Istorioetatik historiara

Istorioetatik historiara

Jon Miranda

Irurako Udaleko Berdintasun Sailak ikerketa beka bat atera zuen apirilean, herriko emakumeek historian jokatu duten rolaz datu berriak argitaratzeko eta ezagunak diren datuetan sakontzeko. Nerea Maiz Loitegik (Irura, 2000) eta Amaia Altuna Etxabek (Hernani, 2000) irabazi dute beka, eta Irurako emakumeek orain arte arlo publikoan eta pribatuan egin duten ekarpena ikertuko dute. Emaitzak oinarri hartuta, Irurako ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat material didaktikoa prestatuko dute bekaren irabazleek.

Pedagogiako gradua egiten ari dira Maiz eta Altuna, EHUn. “Gogoz, ilusioz eta ardura handiz” hartu dute ikerketa beka, eta dagoeneko hasi dira lantzen. “Identifikazio fasean gaude; sektore ezberdinetan esangura izan duten emakumeen zerrenda osatzen ari gara une honetan”, esan du Maizek. Kirol arloan, industrian, udalgintzan, lehen sektorean, merkataritzan, joskintzan edota feminismoan nabarmendu diren emakumeen zerrenda osatu dute. “Hasiera batean, berrogei bat emakume identifikatu ditugu, baina badakigu kopurua handitu egingo dela ikerketak aurrera egin ahala”, aitortu du Altunak.

Abendura arteko lana

Mende askoan, “historia ofizialean”, emakumeak “baztertuta” egon direla iritzi dio Noelia Lataburu Irurako Udaleko Berdintasun zinegotziak, eta ikerketa bekarekin emakume horiek arlo kulturalean, sozialean, ekonomikoan eta politikoan egin duten ekarpena berreskuratu eta ezagutarazi nahi dute. Sei hilabete izango dituzte Maizek eta Altunak lanerako, eta abenduaren 15ean aurkeztu beharko dute behin betiko dokumentua, udaletxean. 4.000 euro jasoko dituzte ikerketa garatzeko.

Kronograma zehaztua dutela nabarmendu du Maizek: “Irailera arte luzatuko dugu identifikazio fasea, eta, ondoren, elkarrizketa sakonak egingo ditugu identifikatutako emakume horiekin. Haiek kontatutakoarekin memoria bat osatu, eta, lana amaitzeko, unitate didaktiko bat sortuko dugu”. Maizek berak ez du gogoan Irurako ikastolako ikasle garaian herriko emakumeen erreferentziak jaso izana: “Lanketa politak egin izan dira hainbat belaunalditako pertsonak eskolara ekarrita, baina orain arte herrian inoiz ez da ezer landu izan emakumeek herrian egin duten ekarpenaren inguruan. Isilean geratu izan da lan hori, eta bistaratzeko garaia dela uste dugu”.

Bat dator Altuna, eta azpimarratu du emakumeek urteetan egin dituzten lanak “ezkutuan” geratu izan direla: “Zaintzaren arloari, esate baterako, orain arte ez zaio egin aitortzarik. Hemen, hezkuntza formalean, adibidez, emakumeak erreferente izan dira ikastolaren sorreran, eta arlo hori aztertu nahiko genuke, bereziki”. Bi ikertzaileek mamia izan dezaketen beste bilgune batzuk ere identifikatu dituzte jada herrian: garbitokia eta garai bateko paper fabrika, adibidez.

“Zoritxarrez, protagonista asko jada ez daude gure artean, baina haien senideekin bilduko gara emakume horien ekarpenak jasotzeko”, esan du Altunak. Emakumeak izen-abizenekin bildu nahi dituzte ikerketan, eta haiek egindakoak gogoratu: “Bada garaia emakumeak hizki larriz historiara pasatu daitezen; ziur gaude istorio asko dauzkatela kontatzeko”, zehaztu du. “Aitortza egiteaz gain, justizia eta erreparazioa ere nahi ditugu lan honekin. Orain arte, gizonek idatzi dute historia, eta gizon erreferenteak baino ez dira agertu testuliburuetan. Ikuspegia zabaltzeko garaia da”.

Irurako belaunaldi berriek euren herriaren inguruko “ikuspegi aberatsagoa” izango dute bi ikerlarien material didaktikoari esker. “Modu erakargarrian egin nahi dugu, motibagarria izan dadin; irudiak eta argazkiak baliatuko ditugu horretarako”. Abendurako prest izatea espero dute, eta 2022an Irurako ikastolako LHko ikasleek landu ahal izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.