Hasiera data bermatu nahian

Hasiera data bermatu nahian

Miren Garate

Errenteriako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak greban daude uztailaren 1az geroztik. Urbaser taldeko Arquisocial enpresarentzat lan egiten dute, udalarentzat. Ainhoa Valea eta Rebeca Mesa langile batzordeko ordezkarien esanetan, ezintasun iragankorrei lotutako baldintza batzuk adostea falta zaie oraindik, baina, gainerakoan, nahiko aurreratuta dago lan hitzarmen berriaren negoziazioa, eta konforme daude hartan jasotzen denarekin. Alabaina, hitzarmen berriaren aplikazio datak desadostasuna eragiten du zuzendaritzaren eta langileen artean. Langileek eskatzen dute hitzarmen berria, asko jota, 2022ko urtarrilaren 1ean aplikatzen hastea; enpresak, berriz, zerbitzuaren lehiaketa esleitu arte itxarotea nahi du. “Hitzarmena datorren urtean ezartzeko bermerik ematen ez digulako jo dugu grebara”.

Bi langileek azaldu dute “hiruzpalau urtean behin” egiten duela Errenteriako Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren lizitazioa. Zerbitzua kudeatuko duen enpresa alda daitekeen arren, langileek ez dute galtzen lana; subrogatu egiten dituzte duela urte batzuetatik. Lizitazioa jada argitaratuta dago: “Demagun urrian esleitzen dutela zerbitzua; hala balitz, enpresa orduan hasiko litzaiguke lan hitzarmen berria aplikatzen”. Langileek epeak luzatzeko beldurra dute, ordea. Inpugnazioren bat edo beste arazoren bat baldin badago, diote agian bi urte ere atzera daitekeela esleipena. “Lehiaketa luzatu edo ez, data bat zehaztua izatea nahi dugu, bai enpresak eta bai udalak hobekuntza horiek aplikatzeko konpromisoa har dezaten”.

Egun duten lan hitzarmena 2019ko abenduaren 31n agortu zen, eta hitzarmen berriaren negoziazioan soldatak %11 igotzea adostu dute. “Zertxobait gehiago eskatzen genuen, baina, gutxi gorabehera, nahi genuena lortu dugu”. Ezintasun iraunkorren arloan dituzten desadostasunak leuntzeko itxaropena ere badute. “Ez dugu uste puntu hori eragozpen handiegia izango denik akordioa lortzeko”.

Bi langileen arabera, udalak jartzen du zerbitzua ordaintzeko dirua. Langile batzordeak, berriz, diru horrekin egin beharreko hobekuntzak proposatzen ditu —bost kide daude batzordean, guztiak ELAkoak—. “Mahaia atonduta izaten du enpresak”. Harekin duten gatazkaren harira, udaleko ordezkariekin ere bildu dira. “Ditugun albisteen arabera, udala eta enpresa harremanetan daude, eta dokumentu bat idazten ari dira. Udalekoek esan ziguten dokumentua nola idatzi begiratzen ari zirela, dena legezkoa izateko eta hitzarmena aplikatzeko bermea izateko”.

Hain zuzen ere, ELAk udalari eskatzen dio herritarren dirua “kalitatezko zerbitzu duina bermatzeko hitzarmena duen enpresa batera” bidera dezala. Valeak eta Mesak, ordea, erantzukizun nagusia enpresarena dela diote. “Urbesaren gisako enpresa batentzat ez da ahalegin handia hitzarmena ezartzeko bermea ematea”.

Langileek beren egoeraren berri emateko mobilizazioak egin dituzte aste honetan, eta gaur ere elkartzekoak dira. 12:00etan; “dantza aldarrikatzailea” egingo dute, Alamedan. Diotenez, beren zerbitzuaren erabiltzaileen eta familien babesa sentitzen dute. “Pandemiaren kontu hau guztia pasatu ostean, erabiltzaileek gehiago baloratzen gaituzte”. Gizartearen aldetik, ordea, ez dute hainbesteko aitortzarik sentitzen.

Gutxi ezagutzen den lana

Desgaitasunen bat dutenak —hala nola, adinekoak— beren etxeetan ahalik eta ondoen egoteko laguntza ematea izaten da etxez etxeko langileen egitekoa. Azaldu dute era guztietako zereginak gauzatzen dituztela: otorduak prestatzea, norberaren garbitasunean laguntzea, etxea garbitzea, medikuarenean tramitazioak egitea eta abar. Sektore feminizatua da. Errenterian, adibidez, 52 langile aritzen dira etxez etxeko laguntza zerbitzuan, eta horietako bakarra da gizonezkoa. Lanaldi zatikatuak izatea ere oso ohikoa da.

Osasun egoeraren eraginez, hilabete gogorrak izan dituztela kontatu dute. “Hasieran, geure burua babesteko materiala lortzeko zailtasunak izan genituen; baliabideak geure kabuz lortu behar izan genituen, baina egun bakar batean ere ez genion utzi lanera joateari”. Iruditzen zaie jende askok ez duela ezagutzen etxez etxeko laguntza zerbitzua, eta gizarte zerbitzuek haren berri eman arte ez dutela jakin ere egiten laguntza hori existitzen denik ere. “Badakite zahar etxeak eta ospitaleak hor daudela, baina norberak edo senideren batek behar izan arte, jendeak ez du jakiten etxez etxeko laguntza zer den”. Alabaina, nabarmendu dute erabiltzaileek asko eskertzen dutela etxez etxeko langileek egiten duten lana.

Leave a Reply

Your email address will not be published.