Tokian tokiko printza txikiak

Tokian tokiko printza txikiak

Josune Zarandona – Unai Zubeldia

GOIERRIKO JAZZALDIA

Goierriko Jazzaldia.
Iazko isilunearen ondotik, jazzak beteko du berriz Goierri

XIX. mendearen amaieran Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) sortutako musika generoa da jazza. Esklabo beltzek Afrikatik eramandako eta kristau erlijiotik jasotako kantu eta doinuak ditu oinarrian. Nahasketa horri izaera berri bat eman zioten AEBetan, eta euren egin zuten. Jazzak hainbat molde eta genero garatu ditu sortu zenetik gaur egunera arte, eta beste hainbeste musika estilo eta bariazio sortu dira gerora: soula, bluesa, swinga, funkya, bebopa… Jazz musikak nortasun konplexua du eta ez da erraza definizio zehatz bat ematea, musika estilo askoren nahasketa baita. Genero horien guztien erakusgarri izango da, berriz ere, Goierriko Jazzaldia, gaur hasi eta igandera bitartean. Iazko etenaldi derrigortuaren ondotik, indarberrituta dator jaialdia, entzuleen gozagarri.

Urtzi Etxeberria Goierriko Jazzaldiaren antolatzaileetako batek esan duenez, musika gustuko duen lagun batzuen bazkari baten bueltan sortu zen jaialdia antolatzen hasteko ideia, orain bederatzi urte. “Oso pozik gelditu ginen lehenbiziko jaialdiarekin, eta hementxe jarraitzen dugu oraindik ere”. Zortzigarren ekitaldia izango da aurtengoa, COVID-19agatik bertan behera utzi behar izan zutelako iazkoa.

Goierriko Jazzaldiaren erdiguneak Ordizia eta Arama izan dira hasieratik, baina antolatzaileek ez dute baztertzen eskualdeko beste leku batzuetara zabaltzea ere, “agian, beste herriren batean urtean zehar kontzerturen bat edo beste eskainiz”, zehaztu du Etxeberriak. Hain zuzen, “jazza herritar guztiei gerturatzea” izan du xede ekimenak hasieratik. “Jendea gure kontzertuetara erakarri beharrean, musika guk geuk jendeari eramatea izan da asmoa, jazza Goierrira zabaltzea, alegia”.

Bertako musikarien habia

Goierriko Jazzaldiak duen beste berezitasunetako bat da Euskal Herriko musikariei leku bat eskaintzen diela, nahiz eta gaur egun kanpoko taldeak ere izaten diren. “Lehenbiziko urtean, Euskal Herriko musikariak soilik izan genituen, baina, bigarren urtetik aurrera, Espainiara zabaldu genuen esparrua”, esan du Etxeberriak. Zentzu horretan, kanpoko musikari horiek “berezitasunen bat” izan dezaten saiatzen dira beti: “Azken finean, bertan musika hori egiten duen norbait badago, bertakoari emango diogulako lehentasuna”.

Hasiera batean, jazza askori “musika arrotza edo entzuteko zaila” iruditu arren, Euskal Herrian ere badira jazza egiten duten taldeak. “Harrigarria da zenbat eskaintza jasotzen ditugun bertako musikariengandik. Guretzat zorionez eta eurentzat zoritxarrez, ezetz esatea tokatzen zaigu askotan”, adierazi du antolakuntza taldeko kideak. Etxeberriak aitortu duenez, jazza beti ez da izaten entzuteko erraza. “Jazz klasikoan, esaterako, inprobisazioaren arabera, gerta daiteke entzuten duzun hori ondo ez ulertzea, eta, ondorioz, musikaz ez gozatzea”. Goierrin jazz klasikoa entzuteko aukera izango da gaurtik igandera, baina baita beste musika estilo asko entzutekoa ere: “Mota askotako jazza eskaintzen saiatzen gara”.

Iaz, ia dena prest zeukatela, bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia. Horregatik, iazko egitaraua mantendu dute aurten. No More Jazz Brass Band (19:00) eta Maria Yfeu (22:00) ariko dira gaur, Ordizian. “New Orleans musika estiloa jorratzen duen banda da lehena, eta Espainian sona handia hartzen ari den abeslari gaztea bigarrena”. Araman izango dira biharko saioak: Alberto Arteta Laurok (18:30) eta Velmuz (20:30). “Jazz klasikoenaz” gozatzeko aukera egongo da, “eta baita abeslari ezagunen bertsioak ukitu berezi batekin entzutekoa ere”. Aurten, lehen aldiz parte hartuko du abesbatza batek jazzaldian, etzi, 19:00etan, Ordiziako Andre Mariaren Jasokundearen elizan: Ordiziako Oroith abesbatza Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin ariko da. “Soul eta jazz abestien moldaketak egin dituzte, eta sorpresa izango da”.

Egoera berrira egokituta antolatu dituzte emanaldi guztiak. Hesiak jarriko dituzte kontzertu eremuak mugatzeko eta eserita ikusi beharko dira saioak. Doan da sarrera, baina aurretik hartu behar da.

EGITARAUA

Uztailak 9, ostirala

19:00. No More Jazz Brass Band.

22:00. Maria Yfeu.

Uztailak 10, larunbata

18:30. Alberto Arteta Laurok Featuring Chris Kase.

20:30. Valmuz.

Uztailak 11, igandea

19:00. Oroith abesbatza eta Aldapeko Basque Latin Jazz.

 

TRAVELINN BROTHERS

Arrasate Blues.
Bluesaren oinarrira joanda, emakumezkoak protagonista

Indarrean dator aurtengo Arrasate Blues jaialdia. “Momentu txarrean dago kultur arloa, eta kulturaren aldeko apustua egiteko unea da, herritarrok oso beharrezko dugulako kultur jardun hori”, azaldu du Jon Apraizek, Arrasate Blues jaialdiko presidenteak. “Hain zuzen ere, horregatik saiatu gara hain egitarau oparoa prestatzen”. Uztailaren 15etik 18ra egingo dute aurtengo jaialdia, hirugarrena, hurrengo asteko ostegunetik igandera. “Gero eta ezagunagoa bihurtzen ari da jaialdi hau, eta otsail-martxo aldean jada asko eta asko galdezka ari zitzaizkigun euren oporraldia antolatu ahal izateko ea aurtengo jaialdia noiz egingo genuen”.

Hamar emanaldi izango dira guztira, herriko hainbat txokotan, eta bluesaren jatorrira itzuliko da jaialdia, emakumezkoak protagonista gisa hartuta. “Euskal taldeak bakarrik ekartzen ditugu Arrasate Blues jaialdira, eta partaideek Arrasaterekin loturaren bat izan dezaten saiatzen gara beti, 0 Km filosofiarekin bat egiten dugulako”. Erakarri nahi zituzten taldeen bila hasi, bost aurkitu, eta guztien oinarrian emakumezkoak zeudela ohartu ziren antolatzaileak. “Ez gara joan emakumezkoen bila emakumezkoak nahi ditugulako soilik; talde jakin batzuk nahi genituen aurtengo jaialdirako, eta emakumezkoak dira talde horietako partaideetako asko”.

Hausnarketa bat egin zuten errealitate horri helduta. “Bluesa emakumezkoek sortutako diziplina da jatorrian, eta lotura hori egiteko aprobetxatu dugu aurtengo ekitaldia, egungo blues talderik onenetan emakumezkoak daudela kontuan izanda”. Hori baliatuta, uztailaren 15ean, ostegunean, omenaldi txiki bat egingo diote Jesusi Etxebarria herriko musika irakasleari; Etxebarria 50 urtez aritu zen musikaren ezagutza lau haizetara zabaltzen, 2012an erretiroa hartu zuen arte. 19:00etan hasiko da omenaldia, herriko plazan, eta Itziar Yagüe Quinteto taldearen emanaldia izango da gero. “Itziar Madrilen dabil azkenaldian, eta banekien Gasteizkoa dela”, esanez hasi du azalpena Apraizek. “Guk deitu aurretik, ordea, hura jarri zen gurekin harremanetan, eta 13 urte bete arte Arrasaten bizi izan zela esan zigun; ondoren joan zen Gasteizera eta Madrilera”. Etxebarriaren ikaslea izan zen Yagüe.

Ostegunean eta ostiralean beroketa lanak eginda, launa emanaldi izango dira larunbatean eta igandean. “Eta ikusgarria izango da, adibidez, Iker Piris eta Sheilah Cuffy elkarrekin ikustea”. Apraizen hitzetan, “herrian giroa sortzea eta kultura eta aisialdia modu seguruan bizitzea” dira helburuak, eta gonbita egin die blues musika gustuko duten guztiei. “Plaza handiak dira gehienak, tabernak daude inguruan, eta bertako terrazetan eserita gozatu ahal izango da jaialdiarekin”.

EGITARAUA

Uztailak 15, osteguna

19:00. Itziar Yagüe Quinteto, herriko plazan.

Uztailak 16, ostirala

19:00. Erromintxe Lak, Euskal Herria plazan.

20:30. Voodoo Charms, Otalora lizentziatuan.

Uztailak 17, larunbata

12:00. Animal Jane, Portaloian.

13:00. Iker Piris & Sheilah Cuffy, Jokin Zaitegi planzan.

19:00. Noa & The Helldrinkers, Ferrerias kalean.

20:30. Mississipi Queen & The Wet Dogsh, herriko plazan.

Uztailak 18, igandea

12:00. Extitxu, Portaloian.

13:00. Mario Fernandino, Arbolapetan.

18:00. 8,46 Dixie Band, kalean barrena.

19:00. Willy (Los brazos), Arbolapetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.