Hasi dira jada Debako zubia desmuntatzen

Hasi dira jada Debako zubia desmuntatzen

Beñat Alberdi

2018ko uztailaren 5ak badauka orri bat Debaren historian. Izan ere, egun horretan behera egin zuen 1866tik herria eta Mutriku batzen dituen zubiak. Zehazki, erdiko pilarearen zimenduak hondoratu ziren, metro bete inguru, eta ondoko gangak deformatu egin ziren. Garai bateko zubiari metalezko zubi gorri bat jarri zioten gainean, eta, oraingoz, sostengurako piezak egiten ditu bi herrien arteko konexio lanak. Aste honetan hasi dira behin-behineko egitura hori desmuntatzen. Garai batekora itzultzea da helburua, eta lanak hurrengo urtearen hasieran bukatzea espero dute.

2018ko uztailaren 5ean, debarren artean azkar zabaldu zen zubiak behera egina zuela. Sakelakoarekin ateratako argazkiak ere zabaldu zituzten, baina bazen fotomuntatze bat zela uste zuenik ere. 1866an eraiki zuten Antonio Kortazarrek diseinatutako zubia. “Aldaketa izan zen Deba eta Mutrikuren arteko komunikazioan”, azaldu du Josu Marotok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoko arkitektoak. “Mutrikun bizi diren batzuek, nahiz eta mutrikuarrak izan, Deban egiten dute eguneroko bizitza, zubi horri esker”.

Zubia eraiki berritan, altxatzen zen zati bat ere bazeukan, ibaian gora eta behera zebiltzan ontziei bidea errazteko. Gerora, ordea, oinezkoentzako bide bilakatu zen. Babestuta dago egun, Donejakue bidea bertatik pasatzen delako, eta EAEko Kultur Ondarearen Erregistroaren barruan dagoelako, Gipuzkoako harrizko zubien zerrendan. Historikoki zubiek duten garrantzia nabarmendu du arkitektoak: “Gure arkitekturaren, historiaren eta kulturaren parte dira zubiak. Ingeniaritza obra garrantzitsuak eta herriak batzeko tresnak dira; mantendu egin behar dira”.

Beherakadaren arrazoien bila

XIX. mendean eraikitakoa da zubia, eta 150 urte betetzeko bidean da jada. Baina hondoratzearen arrazoia ez da izan egindako lanaren kalitate falta edo eurite gogorren bat, Teredo navalis moluskua baizik. Pilareen zimenduak egurrezkoak dauzka zubiak, eta zura jaten du moluskuak. Animalia hori ez da egoten edozein habitatetan: ur gaziaren eta gezaren arteko nahasketa behar du, eta egurrezko zimenduak ezin dira hondarretan izan. Deba eta Mutriku arteko bideak bete-betean betetzen ditu baldintza horiek.

Errepide izateari utzi zionetik, berez, udalena da eraikina, baina bi udalek aldundira jo zuten, handi samarra delako lanen gastua. “Hasieran aholkua eskatu ziguten”, gaineratu du Iñaki Jaimek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bideen, Kanalen eta Portuen ingeniariak.

Hasieran, ez zekiten zubiak behera zergatik egin zuen ere, eta urpekariak behar izan zituzten kasua ikertzeko. Moluskuek janda zeukaten zutabeen metro bat inguru. “Teredoaren kasuak aipatzen dira liburuetan, baina orain ez dira jartzen egurrezko zimenduak”, esan du ingeniariak.

Jaimek azaldu duenez, zubiak oinarri egonkor bat bilatu nahian egin zuen behera, zeukan hutsunea betetzeko. “Puntu egonkorra aurkitua zuen, baina egonkortasun hori ez zen finkoa”. Horren jakitun hasi zituzten egonkortze lanak.

Lehenik eta behin, ondo zeuden zutabeetan altzairuzko tutuak sartu eta morteroz bete zituzten. Egun zubi lanak egiten dituen metalezko tramankulu gorria jartzea izan zen hurrengo lana. Berez, abiadura handiko trenen zubiak eraikitzeko erabiltzen zuten aurretik; orain, ordea, badauka beste lan bat: ezbeharrak eraginda dauden gangen azpian xaflak jarri dituzte, eta xaflak lotuta daude metalezko artefaktura. Sistema horrekin, zubiak berriro behera egingo balu ere, zutik mantenduko litzateke. Eta oinezkoen pasabidea mantentzeko ere balio du, noski. “Hasieratik gure helburua zen zubiak lehendik zeuzkan zerbitzuak mantentzea”, zehaztu du Jaimek.

Zubiaren iraupena eta oinarrizko zerbitzuak bermatuta, desmuntatzeari ekin diote orain. Harriz harri deseraikiko dute, eta banan-banan aztertuko dute bakoitzaren egoera zein den, ahal izanez gero harri horiek berrerabiltzea baita helburua. “Harri asko erabiliko ditugu zubia berriz eraikitzeko, eta orain artekoen berdina izango da horien posizioa”. Harriak ordezkatu behar badituzte, neurriak hartu eta Lasturko (Deba) harrobitik lortuko dituzte, zubia bera inguruko kareharriekin eraikita dago eta.

Garai baterako itzulera

XIX. mendean egindako lana berreraikitzeak badauka bestelako erronka bat ere. Izan ere, galduta dago horrelako zubiak eraikitzeko jakituria. “Aspaldian ez da egiten horrelako lanik”, esan du Jaime ingeniariak. “Gauzak ondo pentsatu eta probatu behar ditugu egin aurretik. Maketak, adibidez, balio izan digu proba modura”. Langileentzako ere bada erronka, aurrez inork ez baitu eraiki zubirik modu horretan.

2022. urtearen hasierarako espero dute zubia berritzeko lanak bukatzea. Bien bitartean, erakusketa bat prestatu dute zubiaren Debako aldean. Eraikinaren historia eta Antonio Kortazarrena batu dituzte, besteak beste; baita jasandakoaren arrazoia zein izan den, zubia eror ez zedin zer egin duten, eta hurrengo pausoak zein izango diren zehaztu ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.