Auzoen arteko joan-etorriak ardatz

Auzoen arteko joan-etorriak ardatz

Beñat Alberdi

Maldan behera, kalera; eta maldan gora, etxera. Hori da landa auzoetako eguneroko errealitatea, horrek sortzen dituen arazoekin; besteak beste, ia-ia etxeko kide bakoitzak auto bat izan beharra. Baina, horrez gain, badaude beste galdera batzuk ere: zer gertatzen da gidatu ezin dutenekin, autoa tailerrean dutenekin, edo, besterik gabe, autorik ez daukatenekin? Joan-etorriak errazteko asmoz, proposamen bat garatu dute Vividero de Iniciativas Ciudadanas Madrilgo elkarteak (Herritarren Enbideen Egonlekua) eta Eskoriatzako elizateek. Ondo bidean, datorren irailean jarriko dute martxan lehen proba pilotua.

Madrilera iritsi aurretik, proposamenak Eskoriatzako elizateetan bere bidea egin zuela azaldu du Leire San Vicente Eskoriatzako zinegotziak. Ordezkaritza izateko, Eskoriatzan zerrenda propioa aurkezten dute elizateek, eta auzoetako beharrei erantzutea izaten da euren lana. Zinegotzi bat lortu zuten azken hauteskundeetan, eta, hasierako hautagaiaren ezbehar baten ondorioz, San Vicentek bukatu zuen udalean.

“2018an, erronda bat egin genuen auzoz auzo”, azaldu du zinegotziak. “Hor aztertu genuen nola eman erantzun publiko eta kolektibo bat joan-etorriak egiteko beharrari”. San Vicentek bitan bereizi ditu auzotarrak: aktiboak, lanean ari direnak, batetik, eta gazteak eta helduak, bestetik. “Ekonomia sortzen dutenak jartzen dira beti erdigunean. Besteak, berriz, babesgabe gelditzen dira”. Hutsune horri erantzuteko bideratu dute proiektua.

Egitasmoa horrela iritsi zen VIC elkartearen eskuetara. Elkarteak hainbat programa ditu abian, eta horietako bat da Conexiones Improbables izenekoa (Konexio Gertagaitzak). Lurralde arazoei erantzun nahi diete programa horrekin, tokian tokiko komunitateen ideiak kontuan hartuta. Ohiko erantzunetatik kanpo, herritarrek “ideia berriak” proposa ditzaketela uste dute VIC elkartekoek.

Errealitatea aztertu zuen elkarteak, baita egoera bideratzeko proposamenak aurkeztu ere. Miguel Yaenicke elkarteko kideak nabarmendu du eztabaidetan gelditu baino nahiago dutela “proposamen finkoen inguruan” jardutea.

Hiru proposamen pilotu zehaztu zituzten Eskoriatzako joan-etorrien auziari erantzuteko: autobus zerbitzu berria ezartzea, elizatekoei taxi zerbitzu berezia eskaintzea, eta auzokideak euren artean antolatzea bidaiak elkarrekin egiteko. Azken aukera horrek hasia du bere bidea VIC elkartearen esku hartzetik kanpo, baina oraindik ikusteko dago auzokideak noraino iristeko gai diren.

Bestalde, elkartea ari da beste bi proposamenak garatzen. Autobus zerbitzurako badaukate probako proposamen bat, baina aldundiaren eskumena da hori. Diputazioak begi onez ikusi du ideia, baina, kontzesio bidez ematen duten zerbitzu publikoa izanik, hurrengo kontzesioa ematean sortuko dute eskaintza.

Taxiena da luze gabe argia ikusiko duen lehenengo proiektua. Hasierako diagnosiaz gain, Madrilgo elkarteak inkesta bat egin zuen Eskoriatzako auzotarren iritziak jasotzeko. Lau taxilariri helarazi zizkieten galdeketaren emaitzak, eta haiek taxutu dute azken proposamena.

Auzo taxia, irail-urrietan

2 euro balioko du taxiko bidaia bakoitzak; “autobusak beste”. Baina probako zerbitzua izango da. Zergatik? “Auzo alkateen iritziak jaso genituen hasieran, eta auzotarrenak gero, inkesta bidez”, zehaztu du Yaenickek. “Ez dugu jaso guztien iritzirik, baina ez dago etxe aurrean taxi zerbitzua jartzea baino inkesta hoberik”.

Irailean eta urrian eskainiko dute zerbitzu hori, eta martxan dagoela ikusiko dute beharra horrela ase dezaketen, elizateren bat kanpoan gelditzen ote den, ordutegia aldatu behar ote den… Finantzaketa da proiektuaren arazo nagusia. Lehen diagnosia eta proposamenak VIC elkarteak egin zituen, bere kontu, baina La Caixaren diru laguntza jaso zuen ideia garatzeko. Behin garatuta, aldundiaren esku dago proiektuak aurrera egitea. “Hartu-eman ona” daukatela esan du Yaenickek, baina “azken baietza” falta dutela.

Elizateak eta erdigunea lotzeak hainbat aukera eskainiko dituela uste du VICeko kideak: “Erdiguneak auzotarrei hainbat zerbitzu eskaintzen dizkien moduan, auzoek badute herritarrei zer eskaini”. Nork daki, joan-etorriak erraztuta, jendea auzotik kalera bizitzera joan beharrean, kaletik auzora joango da, agian, etorkizunean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.