lotura daukaten Corpus jaiak?

Corpus eguna oso garrantzitsua zen herrian, eta erreferentzia zen inguruan ere; prozesiora azaltzen zen jendea. Batez ere, baserritarrak jaisten ziren kalera. Zeukan garrantziagatik hasi zen udala dirua jartzen. Sosik ez zeukanean, ohitura moduan, herriak jartzen zuen dirua. Corpus egunaren bezperan herrian aritzen ginen dantzan eta dirua batzen, ikuskizuna eskaintzen genuen egunean bertan, eta baserrietara joaten ginen hurrengo egunean. Eskerrak ematen zizkiguten baserrietan, eta zoriondu egiten gintuzten. Oso polita zen.

Gogoan duzu jendaurreko zure lehen dantzaldia?

1967ko apirilaren 4an izan zen. Sección femenina-rekin egin nuen saioa, gainera. Saioaren aurretik arropak lapurtu zizkieten emakumezkoei, eta ezin izan zuten dantzatu. Aitak esan zidan nik egin behar nuela dantza, eta huraxe izan zen nire lehen aldia.

Udalaren begiradapetik kanpo, bazegoen beste aukerarik?

Abadeak etortzen ziren landa auzoetara. Frankismo garaian Elizak mantendu zuen kultura. Haiek bideratuta irakatsi zizkieten euskal dantzak herritarrei; jende burutsua zeukaten. Parrokiak ere bazuen talde bat Gabonetarako. Haiek Gipuzkoako dantzak egiten zituzten, ordea, ez Oñatikoak.

Landa auzoetako lanak jarri zuen oinarria gerora herriko dantza taldea sortzeko?

Bai. Zenbait auzotan sortu ziren taldeak. Niri galdetu zidaten ea sortuko nuen bat Zubillagan. Ni, berez, mutilei Oñatiko dantzak irakasteko hasi nintzen irakasle; ez zegoen mutilik, ordea, eta neskei irakatsi nizkien herriko dantzak.

Herriko jai ofizialetan, hala ere, dantzatzeko debekua zuten emakumezkoek. Bazegoen beste aukerarik?

Auzoko taldean zegoen Tasio Erkizia; abadea zen orduan. Santutxura [Bilbo] gonbidatu gintuen, bertako euskal dantza taldera. Gasteizen, berriz, Joseba Azkarragak Haurren Eguna antolatzen zuen. Lehenengoetakoa izan zen dantzara neska taldea eramaten.

Herriko taldea sortzea erabaki zenuten azkenean. Nolatan?

1970ean Oñatin ospatu zuten Haurren Eguna, baina ez zegoen herriko dantzari ofizialik. Horregatik, herriko taldea sortzea proposatu zidan Oñatz kultur elkarteak. Hamaika ekintza antolatzen zituen Oñatzek, eta talde asko zeuzkan: antzerki taldea, korua, mendi irteeretakoa, espeleologia taldea… Esan nien herrira ekarri nahi nuela Zubillagako lana, hutsetik ez hasteko. 1973an eskaini genituen lehen aldiz Oñatiko dantzak herrian. Udaletxeko zutabe batean dago Dantzarien Biltzarrak jarritako plaka.

Oraindik ere irauten dute kultur elkarteko gainerako taldeek?

1974 edo 1975era arte iraun zuen elkarteak, gutxi gorabehera. Korua mantentzen da oraindik, baina, izena aldatu gabe, guk bakarrik jarraitu dugu. Kirol ekintzak, berriz, Aloña Mendi Kirol Elkarteak hartu zituen bere gain.

Garai hartan posible zen euskaraz lan egitea?

Bai, bai. Dena euskaraz egiten genuen guk. Hori bai, horrek arazoak ekarri zizkigun udalarekin.

Garai hartan erakundeek zeukaten plazaren kontrola. Nola lortu zenuten horri gaina hartzea?

Gaina hartzea baino gehiago, negoziazioa izan zen. Auzoetako talde gehienak desegin egin ziren, herriko taldea sortu genuelako. Herriko zein Euskal Herriko dantzak zekizkien belaunaldi bat bazegoen, baina udaleko dantzariek, beteranoek, ez zituzten egin nahi beste dantza horiek. Beste talde bat sortu genuen orduan, 1975ean, gizon-emakume helduena. Tratua zen udalak diru laguntzak ematea Corpus eguna eta dantzak mantenduz gero.

Herritarrek nola jaso zuten aldaketa hori?

Dantza taldeak iraun duen 51 urteotan herritik ez dut jaso babesa besterik. Uste dut horrek lotura daukala auzolanean lan egitearekin. Eskaintzen duguna dirurik kobratu gabe eskaintzen dugu guk, auzolanean. Hortik dator 50. urteurreneko leloa: Gure sokaren gorulariak. Hasieratik, taldera bideratu dugu udalak ematen zigun dirua eta kalean batzen genuena, eta ez dantzarien poltsikora.

Frankismoaren amaiera igarri zen euskal dantzetan?

Zabaltzen hasi ziren dantzak, eta arrakasta handia izan zuten. Ikuskizunak eskaintzeko aukera asko izaten genituen.

Generoaren gaia muga izan zen oraindik ere?

Neskak eta mutilak geunden taldean, eta neskak eta mutilak joaten ginen dantzara. Gizonezkoek egiten zituzten herriko dantzak, hori bai, baina emakumezkoek ere aukera izan zezaten moldatzen ginen. Bizkaira joanez gero, Gipuzkoakoak eskaintzen zituzten, eta Gipuzkoan, Bizkaikoak.

Zuek 2018an parekatu zenituzten bi generoen aukerak: lehenengo aldiz dantzatu zuten emakumezkoek Corpus egunean. Nola iritsi zen erabaki hori?

Beti egon izan dira neskak gure taldean. Orain artean mutilek egin izan dutela beti, hori zen neskek ez dantzatzeko arrazoi bakarra. Mugimendua egon da dantzetan, eta talde askok sartu dituzte emakumezkoak ustez gizonezkoenak diren dantzetan. Hor hasi ginen gu ere zer egin planteatzen. Bidea luzea izan da. Gauzak ondo egin nahi genituen. Dakitenei galdetu genien, horrelako erabakiak hartu izan dituztenei. Ondo bideratu ditugu gauzak, eta oso harro nago egin dugunaz.

Horrek eraginik izan du herrian?

Gazteek oso ondo hartu dute. Adineko jendearekin denetik izan dut, baina esan nezake, orokorrean, oso ondo hartu dutela. Beti egoten dira aurkakoak. Gerardo Elortzaren hitzetan [euskaltzale, etnografo, hizkuntzalari, historialari eta idazle oñatiarra], tradizioaren aldekoak gara oñatiarrak, baina gai gara geure artean konpontzeko eta aurrera egiteko.

51 urte, erraz esaten da. Zenbat belaunaldi pasatuko ziren dantza taldetik?

Bost, behintzat, bai; 14-15 urte iraun zuten dantzari batzuek eta bizpahiru beste batzuek, nahiz eta gazte askok pilota edo futbola aukeratu zuten. Gu hasi ginenean ez zegoen gaur egungo aukerarik: kirolak, klase partikularrak, musika, ingelesa… Okupatuta bizi dira oraingo gazteak.

Zure seme-alabek ere dantzan bukatu dute. Aitarengatik kasu honetan ere?

Semea dantzan hasi zenean taldean nengoen ni ere. 1995ean utzi nuen nik, eta 11-12 urte egingo zituen hark. Alabak, dantzarako aukerarik ez zeukala ikusita, ikerketari ekin zion. Herriko eta inguruko dantzak ikertzen ari da, sustraiak nondik datozen jakiteko. Garrantzitsua da dantza bat nondik datorren, eta zergatik eta nola egin den jakitea; jakitea eta transmititzea. Orain artean, dantzaren inguruko kontuak ahoz aho pasatu dira belaunaldiz belaunaldi. Dena idatzita dago orain.

Dantza taldea ondo iritsi da 50. urteurrenera?

Ondo gaude talde moduan, baina gazteak okupatuta bizi direla, hori da gaur egungo arazoa. Noizbehinka batek edo bik jarraitzen dute eta arrakastatsua da hori, baina ez da nahikoa. Bertsolariek nahikoa dute bertsolari bakarra, baina taldea behar dugu guk. Akaso, parekidetasunak zabalduko dizkigu aukerak, gaur egun emakumezkoek aukera berberak dituztelako talde nagusian.

Ikuskizun berriak sortzen ari dira euskal dantzetan. Ezinbestekoa da modernizazioa?

Euskal Herriko dantzekin ari bazara, ez duzu izango etorkizunik herriko festetatik kanpo. Dantzari garaikideek, ondo dantzatzen dutenek, koreografiak egiten dituzte, estilo berriak gehitzen dizkiote dantzari, eta teknikoki onak dira. Jendea gehiago erakartzen du horrek. Telebistan dantza tradizionalak jarriz gero, horrek ez dauka arrakastarik; trikitiarekin eta bertsoekin koreografia moderno bat eginez gero, berriz, bai.

Hainbeste modernizatzeak aurretik egindakoa ahaztea ekar dezake?

Dantzak mantendu egin behar dira? Lehengo arropak mantendu egin behar dira? Ez dakit. Oraingo dantzek, dena den, ez dute iraunkortasunik. Partitura bat prestatzen duzu, entseatzen duzu eta dantzatu egiten duzu. Corpus eguneko dantzek iraun dute Corpus egunean egiten direlako. Orain prestatutako ikuskizunak, ordea, ezin dituzu mantendu bizpahiru urtean, berria den zerbait eskaini behar da aldiro.

Leave a Reply

Your email address will not be published.