Iñigo Legorburu: “Lehiaketaren eztena behar dut idazteko”

Iñigo Legorburu: “Lehiaketaren eztena behar dut idazteko”

Miren Garate

Bertsopaper sariketetan parte hartzen hasi zen Iñigo Legorburu (Errenteria, 1976) orain dela hogei urte inguru, eta beste zenbait arlotara ere aurkezten ditu lanak gaur egun; hala nola, ipuin, poesia, biografia labur eta aforismo lehiaketetara. 106 sari irabazi ditu jada. Behin edo behin lan luzeren bat egin izan duen arren, laburretan sentitzen da erosoen: “Esprintertzat daukat neure burua”.

Gogoan al duzu irabazitako lehen saria?

Bai, 2000. urtean izan zen, Egian [Donostia]. Bertsopaper lehiaketa antolatu zuten bi urtean jarraian; bietan bigarren saria lortu nuen, eta Julen Zelaieta izan zen irabazlea. Horrelaxe kateatu nintzen lehiaketetara.

Eta azkena?

Aurreko astean bi sariren berri izan nuen. Donostiako Tecnun unibertsitateak ipuin lehiaketa bat antolatu du, eta aipamen berezia lortu dut. Beste saria bertsopaperetan izan da, baina antolatzaileek oraindik ez dute publiko egin.

Bertso jarriekin hasi zinen, baina beste arlo batzuetan ere irabazi dituzu sariak.

Egungo bizimoduarekin, presazko bizimodu honekin, uste dut bertsoa ere badela nahiko azkar kontsumitzen den zeozer, barneratzen nahiko erraza dela. Prosa egitea ere gustatzen zait, baina gauza motzak: esprintertzat daukat neure burua. Behin edo behin egin izan dut lan luzeren bat, baina hamar orritik gorakoetan ez dut ikusten neure burua.

Nola trebatu izan zara?

Berandu hasi nintzen bertso munduan: 18-20 urterekin eman nuen izena Errenteriako Xenpelar bertso eskolan, eta bertso jarri dezente egindakoa naiz. Orain ez naiz joaten bertso eskolara, baina bertso epailea naiz. 2007tik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa guztietan izan naiz epaile, eta sariketa batzuetatik ere deitzen didate. Bertsoarekiko harremana ez dut sekula eten.

Bat-bateko bertsolaritza probatzera animatu al zara inoiz?

Bere garaian probatu nuen bertso eskola barruan, baina ikusi nuen ez nintzela oso ona inprobisatzen. Inolako traumarik gabe erabaki nuen hori ez nuela egingo, baina bertsoak idazten eta bertsoaren periferia horretaz gozatzen jarraituko nuela.

Eta nolatan hasi zinen ipuinak, aforismoak eta halakoak idazten?

Lehiaketaren eztena-edo behar izaten dut nik idazteko: ez zait sekula ateratzen “aforismo batzuk idazten hasiko naiz”, edo “poesia lan bat egingo dut”. Zer lehiaketa dagoen antolatuta jakin behar izaten dut lehenago, zer egunetarako den, eta horrela hasten naiz. Hortik aurrera, nahiko metodikoa naiz: egunero saiatzen naiz ordu erdi bat hartu eta egunean zehar buruan eduki ditudan ideiak orri batera eramaten.

Lehiaketa berberetara aurkezten al zara beti?

Errutina moduko bat hartua dut, eta urtero antzeko lehiaketetan parte hartzen dut, nahiz eta beti egoten den lehiaketa berriren bat. Interneteko atari batzuk badaude, eta, nire profilarekin bat datorren lehiaketa berriren bat ikusiz gero, aurkeztu egiten naiz.

Zer joera ikusten duzu lehiaketetan? Gainbehera edo susperraldiren bat ba al dago?

Bertsopaper lehiaketa klasikoak daude: Lazkao Txiki, Zapirain Anaiak, Basarri…, baina beste batzuk ez dira hain ezagunak, berriak direlako. Bertsopaperekin daukagun arazo nagusia da haien funtzioa; hau da, Txirritaren eta Bilintxen garaietan informatzeko funtzioa zuten, baina gaur egun, ez. Pena ematen du, baina lehiaketetara aurkeztu sorta bat, sarituko dute edo ez dute sarituko, eta hortxe geratzen dira bertso horiek: zabalkunderik ez dute. Uste dut bertso munduan badabilela gaia, horri zer irteera eman-edo ikusten ari direla.

Beste arlo batzuetako sariek zabalkunde handiagoa izaten al dute?

Ez, normalean apaletan geratzen dira saritutako lanak. Lehiaketa udalen batek antolatutakoa-edo bada, liburuxkaren bat-edo argitaratzen dute batzuek, baina hori ez da izaten ohikoena.

Eta zer bilakaera egon da sarietan?

Uste dut herri mailan parte hartzen dugunok ez dugula parte hatzen sariengatik, baina bai ikusten da sariak ez direla eguneratu: orain hamabost urte 500 euroko saria zena, oraindik 500ekoa da.

Zerk motibatzen zaitu zu?

Gaur egun dugun bizi erritmo azkarrean, luxutzat daukat egunero ordu erdi bat hartzea paperaren aurrean jarri eta neure buruarekin egoteko. Idatzizko yoga bat da niretzat. Eta egiten dudana jendeari gustatzea, hori da benetako saria. Pretentsio askorik gabe idazten dut, baina goi mailako idazle bat izan gabe, munduan egoteko era bat ere bada hau niretzat.

Zer gairi buruz idaztea gustatzen zaizu?

Gai sozialak asko gustatzen zaizkit, baina errespetua ere ematen didate: gai sozial bat panfleto antzeko zerbait bihur daiteke, eta saiatzen naiz sententzia handirik ez ematen. Eta nitasunetik idatzi behar badut, ipuinak eta bertsopaperak baino gehiago, poesia lan bat aukeratzen dut.

Ba al dago ilusio berezia egingo lizukeen saririk?

2004an bigarren saria lortu nuen Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan, eta aurreneko saria eta hirugarrena hutsik geratu ziren. Harrezkero, beti hartu izan dut parte sariketa horretan, eta sei edo zazpi sari lortu ditut, baina beti bigarrenak edo hirugarrenak, sekula ez dut irabazi. Zaila izango den arren, ea noizbait lotzen dudan irabaztea. Indartsu datoz belaunaldi berriak.

Gero eta zailagoa al da sariak irabaztea?

Mundu txiki bat da hau ere, eta konstantzia bat daukagun dezente aurkezten gara lehiaketetara. Azkenean, lehiaketa hauen aitzakian jende asko ezagutzeko aukera izan dut, bai parte hartzaileak, bai antolatzaileak, eta gure artean ere hartu-eman bat sortzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.