Pasio dutena jolas bihurtuta

Pasio dutena jolas bihurtuta

Eneritz Maiz Etxarri

Espainiako VII. Gastronomia Lehiaketako finalera sailkatu da Armintz Gorrotxategi Tolosako gozogilea, eta, Jon Gil bizkaitarrarekin batera, EAEko ordezkari gisa ariko da datorren azaroan Gasteizen jokatuko duten txapelketan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako postrerik onena izan da Gorrotxategirena, eta platerik onena Gilena. Espainiako Estatuko hamahiru autonomiatako ordezkariak lehiatuko dira final handian.

Ehun urte baino gehiagoko historia duen gozogile familia bateko laugarren belaunaldiko semea da Armintz Gorrotxategi (Tolosa, 1996). “Txikitatik” gastronomiari lotuta egon dela kontatu du, baina, batik bat, behin batxilergoa bukatu eta Basque Culinary Centerren ikasketak egitea erabaki zuenean murgildu zela sukaldean. Gorrotxategi orduan hasi zen gastronomia “pasio moduan hartzen”.

Ikasketak zehaztean, esan du Basque Culinary Centerrekoa “azken orduan” hartu zuen erabakia izan zela. “Eta bete-betean asmatu nuen”. Ikasketak amaituta, etxeko enpresan ari da orain lanean. Arratsaldeak libre izateak bide ematen dio lantokira joateko eta hainbat errezeta sortzen edota egiten aritzeko; hain zuzen ere, lehiaketara aurkezteko baliatu du denbora tarte hori. “Azken ordura arte gauzak aldatzen edo perfekzionatzen aritu naiz”, adierazi du. “Ia hiru hilabete” pasatu ditu lehiaketara aurkeztu duen postrea prestatzen. Sasoiko produktu bat aukeratu zuen osagai nagusi gisa: gerezia. Eta nahitaez erabili beharreko osagai bat zuen: esne gaina.

ARMINTZ GORROTXATEGI ETA MIRIAM DENDALUZE

Gorrotxategiren txokolate zuridun mousseak gerezien krema bat du barruan, eta baita jogurtarekin eginiko bizkotxo bat ere; horrez gain, arrosekin eginiko gelatina bat eta konpota bat ere baditu lagungarri gisa. Hamar modutara egin daiteke postrea, eta horixe saritu du epaimahaiak.

Gozogileek laguntzaile bat behar izaten dute horrelako postre bat egiteko, eta, kasu honetan, Miriam Dendaluze tolosarra izan du ondoan Gorrotxategik. Dendaluzek lagundu zion sailkapen fasean, eta Gasteizko finalean ere ondoan izango du: “Postrea egiteko modu asko daude, eta Miriam Dendaluzeren laguntzarik gabe ez lidake denborarik emango postre mota guztiak egiteko”.

Koronabirusak erabat baldintzatu du aurtengo lehiaketa. “Gasteizen zen jokatzekoa sailkatze fasea ere, baina bakoitzak etxean egin behar izan du bere platera”, argitu du gozogileak. Behin lanak amaituta, argazkia atera behar izan zioten platerari, eta, era berean, postrea egiteko emandako pauso guztiak eta erabilitako osagai guztiak zerrenda batean jarri behar izan zituzten, neurri guztiak zehaztuta.

Gorrotxategiren errezeta sailkatutakoen artean sartu ondoren, epaimahaikideak Tolosara azaldu ziren, eta postrea dastatzeko aukera izan zuten. Duela bi aste egin zuten sari banaketa, Arabako Pintxo Astearen barruan. “Nire lorpenik garrantzitsuenetako bat da”, ziurtatu du.

Lau orduko lana finalean

Gorrotxategik aitortu du etxetik lan egiteak ez duela finaleko presio bera. Erlojuari begira aritu beharrak eta presio hori sentitzeak “gehiago” eragingo ziola uste zuen, baina argitu du funtsean errezetan idatzitako denborak errealitatearekin bat egin behar duela. “Finalean bai, finalean hasiera bat eta bukaera bat izango da”. Lau ordu izango dituzte postrea egiteko, eta hutsetik hasi beharko dituzte errezeta guztiak.

Finalerako beste postre bat asmatzeko intentzioa duela aurreratu du Gorrotxategik, sailkapeneko errezetan garaiko produktu bat erabili zuelako, batez ere: “Finala azaroan izango denez, beste osagai batzuekin jolastea gustatuko litzaidake”, azaldu du. Nahiz eta oraindik denbora pixka bat badaukan, dagoeneko “burua martxan” daukala onartu du. “Eta gogotsu nago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.