Bizitza berrirako iparrorratza

Bizitza berrirako iparrorratza

Unai Zubeldia

Oso itzalean egon izan naiz beti; hitz egiteko beldurra eduki izan dut beti; esango dudanak garrantzirik ez daukala pentsatu izan dut beti…”. Maria Reyes Flores duela hiru urte eskas iritsi zen Hondurastik Hernanira, “haurrak han utzita, haur txiki bat tartean”. Anaia Hernanin zegoela baliatuta, “etorkizun hobe baten bila” iritsi zen Reyes Euskal Herrira. “Sufritzera”. Bere herrialdetik Hernanira joateko apustua egin duen etorkinetako bat besterik ez da Reyes. Aztikerren datuen arabera, gaur egun 20.631 biztanle dauzka Hernanik, eta horietatik 4.803 Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira; biztanleen %23.

Leticia Treminio Manzanarez ere duela hiru urte pasatxo iritsi zen Hernanira, Nikaraguatik, “familiaren egoera ekonomikoa hobetzeko helburuarekin”. Paperik gabe dago oraindik. “Baina horretan ari gara lanean, Ahmer elkartearen laguntzari esker”. Hernaniko Kultur Aniztasunaren Elkartea da Ahmer Sos Arrazakeria, duela hamazazpi urte hainbat lagunen artean sortua —Hernaniko Udalak diruz laguntzen du—, eta emakumezko etorkinentzat “bereziki garrantzitsua” izan da Emagunea, abenduan hamar urte beteko dituen Ahmer elkartearen barruko emakumezkoen taldea; Errenteriako Sorburu kolektiboak dinamizatzen du.

“Nik duela gutxi ezagutu dut Ahmer, eta Luciaren bidez [Lucia Arias] izan dut Emagunearen berri”, aitortu du Treminiok: “Psikologikoki asko lagundu dit talde honek. Herrialde desberdinetako emakumeak elkartzeko gune bat da Emagunea, gure kulturen, ikasketa prozesuen, eskubideen…, inguruan hitz egiteko, komunikatzen ikasteko eta gehiegikeriarik ez pairatzeko”.

Lucia Arias kolonbiarra da Hernaniko Ahmer elkartearen oinarrietako bat. Arias duela 26 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta gaur egun lanaldi erdiz ari da elkartean lanean, beste bi kiderekin eta herriko hainbat boluntariorekin batera —gazteekin aritzen da lanean hiru langileetako bat—. “Etorkinei babesa emateko eta laguntzeko gune bat da hau; aholkularitza eta sentsibilizazio lana egiten dugu”. Emagunea sortu berritan, emakumezkoak “hilean behin” elkartzen ziren, “larunbatetan”, baina bi astez behin elkartzen dira orain, elkarteak Hernanin duen egoitzan. Atzo egin zuten oporren aurreko azken saioa, eta irailean itzuliko dira berriz. Jardunaldi gastronomikoetan ere parte hartu izan dute; Bizilagun ekimenean eta Hernani hizketan jardunaldietan ere bai, eta Zinema eta Migrazioa saioa ere antolatu izan dute.

Hausnarketarako gunea

“Hiritar, pertsona eta emakumezko gisa eskubideak dauzkagula azpimarratzen dugu saio horietan”, esan du Ariasek. “Hausnarketarako tarte bat izaten dugu hasieran; eskubideekin zerikusia daukan gai bati heldu, eta bakoitzak bere ikuspegia ematen du bertan”. Bigarren zatian, berriz, gorputza lantzen dute gehiago: “Arnasketa ariketak egiten ditugu, eta baita luzaketak eta dantza ere”.

Etorkin bakoitzak bere errealitatea bizi eta sufritu behar izaten du, eta hala gertatu zitzaion Mame Diarra Mbiaye senegaldarrari ere. Bost urte daramatza senarrarekin Hernanin bizitzen —abuztuan 3 eta 5 urte beteko dituzte bere semeek; Hernanin jaioak dira biak—, baina aurretik beste bost urte igaro behar izan zituen senarrarengandik aparte. “Senarra pateran iritsi zen Marbellara [Espainia], eta han bizi izan zen bost urtez”, kontatu du. Diarra, berriz, “hegazkinez” iritsi zen Euskal Herrira. “Astebeterako berez, bisitan, paperik gabe, baina hemen gelditzea erabaki nuen”. Ahmer ezagutu zuen gero. “Eta bertan ikasi dut gaztelania pixka bat, eta matematika eta informatika ikastaroak ere egin ditut”. Paperak lortuta eta Hernanin egonkortuta, ez dauka asmorik beste inora joateko. “Guri asko lagundu digu elkarte honek, eta hernaniarrak oso jatorrak dira”. Ama eta anaiak falta ditu, hori bai. “Eta gogo handia daukat Senegalera bisitan joateko, baina han ez dago etorkizunik”.

Gladys Maribel Flores hondurastarra ere “erabat egonkortuta” dago Hernanin. Duela hamar urte iritsi zen, Bartzelonara lehenengo, Donostiako Antigua auzora gero, eta Hernanira azkenik. “Aurretik inoiz pentsatu gabe neukan halakorik egingo nuenik, baina lagun batek gonbidatuta etorri nintzen hona; diru asko behar da bidaia egiteko, baina lortu nuen”. Lagun batekin etorri zen. “Baina oso bakarrik sentitu nintzen berehala”. Sentimendu berbera izan zuen Treminiok ere: “Bakoitzak bere bizitza egiten du, eta oso bakarrik sentitu nintzen ni ere, bakarrik etorri ez nintzen arren”. Aitortu du etxeko langile egoiliar gisa lan egiteak ere ez duela askorik laguntzen harremanak egiten eta jendea ezagutzen. “Lan egitea besterik ez neukan buruan; neure baitan itxi nintzen, eta gogoan daukat hasieran ez neukala konfiantzarik gauzak galdetzeko ere”.

Floresek aitortu du askotan egin diola galdera bat bere buruari: “Zer egiten dut nik hemen?”. Baina denborak egonkortasuna eman dio, Hondurastik Hernanira ekarri ahal izan dituelako hiru alabak: “Asko kostatu zitzaidan ekartzea, baina lasai bizi gara orain; eurek ere haurrak dauzkate jada, eta haur horiek badakite euskaraz…”. Aitortza bat ere egin du: “Inoiz ez naiz joango hemendik”. Hasiera ez zen oso gozoa izan, hala ere: “Nik bakar-bakarrik igaro nuen denbora asko; hasieran ez nintzen gai kafetegi batean neu bakarrik sartzeko ere, ez nekielako zer harrera egingo zidaten”. Esan du saiatu zen lehen aldian emaitza ez zela oso ona izan, gainera: “Oso gaizki pasatu nuen. Eskatzeko zain nengoen barran, baina ondoko bati kasu egin zioten lehenengo, beste bati gero, hirugarren bati ondoren… Oso aho zapore txarrarekin gelditu nintzen; baztertua sentitu nintzen, eta gerora urte askoan egon naiz kafetegi batean ni bakarrik sartu gabe”.

Ikasketetarako pausoa

Ahmerrek nor izaten lagundu dion seinale, Reyesek ikasketei ere heldu die elkarteari esker: “Ikasketa soziosanitarioak egin nahi nituen nik; helburu hori neukan, baina ez neukan balorerik aurrera egiteko; azterketak ematen zidan beldurrik handiena”. Ariasen aholkuak entzunda, ordea, “pixkanaka” pausoak ematen hasi zen Reyes. “Urte asko ziren koadernorik hartu gabe, baina lortu nuen azkenerako; azterketa ere gainditu nuen!”, azaldu du, harro. “Pauso handia da niretzat, eta aurrera egiteko indarra eman dit horrek. Orain jarraitzeko asmoa daukat, noski”.

Egunerokoari helduta, denek aitortu dute euskara, neurri batean, “traba” bat dela. “Baina guk ere ahalegina egin beharra daukagu euskara ikasteko”, azpimarratu du Ariasek. “Hori bai, laguntza edo erraztasun gehiago behar ditugu horretarako”. Errealitate horri helduta, egoera berezia bizi du Diarrak: bi semeak Hernanin jaiota, seme zaharrena hasi zaio jada wolof hizkuntza ez zaiola gustatzen esaten [Senegalgo hizkuntza nazionala da wolofa]: “Haserretu egiten da gainerako gurasoek euskaraz badakitelako eta nik ez dakidalako. Euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten digu etxean ere, baina, noski, guk ez diogu ezer ulertzen euskaraz”, amaitu du, barrez.

Beste traba bat pandemiarena izan da. “Pandemia garaian ere elkarteak lan handia egin du etorkinen sarea zaintzeko, bakoitzaren arazoen berri izateko, jendea ondo bideratzeko…”, esan du Ariasek. Baina Treminiok azaldu du “eragin nabarmena” izan duela beren lan jardunean: “Larunbat erdia eta igandea edukitzen ditugu gehienetan libre, baina pandemiarekin hori ere ez dugu izan askotan, eta, ondoren, askotan ez dizkigute ordaintzen ordu horiek guztiak”.

Heriotzak, urrunetik

Treminiok arlo pertsonalean ere asko sufritu du azken hiru urteotan. “Ama hil zitzaidan hona iritsi eta urtebetera; osaba bat gero, nire bigarren aitaren parekoa zena, eta gertuko beste bat ere hil zait pandemia garaian. Etxeko langile egoiliar gisa lanean ari nintzela jasan behar izan dut hori guztia, bakarrik, eta ez da erraza izan”. Nikaraguan dauzka aita eta anaiak. “Baina orain nola joango naiz hara? Nikaraguako egoeragatik etorri nintzen hona, nire semeak aurrera atera ahal izateko, eta nire herrialdean orain ez dago horretarako aukerarik, ez dago etorkizunik. Ez daukat arrazoirik Nikaraguara itzultzeko”.

Pandemiak pandemia, Reyesek “hitz egiteko askatasuna” sentitzen du Emagunean. “Eta pertsona gisa irekitzen lagundu dit; gauza asko ikasi ditut hemen”. Ildo berean, Floresek ere esker on hitzak besterik ez dauzka Ahmerrentzat eta Emagunearentzat: “Pertsona eta emakumezko gisa hazten lagundu didate. Lehen, oso gutxi maite nuen neure burua, eta horri buelta ematen lagundu dit Ahmerrek”. Pena bat dauka: “Horrelako gune gehiago ez daudela”. Eta Ariasek eskaera bat egin die euskal herritarrei: “Hemengo kuadrilla itxi horietan sartzen lagundu, mesedez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.